Mintza Eguna 2017

Derio: Euskal Herriko berbalagunen topagunea

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 1a, 14:15

Euskal Herri osotik etorritako berbalagunak eta mintzalagunak Derion batuko dira ekainaren 3an, han euren jai handia egingo dalako aurten: Mintza Eguna. Aukera ezin hobea, egitasmoan dabilzan beste herrialdeetako lagunak ezagutu eta esperientziak partekatzeko. Eta euskaraz gozatu eta berba egiteko, noski.

Xabier Andrés zamudioztarra da De­rion azalduko diran berbalagunetariko bat. Bost urte daroaz Txorierriko Berba­lagun egitasmoan eta batez be eskualde mailan antolatzen diran ekintzetan hartzen dau parte. “Euskaltegian ikasitako euskerea bizkortzeko emon neban izena; eta horrek, apurka-apurka, Txorierriko la­gun barriakaz alkartzeko aukerea emon eustan”. Ez da lehenengo aldia Mintza Egunagaz bat egiten dauana. “Bereziki orain dala lau urte Elgoibarren ospatu za­na daukat gogoan. “Hango urigune eta al­de zaharreko kaleek harritu egin ninduen. Baita bisita kultural horren osteko bazkariak, lagunartean oso ondo pasatu nebalako”. Deriora eta Txorierrira etorriko diranak be bertotik hain aho-zapore onagaz alde egitea gustatuko litzakio. “Gure eskualdea eta Derio ezagutu dagiezan, eta batez be orain dala gitxi zabaldu dan Baserri An­tzokia, Txorierriko nortasuna eta euskalgintza bultzatzeko baliabide egokia dalako”.

Mintzalagun, Solaslagun, Mintzakide zein Berbalagun izenpean, Euskal Herri osoan 6.000 lagunetik gora batzen dira astero, mintzapraktika egiteko eta euskararen erabileran eragiteko. Xabierren us­tez, jai eguna izateaz gainera, Mintza Eguna horreen esfortzua eskertzeko abagunea be izan beharko litzateke. “Euskera ikasi eta ha beren egunerokoan sartzea erabagi dabenen lan gogorra aintzat hartu behar da. Era berean, lan horretan musu-truk laguntzen deutseen euskaldun zaharrek be merezi dabe esker ona”.  

Mintza Eguna Derion egitea arrazoi bi­gaitik aukeratu da. “Alde batetik, Ber­balagun egitasmoa Txorierri mailan Txi­mintx bertoko euskara alkarteak bultzatu ebalako; eta, bestetik, berbalagun talde gehienak Derion dagozalako”, esan deusku Itsasne Zubiri Txorierriko Berbala­gune­ko arduradunak. Beraz, anfitrioiak izanda, buru-belarri dabilz Tximintxekoak azken ikutuak emoten, eguna biribil atera daiten. “Altzora, Lagatzu eta Zorrizketan euskara alkarteetako kideak be ibili dira antolatze lanetan laguntzen, baita berbalagun batzuk be. Azken baten, egitasmoa oso lotuta dago euskara alkarteei eta ho­rreetako kide batzuk berbalagunak be badira”. Ekintzak Txorierriko Zerbitzuen Mankomunidadearen laguntza be jaso dau.

 

Euskerea kalera

Eta eguna biribil aterako da, duda barik, Derion ekitaldi oso erakargarriak egongo diralako goizetik arratsaldera arte. Halan, goizeko 11etan ongi etorria egingo deutsee Euskal Herri osotik etorritako berbalagunei, eta hamaiketakoa be eskeiniko jake. Ostean, eguerdiko 12etan, gura dauanak Bilboko hilerria ezagutzeko txangoan hartu ahalko dau parte. Han XX. mendeko gertaera historikorik ga­rrantzitsuentariko batzuk ekarriko dabez gogora. Beste aukera bat bertso-triki-dantza-poteoan parte hartzea izango da. Ordu berean egingo da eta horretan Ar­kaitz Estiballes eta Ibon Ajuria bertsolariak arituko dira, Bertoko alkarteko trikitilariakaz batera. “Ekintza honek badauka bere garrantzia, euskerea kalera aterako dogulako. Izan be, Derio nahiko herri er­dalduna da eta lagun talde handi bat he­rriko kaleetatik euskeraz egiten ibiltea, ba, garrantzitsua da. Gainera, ondo pasetako aukerea be emongo deusku, bertsoak entzun eta dantzan egingo dogulako”.

Kalejiran eguerdiko ordu biak arte ja­rraituko dabe. Ordu horretan, Txo­rie­rriko Baserri Antzokira abiauko dira, bazkaria han izango dalako. Bidetik esperientziak-eta partekatu ahalko dabez. Berba­la­gu­neko arduradunaren eretxiz, bete-betean asmatu da bazkaria Baserri Antzo­kian egiten. “Leku aproposa da hain bazkari erraldoia egiteko. Herrian bertan eginez gero, karpa bat alokatu beharko geunkean; eta eszenatoki bat, Taberna Ibiltaria­ren saiorako. Baserri An­tzokiak horreek biak eskaintzen deuskuz, eta oso akustika ona be badauka. Gaine­ra, Derion dagoan arren, Txorierri osoko Baserri Antzokia da eta gu Txorierriko ber­balagunak gara”. Beraz, naturala izan da bazkaria han antolatzea. Ederto bazkaldu ostean, esker emote ekitaldia egongo da. “Sari bat emoten da beti. Igaz guri emon euskuen Atarrabian”. Ikusiko da nori tokaten jakon aurten.

 

Alkarlanean

Taberna Ibiltariak be­re kantuakaz gi­rotuko dau bazkalostea. “Talde ba­kotxak abesti bat aukeratu eta eszenatokira igon­go dau kantetan. Espero daigun guztiak animatea, nafarrak eta gipuzkoarrak be bai!”. Kan­tutegia www.mintzalaguna. eus webgunean da­go eskuragarri.

Mintza Egunak Txorierriri egingo deutson ekarpenez galdetu deutsagu Itsas­neri. “Batez be adierazoko dogu Txorierri euskalduna be badala. Guk be badogula gure gunea euskeraz egiteko”. Halan, Ber­balagun egitasmoak euskaldun barriei euskeraz egiteko emoten deutsen aukera paregabea azpimarratu deusku, eta Txo­rie­rriko euskaltegi biek egiten daben lana. “Azken urteotan alkarlanean gabilz horreekaz, euskerea kalera aterateko. Era berean, ezin dogu ahaztu bai Berbalagun egitasmotik, bai euskera alkarteetatik egiten dogun lana”. Bere esanetan, Berbalagun egitasmoak ziurtasuna emoten deutso ikasten dabilanari edo euskeraz egin gura dauanari. Gainera, Mintza Egunak Euskal Herriko beste mintzalagun eta berbalagun batzukaz ipiniko ditu harremanetan. “Eta ondo pasatuko dabe. Izan be, euskeraz ondo pa­setea oso inportantea da, ez daitela izan beti hain estresagarria”.

Esan moduan, Mintza Eguna mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen da­benen jaia da. Pablo Cormenzana Topa­guneko kideak azaldu deuskuz haren helburuak. “Gure herri edo eskualdeko lagunakaz dogun harremanetik harago, urtean behin egun pasa ederra egiteko antolatzen da. Komunidade handi bateko ki­deak garala sentiduteko, beste herri ba­tzue­tako mintzalagunakaz harreman ba­rriak egiteko, eta mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen ez daben euskaldunak erakarteko”.

 

Erabileran eragin

Mintza Eguna 2006. urtean, Iruñean antolatu zan lehengo aldiz, ikasturteari amaiera atsegina emoteko. Hamaika urteren ostean, urteko hitzordu esanguratsua bihurtu da. Jaiaren hazia mintzalagun egitasmoak dira. “Donostiako Bagera alkarteak lehen mintzalagun taldeak ipini ebazan martxan 1993. urtean, eta ordutik ho­na milaka izan dira euskeraz bizi eta aritzeko erabagia hartu daben euskaldunak, Euskal Herri osoan zabaldutako egitasmoetan”. Mintzapraktika egitasmoek euskeraz aritzeko ohiturarik ez daukienak ohitura daukienakaz alkartzen dabez, erabileran eragiteko, eta hizketarako konfiantza eta gune barriak eskainteko. “Batzuek eu­ren hizkuntza gaitasuna hobetzen dabe, hizketarako lotsa galtzen dabe, eta konturatu orduko badabilz euskeraz berbetan. Besteek, ordea, inguruko euskaltzaleei eus­keraz bizitzen lagunduz egiten deutsie ekarpena euskerari”. Egitasmoetan parte hartzeko baldintza bakarrak honeek dira: euskeraz komuniketako gai izatea, eta as­tean ordubetez alkartzeko konpromisoa hartzea. “Gero eta jente gehiago dabil ber­balagun, solaslagun, mintzakide edo mintzalagun bihurtzen, esperientzia ho­nek emoten dauana eskatzen dauana baino askoz handiagoa dalako”. Egitas­moak funtsezko bihurtu dira euskeraren erabileran eragiteko eta hiztunen hizkuntzagazko atxikimendua lantzeko. Halan, Eus­kal Herri osoan zehar herriz herri ba­tzen dira mintzalagunak, mintzapraktika egiteko, eta harreman-sare barriak sortu eta hedatzeko. “Mintzaprektikak erakutsi deusku astean ordubetek askorako emoten dauala. Jente asko or­du­be­tean eus­keraz aritzeko al­kartzeak euskal hiztunak ugaritu eta harreman barriak sortzen dauz. Gainera, hizkuntza bat bidelagunakaz batera ikasten bada, haren erabilera indartu egiten da”. Etorki­zunari begira, egi­tasmoak badaukiez erronkak. “Mintza­la­gunen ahalegina egunerokora zabaldu behar dogu, hizkuntza ohituretan eragin, eta gune barriak irabazi behar doguz euskerarako eta euskaldunontzako, euskeraren normalizazino prozesuko eragile aktiboak bihurtzeko. Ho­rre­tarako, aldaketak egiten doguz urterik urtera eta mintzapraktika programak gero eta gehiago egokitzen dira partaideen be­harrizane­tara”.

Txorierrin 130 berbalagun inguru da­goz, TOTOAN federazinoak koordinatuta. “Ezagutza eta erabilera bultzatu behar dira. Txorierrin, askok euskeraz jakin badakie, baina ez dabe erabilten egunerokoan eta Berbalagun egitasmoa aukerarik one­na da horretarako. Izan be, naturaltasun osoz alkartzen dauz jakitea eta egitea: euskeraz aritzeko erraztasuna landu gura dabenak eta erraztasun hori badaukienak alkartzen dauz, alkarrengandik ikasteko”. Ho­rren haritik, eta aurreko edizinoetan lez, aurtengo Mintza Eguna aukera ezin hobea izango da esperientziak partekatzeko, lagun barriak egin eta zaharrak agurtzeko, eta alkarregaz egun pasa polita egiteko. “Mintza Egunaren ekarpenak horreek dira, euskaltzaleen arteko harremanak estutu eta alkarregaz egiten gabilzan bideak daukan garrantziaz konturatzea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).