Horrela gordin-gordinik eta goizeko zortzi eta erdietan. Aho-zabalik geratu nintzen, arrotz sentiarazi ninduen nire etxean. Aurretiaz esandakoa gutxi zelakoan, jarraitu egin zuen eta, mesedez, euskarazko fitxak bere apalera bueltatzeko eta ingelesa irakasteko eskatu zidan, berak nahiago zuela baliagarria izango zaion hizkuntza ikasi. Jarraian, eta odolak irakiten zidan bitartean, bi irtenbide planteatu nizkion nire buruari, eztanda egin edo iritzi artikulu bat idatzi, eta, zorionez bigarren aukera hautatu nuen. Nola uler daiteke bertako hizkuntza gorrotatuz atzerriko beste bat ikasteko grina izatea? Nola egin ditzake nerabe batek horrelako loturak? Argi dago herentziaz jasotako ideia dela, baina hain da gordina, hain gogorra gorrotoz bizitzea zure parte ere baden zerbaitekin. Bestalde, eta politikari kutreek kaleratutako gezurrez beteriko spotez gain, Eusko Jaurlaritzan telefonoz, sarritan, “Egun on” bati “Buenos días” batekin erantzun eta “hablemosencastellanoporfavor” jarraitzen dutenean ez diote mesederik egiten ez hizkuntzari, ezta beren hizkuntza izanda ere eurena sentitzen ez duten horiei ere. Hemen irakasle bezala aritzeko derrigorrean eskatzen dute atzerriko hizkuntza bat menperatzea; bitartean, hainbat erakunde publikotan elebakartasuna justifikatzen da. Horrelako dikotomiekin zaila da askoren pentsaera aldatzea, baina horretan dihardugu… Zorionez beste aldean, ezagutu ditut Dakarren jaiotako euskaldunak, Indian euskara maitatzen ikasi dutenak, Marokon euskara ikasi nahi dutenak, Extremaduratik eta Kataluniatik bidalitako hizkuntzarekiko maitasun mezuak eta horrelako beste hamaikatxo adibide… Baliteke gordintasunek gogor kolpatzea eta, askok hizkuntza kateatu, gutxietsi eta zokoratu nahi izatea, baina egunero gabiltza lanean demostratzeko euskaraz kalitatezko hezkuntza eskaini ahal dela, fisika kuantikoko doktoretza eskuratu, bidaiatu edo txortan gozo baino gozoago egin.