“Kanpoan hazi naiz”

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 7a, 10:27

Peio Mendizabal l Global Training beken bekaduna

Global Training programak nazioartean lan-praktikak egiteko aukera ematen die gazteei. Txorierrin Politek­nika Ikastegiak ku­dea­tzen ditu bekak. Eta ha­ra, hain zuzen ere, jo zuen Peio Mendizabal de­rioztarrak. Kanpoan lan egiteko go­goa zuen eta beka horien bidez, zazpi hilabete eman zuen Pragan.

Zelan animatu zinen Global training beka bat eskatzera?

Kanpora joateko gogoa nuen. Gazte­tan atzerrira joaten nintzen, batez ere ingelesa ikastera, eta bidaiak egitea ere gustatzen zait izugarri. Irlanda, Alema­nia, Kanada eta Ingalaterratik ibilia naiz. Es­perientzia horiek oso onak izan ziren, pertsona moduan hazten lagundu egin zidatelako. Beraz, berriro egin nahi izan nuen. Informazioa Interneten bilatzen ibili nintzen eta Global training bekak ezagutu nituen. Gainera, Poli­teknika Txorierriko be­ken arduraduna, Kepa La­rrondo, nire la­guna ere bada. In­for­mazioa Politekni­kan eman zidaten eta es­kaera egin nuen.

Nora joan, baldintzak eta abarreko kontuak aukeratu ahal izan zenituen?

Ikasketaren arabera, eskaintza ezberdinak daude. Irakaskuntza arloan, hiru leku zeuden aukeran, Irlanda, Txekia eta Hungria. Nik argi nuen Praga nahi nuela eta, zorionez, hori eman zidaten. Horre­ta­ra­ko, hainbat paper bete behar izan ni­tuen, zuzeneko elkarrizketa egin... Bekek la­na besterik ez dizute ematen, gainontzekoa zure kabuz lortu behar dituzu: etxea, dirua antolatzea, bidaiak... Dena In­ter­neten eta Facebooken bidez lortu nuen.

Nolako lana egin zenuen Txekian, Pragan?

Txekian 2014ko azarotik 2015eko apirilera bitartean egon nintzen, ingelezko ikastetxe batera. Haur Hezkuntza eta Le­hen Hezkuntza ematen zituzten. Ni Le­hen Hezkuntzako hirugarren mailako klase batean ibili nintzen, tutoreari laguntza ematen. Umeekin egunero nenbilen harremanetan. Irakasle guztiak amerikarrak edo Ingalaterrakoak ziren.

Nolako balantzea egiten duzu?

Hasieran urduri eta apur bat bedurti, baina oro har oso esperientzia polita izan zen, bai horixe. Lan aldetik, beste errealitate bat ezagutzen duzulako. Batez ere lagundu dit esperientzia hartzen, klasearen aurrean zelan jokatu, esate baterako. Eta pertsonalki, zure kabuz bizi izaten ikasten duzulako. Gainera, oso aberasgarria izan da mundu osoko lagunak egin ditudalako eta hainbat leku ezagutu ditudalako. Izan ere, Praga Europa erdian da­go eta zenbait leku zoragarri oso hurbil daude: Viena, Polonia, Buda­pest...

Nolakoak dira hango hezkuntza eta bizimodua?

Hezkuntza, nahiko antzekoa, behintzat ezagutu nuena eskolan. Ordutegiak ere badira antzekoak eta normalean he­men egiten dudan errutina bertan ere egiten nuen: goizean, eskolan; arratsaldean, lana bukatutakoan, gimnasiora joaten nintzen edo lagunekin futbol partidak jo­katzen nituen; eta asteburuetan, lagunekin, eta turismoa egiten. Praga oso hiri polita da, esaten den bezain polita. Eta bizitza hemen baino merkeagoa da: askotan entzuten da Pragan garagardoa ura baino merkeagoa dela eta hori egia da. Garraiobideak ere badira merkeagoak eta horrek bidaiatzeko aukera handia ematen dizu. Topera aprobetxatu dut esperientzia.

Bakarrik bizi izatetik, gurasoen etxera bizi izatera. Gogorra izan zen itzulera?

Tira, bai, baina etxean inon baino hobeto tratatzen zaituzte eta nik ez daukat kexarik (kar, kar).

Atzerrian hain gustura egon zarenez, kanpora berriro joateko asmorik baduzu?

Auskalo! Pragatik etorri nintzenean, Australiara joateko gogoa nuen, baina az­kenean, laster topatu nuen lana eta ezin izan nuen ezer antolatu. Barregarria da, lagun batzuk nora eta Australiara joan direlako, eta nik bizi nahi nuen esperientzia dabiltza bizitzen. Agian egunen batean bat egingo dut eurekin (kar, kar). Ez dakit...

 

 

Irakaslea, bokazioz

Peio 25 urteko mutil bat da, Deriokoa. Duela urte batzuk magisteritza karrera bukatu zuen, ingelezko espezialitatean. Gazteak bokazioz aukeratu zituen ikasketak. “Umeak betidanik gustatu zaizkit; gainera, ama ere irakaslea da, Zamudion, eta horrek eragin handia izan du niregan, karrera aukeratzeko orduan. Azkenik, lana polita da eta lan-baldintzak ere oso ondo daude. Horregatik guztiarengatik magisteritza ikastea erabaki nuen”, esan digu. Pragatik etorri eta berehala, lana topatu zuen Barakaldon, El Regato ikastetxean. “Irakasle gazteenetarikoa naiz eta ia urte bi daramat bertan lan egiten. Ez nuen hain azkar beharra aurkitzea espero eta horregatik buruan nituen beste proiektu batzuk bertan behera utzi behar izan nituen. Baina, horrek ez nau kezkatzen, Barakaldon oso pozik nago-eta”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).