GLPa propano eta butano gasen nahasketa da eta era likidoan gordetzen da autoan. Depositua gasolina izango balitz moduan betetzen da, azkar eta erraz. GLPa erabiliz gero, gure autoa hibridoa izango da: gasen eta gasolinaren hibridoa, hain zuzen ere. Ibilgailuak gasolina erabiltzen du martxan jartzeko, eta motorra berotzen denean, gasa erabiltzen hasten da. Erregaietako bat agortzen denean, autoak zuzenean erabiltzen du bestea.
GLPa Europa mailan oso zabalduta dago batez ere Frantzian, Alemanian eta Italian. Guztira, sistema hori erabiltzen duten 13,5 milioi auto daude munduan, eta haietako zazpi, Europan. GLPa munduan gehien erabiltzen den erregai alternatiboa da. GLPa bakarrik jarri ahal zaie gasolinako autoei, ez diesela erabiltzen dutenei. Bataz beste, GLPa ezartzeak 1.650 euro balio du (BEZa barne). “Horren barruan instalatzea eta Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren homologazioa sartzen dira. Gastua finantzatzeko aukera ere ematen dut”, argitu digu Ikerrek. Inbertsio hori arintzeko, Repsolek 600 euroko bonoa ematen die GLPeko erabiltzaileei, gasolina erosteko.
Nahiz eta hasierako inbertsioa txikia ez izan, epe ertainean GLPa erregairik errentagarriena da. “Hilean 240 euro gastatzen baduzu, GLPa erabiliz gero, 130 euro gastatuko duzu. Hau da, hasierako inbertsioa berreskuratuko duzu urtebetean, norberaren kilometro-kopuruaren arabera. Opel Astra bati 20 euroko erregaia sartu zioten eta emaitzak hauek izan ziren: 100 CVko dieselekoa 327 km egiteko gauza zen; 115 CVko gasolinakoa, 208 km; eta 140 CVko GLPkoa, 412 km”.
Berdeagoa
Gainera, GLPa erregai garbiagoa da. GLPari esker, % 15 murrizten dira karbono dioxidoa isurtzeak eta % 95, nitrogeno oxidokoak. Gainera, GLPak ez ditu ez partikula kantzerigenorik, ez sufrerik, eta ez du berunik askatzen. Era berean, zarata gutxiago sortzen du. Horren haritik, GLPa erabiliz gero, motorrak gehiago iraungo duela aipatu beharra dago. Izan ere, erregaia garbiagoa denez, kalte gutxiago egiten die motorrei.
Iker Gas Point Center-Repsol enpresarekin batera dabil lanean eta GLPa gasolindegi batzuetan har daiteke. Gaur egun, GLP-operadoreen Espainiako Elkartearen (AOGLP) arabera, Bizkaian zortzi gasolindegitan har daiteke GLPa eta haietako bat Txorierrin dugu, Derion, Artebakarran. Besteak, Erandio, Sestao, Zornotza (2), Barakaldo, Zierbena eta Arrigorriagan daude. Estatu mailan, guztira 553 gasolindegitan eskaintzen dute GLPa. “Eta GLPa eskaintzen duen gasolindegi bat eskura ez baduzu, gasolindegi arrunt batean bota ahal duzu gasolina; beraz, ez zara inoiz erregairik gabe geldituko”.
“GLPa da benetako etorkizuna. Dieseleko autoak kendu nahi dituzte oso kutsakorrak direlako eta gainera, horiek mekanika-arazo pilo bat ematen dituzte epe ertainean: tutuak eta partikulen iragazkiak trabatu egiten dira eta garbitu behar dira. Eta horrek dirua ere eskatzen du; auto elektrikoa ere badabil finkatzen, baina nire ustez, horrek ez ditu gaur egun automobilgintzaren inguruan dauden industria eta lanpostuak bermatzen. Esate baterako, zer egingo dute ba, kulatak egiten dituzten enpresek? Gainera, auto elektrikoak gasolina gehiago erretzen du eta, ondorioz, kutsadura gehiago sortzen du”.
Informazio gehiago:
688 847 633 / 94 657 23 15
iker@mujitailerrak.com
10 urteko eskarmentua
Iker Larrabetzun jaio zen eta 19 urte zituela, Zamudiora joan zen bizi izatera. Mekanika munduan 10 urte baino gehiagoko esperientzia dauka. Hasieran, anbulantziak konpontzen hasi zen Asuan, mekanika ziklo bat ikasten zuen bitartean. Ondoren, Bilbon egin zituen praktikak, Forden tailer batean. Geroago, beste enpresa batean urte bi eman zituen gurpilak ipintzen, eta azkenean tailer bat jarri zuen Urtuellan, bazkide birekin. Iaz utzi zuen hori eta lehengo udan bere kabuz hasi zen Derion, Inbisa industriagunean, eta Muji tailerra ireki zuen. Ikerrek GLPren aldeko apustua egin du, horretan sinesten duelako. “Nire autoan eta amaren autoan jarri dut GLP sistema. Txorierrin bezero potentzialak ditut, hori jartzen duen bakarra neu naizelako, eta hori errentagarria izan daiteke niretzat, noski, baina horrezaz gainera, oso onuragarria, gidarientzat. Nik tailerrean dena birziklatzen dut: pneumatikoak, olioa, likidoak... Ingurumenaren aldeko apustua egiten badugu, GLPa ere bada beste urrats bat. Eta batzuetan apustua ez da oso garestia izan behar”.