“Gizartea ezin da ulertu zientziarik gabe”

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 2a, 11:20

Juan Ignacio Pérez l Zientzia kulturaren katedrako zu­zen­daria

Juan Ignacio Pérez Kultura Zientzia katedrako Zuzendaria Baserri Antzokian izan zen martxoaren 27an "Korrika Egiteko Jaioak" izeneko hitzaldia emateko. Zientzia dibulgatzaileak gizakiok korrika egiteko gaitasun anatomiko eta fisiologikoez aritu zen, eta baita ahalmen honen jatorriaz. Horrez gain, zientzia ezagutzak gure eguneroko bizitzan eta gizartean duen berebiziko garrantziaz mintzatu zitzaigun.

Noiz sortu zitzaizun zientziarekiko grina?

Institutuan, batxilergoan nenbilela. Historia eta zientziaren artean duda-mudatan ibili nintzen, eta azkenean zientziaren adarra aukeratu nuen. Aurrerago, Fisika edo Biologiaren dilema izan nuen, eta Biologia izan zen nire erabakia. Ezagutza osoa interesgarria iruditzen zait. Dagoeneko, Filosofia Epistemologikoa, Historia eta Etikari buruzko liburuak irakurtzea gustuko dut.

Zer nolako hitzaldia eskaini duzu Baserri Antzokian?

Gizakiok dugun korrika egiteko ahalmenari buruzkoa. Korrika egitea zertan datzan azaldu dut, bai anatomiko, bai fisiologikoki eta baita nondik datorkigun ahalmen hori, uste baino handiagoa baita. 

Nolako garrantzia ematen dio gizarteak hezkuntza eta zientziari gaur egun?

Oso gutxi (barreak). Iritzi ezkorra daukat honen inguruan, baina hau norberaren iritzia da. Duela aste batzuk hezkuntzan egiten diren frogei buruzko jardunaldi batzuetan egon nintzen. Frogak, eta ez probak. Hezkuntzari buruz esaten denaz ditugun frogei buruzkoa izan zen.  Hezkuntzari buruz gauza asko esaten dira, baina gehienak funtsik gabekoak. Jardunaldi hauetan Gregorio Luri aditua egon zen, eta bere ustez gizartean kezka handia dago hezkuntzaren esparruan, baina gaur egungo hezkuntza osasuntsu dabilela esaten du. Ziurrenik, bere ikuspegia nirea baino objektiboagoa izango da, urrunetik ikusten duelako egoera. Nik ordea, ez. Hala ere, aitortzen dut nire iritzia inpresio bat baino ez dela.

Inpresio hau azaltzeko daturik baduzu?

Badakit zein ordura arte geratzen diren haurrak telebista aurrean, eta nire ustez gurasoek ez diete behar bezalako garrantzirik ematen biharamuneko klaseei, esaterako. Hezkuntzaren munduan lan egiten duten ezagun asko dauzkat eta gurasoen jokabideak kontatzen dizkidate. Sekulakoak, batzuk.

Zein izan daiteke arrazoi nagusia?

Gizartearen akatsik handiena erantzukizun falta da, norberaren erantzukizun falta. Arazoak beste bati leporatzen dizkiogu, norberak aurre egin beharrean, eta orduan errua hitza jokoan sartzen da.

Orduan?

Errua norena den pentsatu beharrean, zergatik ez dugu erantzukizunean pentsatzen? Errua hitza debekatuta dago etxean. Ez dago errurik, arazoa konpon dezagun!

Zer nolako eragina dauka zientziak gure eguneroko bizitzan?

Izugarria. Gure gizartea ezin da ulertu zientziarik gabe. Kalkulu diferentzialik gabe, gaur egungo aurrerapenak ezinezkoak lirateke: ez kotxerik, ez energiarik, ez eraikuntzarik… osasunaren alorrean, txertorik edo antibiotikorik gabeko mundua ezin izango litzateke ulertu. Egunero norbait hilko litzateke (edo oso txarto bizi). Ur edangarriaren esparruan ere, zientziaren rola berebizikoa da: hirugarren munduko heriotza kausarik ohikoena ur edangarria ez izatearena da, eta zientzia  horretan dabil.

Etxean ere mesede egin digu zientziak historian.

Zientziak elektroiak etxekotu ditu. XIX. mendeko Michael Faraday eta James Clerk Maxwell fisikoei esker, posible da hau gaur egun. Garai batean, etxeetako leihoak opakuak ziren, eta iluntzean, afaldu, leihoak itxi eta lo egitera zihoan jendea. Kandelak asmatu zirenean irakurzaletasuna jaio zen. Gaur egun, elektrizitatea merkea da eta horri esker argia, beroa eta askotariko elektrotresnak dauzkagu. Zer esanik ez telekomunikazioen inguruan.

Gaur egun, zientziaz hitz egitean, matematika, biologia… bezalako modalitateak datozkigu burura. Gainontzekoak alboratuta daude?

Zientzia eta ezagutza oro har bereiztekotan, zientzia fidagarria dela esan daiteke: enpirikoa, objektiboa eta metagarria (frogen bitarteko ezagutzak metatzen dira). Gainontzeko ezagutzak ere baliogarriak dira, baina artea, literatura… ez dira objektiboak ezta unibertsalak ere. Hala ere, bai zientzia,  bai ezagutza, erabilgarriak dira eta ez dut gustuko inolako bereizketarik egitea. Ezagutza guztiak dira baliogarriak.

Zientzia kulturaren katedrako zuzendaria zara. Zein da helburu nagusia?

Gizartean zientzia kultura sustatu eta gizarteratzea. Zientzia kulturaren eragile nagusia hezkuntza sistema da. Gero eta gauza gehiago dakizkigu, eta uste dugu hau gizarteari transmititzea garrantzitsua dela. Horixe da gure betebeharra.

Zelakoa da Katedra hau?

Euskeraz eduki gehien produzitzen duen katedra da. Egunero zientzia artikulu bat argitaratzen dugu, eta hori ez du beste inork egiten. Gainera, euskaraz gain, gaztelaniaz eta inglesez ere argitaratzen dugu, den-dena argitalpen digitalen bitartez. Hitzaldi zikloak antolatzen ditugu, ekitaldi erraldoiak. Azken bi urteotan unibertsitate aurreko ikasleengan zientziaz jabetzeko, lehiaketen bidez: bideoak, kristalizazio lehiaketak, monologo zientifikoen lehiaketak...

Zelakoa da zientzia kulturaren zuzendariaren lana?

Orkestra zuzendari lanak egiten ditut, antolaketa lanak. Horrez gain, 15 egunero artikulu pare bat ere idazten ditut. Lan honen gauzarik onena ezagutu dudan jende interesgarria da: Coruñan, Santiagon, Salamancan, Cordoban, Murtzian, Madrilen, Iruñean...

Zer nolako iritzia duzu BAN Zientzia bezalako ekimenei buruz?

Oso gauza polita eta interesgarria dela uste dut. Ekitaldi asko Bilbon egiten dira, eta nire ustez, era honetako ekimenak Bilbotik kanpora eraman beharko lirateke.

Zein da zure jarrera internet eta teknologia berrien inguruan?

Ez naiz gailu berrien fanatikoa, ordenagailu eramangarria eta mobilarekin aski daukat. Internet ezinbestez erabili beharreko tresna da, komunikazioen alorrean bereziki. Interneten ez dagoen ezer ez da existitzen, baina tentuz jokatu behar da esparru horretan. Bitartekaritza eraginkorrak desagertu dira eta alde onez gain (edonor da informazioaren jabe), erraztasuna dago gezurrak, mitoak, uste okerrak eta alternative facts deritzotenak zabaltzeko. Garapen honen hasieran egonik, uste oker hauek faltsu gisa sailkatzeko moduren bat topatu beharko genuke, Wikipediak Daily Mailekin egin duen bezalaxe: dagoeneko, plataformak ez ditu komunikabidearen estekak onartzen. Konfidantza zirkuituak sortu behar ditugu, iritziaren alorrean edozerk balio dezakeelako, baina errealitateaz ari garenean, ez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).