Derioko jaiak, umeei begira

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 10a, 10:04

Aurten, maiatzaren 12tik 15era bitartean ospatuko dira San Isidro jaiak. Pregoilariak Nahaste-Borraste taldekoak izango dira. Jai-batzordeak omenaldia egin nahi izan die 1980tik 2000ra bitartean herriko gazteentzako aisialdia antolatu zuten lagunei. 

Aurtengo jaiak bereziki umeei daude zuzenduta, maiatzaren 15a jai-eguna delako. Beraz, egun osoan zehar gaztetxoei zuzendutako ekintzak antolatuko dira: puzgarriak, marrazki lehiaketa, txokolatada, buruhandiak… Kontzertuei dagokienez, estilo anitzeko taldeak arituko dira Derion: punk-rock, ska, cumbia-reggaeton-punk... Cruce de miradas, Sarkor, El Gato López, La Basu, E.T.S. (En Tol Sar­miento) eta Tremenda Jauria izango dira protagonistak.

 

Maiatzak 12, barikua

–19:00: Pregoia eta traka, Herriko plazan (euria bada, frontoian).

–19:20: Txitxi-burruntzia, Herriko plazan (euria bada, frontoian). Buruhandiak.

–20:00: Igoera tropikala, plazatik txosnagunera (euria bada, txosnagunean). Nahaste-Borraste taldearekin.

–20:30: Txosnak zabaltzea. Kuadrillen arteko joko-txapelketea.

–23:30: Kontzertuak, txosnagunean: Cruce de miradas, Sarkor eta El Gato López. Ostean, Kuadrillen Playback Txapelketa. Eta azkenik, DJ JB.

Maiatzak 13, zapatua

–11:00: Mugi zaitez disko festa, txosnagunean.

–16:30: Kuadrilla txapelketea: Bubble balls eta jokoak, frontoiaren atzean. (euria bada, kiroldegian).

–18:00: Euskal dantzak, Lainomendi taldearen eskutik, Herriko plazan (euria bada, frontoian)

–19:00: Buala umeentzako kale antzerkia, Txaloka taldearen eskutik, Bakearen plazan (euria bada, kiroldegian).

–19:00: Pintxopoteoa, Aldats elektrotxarangarekin.

–23:30: Kontzertuak, txosnagunean: La Basu, E.T.S (En Tol Sarmiento), Tremenda Jauría eta DJ Markelin.

Maiatzak 14, domeka

–11:00-15:00: Eskulangintza eta Elikagai azoka, Kultur Birikaren inguruan.

–15:00: Herri bazkaria (sukalki), txosnagunean. Ostean, erromeria, Zango taldearen eskutik.

–16:30: Bizkaiko lau t'erdiko txapelketea, frontoian.

Maiatzak 15, astelehena

–11:30: Marrazki lehiaketea, kantxetan (euria bada, kanpoko frontoian).

–11:30-13:30 eta 16:00-19:00: Ume eta gazteentzako ekintzak, kantxetan (euria bada, barruko frontoian).

–12:30: Mezea, San Isidro eleizan. Ostean, biribilketea Aldekonetik.

–19:00: Txitxarrilloa, txosnagunean.

–20:30: Txokolatadea, txosnagunean.

–20:45: Koadrila txapelketearen sariak banatzea, txosnagunean.

–21:00: Jaien amaierea, txosnagunean.

 

 

 

Derioztarren topagune ohia

Aurten Nahaste-Borraste taldeak eskainiko du pregoia Derioko jaietan. Elkarte horrek herriko gazteen aisialdia antolatu zuen 1980tik 2000ra bitartean. Ziur asko, derioztar gehienek gogoan izango dituzte taldearekin batera egindako jokoak eta udalekuak, eta noski, bertan jasotako gizarte-balioak ere bai. Derioztarren topagunea izan zen.

“Nahaste-Borraste taldeak aztarna utzi zigun: umeak eta monitoreak herritar solidarioago eta arduratsuago egin ginen eta inplikazio handiago adierazi genuen herrian gertatzen zenarekin”. Horrela laburbildu digu Natalia Villaresek Nahaste-Borraste taldeak izan zuen garrantzia. Nataliaren alboan Rafa Mendia dugu, taldeko sortzaileetako bat. “Taldea 1980an sortu genuen eskolan. Hazia harizko txontxongiloak egiten zituzten eskolako neska-mutilak izan ziren. Hortik animazio-taldea sortu zen eta haiek proposatu zuten herriko gazteak hartzea, aisialdia era hezigarri batean egiteko”, esan digu.

80. hamarkada gogorra izan zen Derion. “Garai hartan ez zegoen ezer herrian: ez Kultur Birikarik, ez ludotekarik, ez gaztelekurik, ez udaletxe berririk... Eskola, anbulategia eta ura aldarrikatzen genituen, eta aireportuaren kontrako manifestazioak ere egiten genituen. Eta hori guztia gurutzebidean, trenbide-pasagunean egiten genuen. Egunen batean omenaldia egin beharko genioke bidegurutzeari (kar, kar). Herria desastre hutsa zen, eta hori aldatzeko, hainbat aldarrikapen genituen”, aipatu du Rafak.

Zorionez, testuinguru horretan, herriko elkarteak indartsuak ziren eta derioztarrak, oso ekintzaileak, eta taldeak izugarrizko babesa jaso zuen, esate baterako, guraso eta auzokideen elkarteetatik. Udala ere bereganatu behar izan zuten. “1980an guztiok genuen etiketa politiko bat eta Udaletik guri ere jarri ziguten etiketa. Hala ere, Nahaste-Borrastekook gizarte balioak baino ez genituen zabaltzen, inolako jarrera politikorik gabe. Elkartea derioztarren topagunea zen, besterik ez. Aurreiritzi horiek gainditzeko, 1984an, José Ortega alkatea gonbidatu genuen Quincoces de Yuso herrian egin genuen udalekura. Ortega etorri zen eta gainera, pastelak ekarri zizkien umeei eta jolasetan hartu zuen parte”. 

Gazteak taldean batzen ziren zapatuetan, domeketan eta oporraldietan (udan, Gabonetan eta Aste Santuan). Tailerrak, ekintzak eta jolasak egiten ziren bertan. Txikitan Nataliak primeran pasatzen zuen Nahaste-borraste taldean, Derioko hainbat neska-mutilek bezala. Gaztetan, monitore ere egin zen. Prozesu naturala zen: taldeko umeak, haztean, monitore egiten ziren. “Taldea boluntarioek osatzen zuten: monitoreak, sukaldariak... Inork ez zuen ezer kobratzen. Era berean, guk begiraleak hezten genituen”. Neska-mutil gehienak eskolako ikasleak ziren, baina beste batzuk kanpokoak ziren. “Urtero 100 ume inguru hartzen genituen. Guk konpromisoa eskatzen genien gazteei, elkartze-izpiritua bultzatzeko eta disziplina emateko. Nahasteko kidea izatea harrotasuna ekartzen zien neska-mutilei”, adierazi du Nataliak.

Konpromisoa, balioak... eta euskara. “Euskara Derion sustatu behar zen. Euskarari dagokion herriko egoera behar bezala ulertzeko, esan behar da 1978an herrian jaio zirenak izan zirela B ereduan ikasi zuten lehenenegoak. Eskolan elebitasunaren aldeko apustua egin zen eta taldean, zelan, ez, ere bai. Eta horregatik aukeratu zen izena. Batetik, euskaraz zegoelako; eta bestetik, izenak oso ondo islatzen zuen zer zen taldea: nahaste-borraste hutsa”, dio Rafak. Ildo honi jarraituz, gogoratu digu Nahaste-borraste taldeak lehen udaleku euskalduna 1984an egin zuela.

 

Amaiera

2000 urtean, aldiz, taldea desagertu egin zen. “Laburbilduz, nik esango nuke aisialdi-taldeak antolatzeko modua erabat aldatu egin zela. Batetik, boluntarioen kopurua gero eta txikiagoa zen; bestetik, aisialdiaren inguruko legeak zorroztu ziren: esate baterako, baimenak eta aseguruak egin behar ziren udalekuak antolatzeko. Era berean, erakunde publikoak monitoreei soldatak ordaintzen hasi ziren, eta ondorioz, aisialdia kudeatzeko enpresak sortu ziren. Penagarria da, boluntarioak funtzionario bihurtu direlako”, dio Rafak.

Pena ez, harrotasuna ekarri die aurten Derioko jaietako pregoilariak izateak. “Espero dugu pregoi laburra eta arina izatea. Eskerrak emango ditugu pregoia irakurtzeko aukera izateagatik; jaietan parte hartzeko gonbitea egingo dugu, beti ere bortizkeriarik gabe; eta azkenik, plazan biltzen direnak dantzan jartzea espero dugu. Ez dugu inoiz gure lanarengatik horrelako esker onik jaso eta oso pozik gaude, bai horixe!”. Gainera, pregoiaren haritik, jai erraldoia antolatu zuten apirilaren 22an. “Besteak beste, umeentzako tailerrak eta bazkaria antolatu genituen. Baina batez ere berriro elkarrekin egoteko aitzakia izan zen. Primeran pasatu genuen. Etorkizunari begira, taldeko argazkien erakusketa egin nahi dugu”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).