Antzerkigintzaren bidez hezten

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 2a, 12:08

Kukuke antzerki eskola 

Tximintx Derioko euskara elkarteak Kukuke antzerki es­kola sortu zuen 2009-2010 ikasturtean, umeak antzerkigintzaren bidez balioak lantzea helburu zuela. Euskaraz eta modu ludikoan, atseginez. Ordutik hona 60 umetik go­ra pasatu dira Kukuketik. Horietako bik, eta beren amek, euren esperientzia kontatu digute.

Beñat Bergado antzerki eskolako be­teranoetarikoa da. Hamalau urte ditu eta zabaldu zenetik darama Kukuken, zazpi urte hain zuzen ere. “Antzeztea gustatzen zait eta oso pozik nago eskolan. Urte haue­tan hainbat gai jorratu ditugu an­tzezlanetan eta orain gai serioagoak lantzen ditugu, esate baterako alkohola, ma­txismoa edo bulling-a”. Bere esanetan, ez da ezaugarri berezirik eduki behar eszenatokira igotzeko. “Edonork egin dezake”. Antzerki eskolan ibiltzea lotsa kentzeko baliagarria dela esan digu, eta imajinazioa lantzeko. “Horregatik animatuko ni­tuzke gazte guztiak Kukuken izena ematera”. Orain arte antzeztutako pertsonaien artean gogokoena aukeratzeko eskatu diogu, eta aukeratu ezin duela erantzun digu, guzti-guztiak dituela go­goko. Antzerkigintza hobbytzat du, eta De­rioko antzerki eskolan luze ematea espero du.

Urko Marinak, berriz, argi dauka zein den gehien gustatu zaion papera: Olen­tzero antzezlanean egindakoa. Egia esan, ikuskizun bitan bai­no ez du parte hartu, eskolan aurtengo ikasturtean hasi delako. Zazpi urte ditu eta izugarri gustatzen zaio mozorrotu eta hainbat pertsonaia antzeztea. “Oso ondo pasatzen dugu. Jo­lastu egiten dugu eta gure burua grabatu ere egiten dugu, gero pantaila handian ikusteko, eta txarto dagoena zuzentzeko. Batzuetan barregura ematen digu”.

Olatz Urutxurtu Urkoren ama da eta aipatu digu eskertzekoa dela Txorierrin halako jarduera bat egin ahal izatea. “Izan ere, kirola edo dantza ez bada, aukera gutxi daukagu berton”. Bere esanetan, Urko izaera zabaleko mutikoa izan da be­ti, lotsarik ez duena eta besteekin komunikatzeko arazorik ere ez duena. Bere saltsan dago mozorrotu eta eszenatokira igotzen denean. Beraz, Kukukeri esker aurrera eraman dezake bere zaletasun handienetariko bat. Besteak dantza eta musika dira. Olatzek zalantza barik aholkatuko zenieke gainontzeko gurasoei seme-alabak antzerki eskolara eroatera. “Balioak lantzen dituzte, eta euskaraz”.

 

Helburu pedagogikoa

Iritzi berekoa da Beñaten ama, Elena Fernandez. “Are gehiago, nire ustez, an­tzerkigintza irakaskuntza arautuaren ba­rruan egon beharko litzateke. Beñaten­tzat lagungarria izan da gorputzezko ko­munikazioa zein hitzezko komunikazioa hobetzeko, testuak ulertzeko, beste pertsona batzuekin harremanak izateko…”. Era berean, hasiera-hasieratik gustatu zitzaion Kukuken azaldutako metodologia eta lan egiteko era. “Helburua ez delako seme-alabek ikasturte amaieran an­tzezlan bat egitea eta guk txalotzea; helburu pedagogikoa da”. Beñatek urterik ur­te eman du izena eskolan, “be­rak nahi izan duelako. Semea oso pozik dago; eta ni ere bai”.

Kukuke antzerki eskola ilusio handiz sortu eta mamitzen joan da, eta gaur egun erreferente bihurtu da Derion zein Txorierrin. Urtero emanaldi bi eskaintzen dituzte, bata Derion bertan, eta bestea Bilboko antzerki jardunaldietan. Hurren­goa ekainaren 13an, 18:00etan, eskainiko dute Baserri Antzokian. Etorkizu­na­ri begira badituzte hiru erronka: hazten jarraitzea, erreferente izaten segitzea eta ikasleen adin-tartea zabaltzea. 

 

Izena ematea

Aurrematrikula: ekainaren 5etik 16ra arte

Matrikula: irailaren 11tik 22ra arte

Adina: 4 urtetik 16 urtera bitarteko neska-mutilak, talde bitan banatuta: 4 urtetik 9 urtera; 10 urtetik 16 urtera. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).