Baratz komunitarioen erremedioa

Aikor aldizkaria 2017ko urt. 9a, 14:45

Duela hiru urte, Derioko Seminarioak atzekaldeko futbol zelai bat alokatu zion Cáritas GKEari. Gobernuz kanpoko erakundekoek AlkarLANda ekimenaren izen bereko proiektuari hasiera eman zieten bertan, lanbide sozial eta solidarioaren inguruko ikuspegi integraladun proiektua, nekazaritza esparrukoa. Helburu nagusia ahultasun egoeran dauden pertsonei aukerak ematea da, aktibitate fisikoa eta psikologikoaz, perfil profesionala eta gaitasun mentalak landuz.

Egunero, 09:00etatik 13:00etara 10 pertsonako lantaldea ikusi daiteke lurra lantzen, haziak landatzen eta baratzeko lanak egiten seminario atzean. Eszena xelebrea da, nekazari horiek indabak, espinakak, marrubiak eta kuiatxoak batzen dituztelako futbol aulkien artean.  “Zoramena izan zen hasieran”, azaldu du Joxi Senosiainek, Cáritaseko baratzezaintza monitoreak: “Bertan behera utzitako futbol zelai erdia utzi ziguten, eta lurra lantzen hasi ginenean are lodi piloarekin egin genuen topo, landatzeko makina bat arazo eman ziguna”. Monitoreak ez du erraz ahaztuko zer nolakoa izan zen hasierako egoera: “Bertan ez zegoen landatzerik. Hasieran lanak eman zituen lurrak, eta barazkiak oso txikiak izan arren, gaur egun lurra astiro-astiro egonkortu da eta emaitzak askoz hobeak dira”.

AlkarLANda proiektuaren helburua bikoitza da: alde batetik, lan trebakuntza eta esperientzia eskaintzea bertan parte hartzen duten pertsonei: “Gure helburua ahultasun egoeran dauden pertsonei aukerak sortzea da, landa esparruan kasu honetan”, azaldu du Alicia Susok, AlkarLANda ekimenetik. “Beste alde batetik, formakuntza horren barne pertsona hauen jarrera eta emozioak bideratzen ditugu. Frustazioa dela eta, langabetu askok itxaropena galdu eta etsi egiten dute. Gure asmoa horiek lanpetuta mantentzea da, bai formakuntzaren, bai lan esperientziaren bitartez”, argitu du Senosiainek.

 Edonori zuzendutako proiektua izan arren, gizonezkoak ikus daitezke lanean batez ere: “Emakumeak ekartzea kostatzen zaigu. Oso gutxi igaro dira bertatik; etxe barruko lanak burutzeko neska ugari daude prest, baina baratzean lan egiteko gutxi”, adierazi du Susok. Pertsona bakoitzak urtebeteko egonaldia egiten du bertan. Ez dago talde finkorik, pertsonak joan etorri egiten direlako. Jatorri eta adinarei dagokionez, bertara datozen langileen perfila anitza izan ohi da: Euskal Herritarrak, Estatu mailakoak eta atzerrikoak izan ohi dira, 20 - 45 urte bitartekoak. Egun hauetan Portugaleteko Luis Escudero, Bilboko José Miguel Somavilla eta Maliko Djanguina Soumare daude baratzean jo eta su: “Gaur hiru baino ez gaude hemen, gainontzeko zazpiak Gatikako baserri batera eraman dituztelako mantentze lanak egiten”, azaldu du Somavillak. “Langabezian egonda, egin daitekeen azken gauza inaktibitatean egotea da”, azaldu du Joxik. José Miguelen kasuan, proiektuan parte hartzeaz gain, ortu propioa eskuratu du Derion, eta AlkarLANdako erremintez baliatuz mantentzen du.

Prestakuntzaren bidez perfil profesionala sortzen dute partaideek: “Hala ere, bizi garen gizarte honetan mesfidantza nagusi da eta, askotan, etorkina edota ezezaguna izateak trabak jartzen dizkie AlkarLANdakoei”, Adierazi du Aliciak. Hala ere, badira baratzera hurbiltzen diren partikularrak, euren lursailetan mantentze lanak egiteko pertsonak bilatzen dituztenak.

“Udaberria eta uda dira bertan lan egiteko garai aproposenak”, azaldu du Joxik. “Ortua kolorez jantzita egoteaz gain, askotariko lanak egin daitezke bertan”. Pasa den urtean bigarren eskuko negutegi bi erosi, konpondu eta jarri zituzten euren kabuz bertan: “Horrela, neguan zehar azelgak, kuiatxoak eta bestelakoak hazten jarraitzen dugu”, azaldu du baratzezaintza monitoreak.

Etekinen zati bat autokontsumorako izan ohi da, eta bestea Cáritas-eko Lapiko Catering enpresari dohaintzan ematen zaio. AlkarLANda proiektuak arrakasta izan arren, etorkizunera begira zenbait helburu dauzka. Horien artean, garrantzitsuenak bi dira: lehena, proiektutik irteten diren pertsonei landugabeko lursailetan lan egiteko aukera ematea. Bigarrena, baratz komunitario hauen fenomenoa zazpi haizetara zabaltzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).