Korrontzi folk taldeak proiektu berri bat aurkeztu du: Korrontzi dantzan. Hori Euskal Herriko dantza talde guztiei dago zuzenduta eta dantzariek folk taldearen abestietan oinarritutako koreografiak ikastea du helburu, elkarlan hori eszenatokietara eramateko.
Proiektuaren abiapuntua Agus Barandiaran Korrontzi taldearen trikitilaria eta abeslariak azaldu digu. Taldeak Getxo zuzeneko diskoa grabatu zuen 2008. urtean, Getxoko Folk Jaialdian, eta hainbat artista gonbidatu zituzten han parte hartzera. Artista horien artean Kukai dantza taldeko Maya anaiak izan ziren, eszenatokian abesti bi dantzatu zituztenak. Hala hasi zen Korrontzi bere ikuskizunetan musika eta dantza uztartzen. Hurrengo urtean, kontzertua eskaini zuten Billabonan eta Oinkari hango dantza taldeak hiru dantza prestatu zituen emanaldi horretarako. Korrontzi eta Oinkari taldearen arteko loturaren hasiera izan zen. Dantzariek folk taldearen abestietan oinarritutako 15 koreografia inguru prestatu dituzte eta horiek mundu osoko eszenatokietara eraman dituzte elkarlanean. Dantza tradizionalak oinarritzat dituzten dantza berriak edo garaikideak dira. “Deia asko jaso ditugu dantza taldeetatik, dantza horiek non ikasi ahal zituzten galdetuz. Korrontzi dantzan proiektua eskaera horri erantzuna da”, esan digu Barandiaranek.
Ikuskizunak
Proiektuan parte hartzeko izena ematea zabalik dago eta interesa dutenak korrontzi@gmail.com helbide elektronikoaren bidez jarri ahal dira egitasmoaren arduradunekin harremanetan . “Hogeita bost talde aukeratuko dira eta Oinkari taldeko dantzariak zein Korrontzi taldeko musikariok haien entsegu-lokaletara joango gara koreografiak irakastera. Entseguek udazkenera arte iraungo dute eta ostean, dantza talde bakoitzarekin batera ikuskizun bat eskainiko dugu talde horren herrian. Proiektuari amaiera emateko, emanaldi potolo bat egin nahi dugu, talde guztiak eszenatoki handi batean elkartuz eta jai erraldoi bat eginez”. Horrezaz gainera, liburu-DVD bat ateratzeko asmoa dute Durangoko Azokarako.
Dagoeneko, 10 talde inguruk adierazi dute Korrontzi dantzan egitasmoan parte hartzeko interesa; Laiomendi Derioko dantza taldea, tartean. “Oso proiektu hunkigarria da guretzat. Izan ere, profesionalekin lan egiteko ohitura dugu, eta zure abestiak profesionalak ez diren dantzari gazteak zein helduak dantzatzen ikustea oso polita da benetan, eta pozgarria”.