Hautsak astinduz!

Eder Merino, irakaslea 2016ko abe. 19a, 10:51

Ikasturte hasierako uneak nerbioz be­terikoak izaten dira bai ikasleentzat eta baita irakasleontzat ere; aurten, au­rrebaluaketak egitean, horrelako eran­tzuna eman zidan ikasle batek ikasketak zein eredutan eginak zituen galdetu nionean: “Eskola normal batean, euskara ikasgai hutsa baino ez den eskola batean”, esan zidan gaztelania perfektu batekin eta barre algara artean. 

Horrela gordin-gordinik eta goizeko zortzi eta erdietan. Aho-zabalik geratu nintzen, arrotz sentiarazi ninduen nire etxean. Aurretiaz esandakoa gutxi zelakoan, jarraitu egin zuen eta, mesedez, euskarazko fitxak bere apalera bueltatzeko eta ingelesa irakasteko eskatu zidan, berak nahiago zuela baliagarria izango zaion hizkuntza ikasi. Jarraian, eta odolak irakiten zidan bitartean, bi irtenbide planteatu nizkion nire buruari, eztanda egin edo iritzi artikulu bat idatzi, eta, zorionez bi­garren aukera hautatu nuen. Nola uler daiteke bertako hizkuntza gorrotatuz atzerriko beste bat ikasteko gri­na izatea? Nola egin ditzake nerabe ba­tek horrelako loturak? Argi dago herentziaz jasotako ideia dela, baina hain da gordina, hain gogorra gorrotoz bizitzea zure parte ere baden zerbaitekin. Bes­talde, eta politikari kutreek kaleratutako ge­zurrez beteriko spotez gain, Eusko Jaurlaritzan telefonoz, sarritan, “Egun on” bati “Buenos días” batekin erantzun eta “hablemosencastellanoporfavor” jarraitzen dutenean ez di­ote mesederik egiten ez hizkuntzari, ezta be­ren hizkuntza izanda ere eurena sentitzen ez duten horiei ere. Hemen irakasle bezala aritzeko derrigorrean eskatzen dute atzerriko hizkuntza bat menperatzea; bi­tar­tean, hainbat erakunde publikotan elebakartasuna justifikatzen da. Horrelako di­kotomiekin zaila da askoren pentsaera al­datzea, baina horretan dihardugu… Zorionez beste aldean, ezagutu ditut Dakarren jaiotako euskaldunak, Indian eus­kara maitatzen ikasi dutenak, Maro­kon euskara ikasi nahi dutenak, Extre­madu­ratik eta Kataluniatik bidalitako hizkuntzarekiko maitasun mezuak eta horrelako bes­te hamaikatxo adibide… Baliteke gordintasunek gogor kolpatzea eta, askok hizkuntza kateatu, gutxietsi eta zokoratu nahi izatea, baina egunero gabiltza lanean de­mostratzeko euskaraz kalitatezko hezkuntza eskaini ahal dela, fisika kuantikoko doktoretza eskuratu, bidaiatu edo txortan gozo baino gozoago egin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).