Munduko nekazaritza, Txorierrin hizpide

a: EHNE 2017ko uzt. 14a, 09:46

Uztailaren 16tik 24ra bitartean Vía Campesinaren VII. nazioarteko konferentzia izango da Derioko Seminarioan. Hainbat herrialdetatik etorritako 400 ordezkarik mugimenduaren ildo nagusiak aztertuko dituzte bertan, eta datozen urteetan jorratu beharreko estrategiak zehaztuko dituzte.  

EHNE, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna, nekazari eta abeltzainen sindikatua da, eta konferentzia eta haren inguruan egongo diren ekintzak antolatzeko ardura du. Alazne Intxauspe Elolak, sindikatuko kideak, Vía Campesina mugimenduaren nondik- norakoak azaldu dizkigu. “1993. urtean sortutako mugimendua da, Monsen, Belgikan, egindako biltzarraren haritik. Mundu mailako mugimendua da eta horretan 73 herrialdek eta 163 erakundek hartzen dugu parte, nekazaritza edo arrantza arlokoak. Sistema kapitalistak gero eta indar handiagoa du munduan eta lehenengo sektoreak ere badu industrializazioko eredurako joera. Kapitala, merkataritza askearen tratatu eta agroindustriaren aurrean, guk eredu txikiago bat defenditzen dugu, familiarra, baserri eredu bat; hau da, Euskal Herrian beti egon dena”. 

Intxauspek esandakoaren arabera, konferentzian mugimenduaren nondik-norakoak aztertu eta etorkizunari begira jorratu nahi diren ildo estrategikoak eztabaidagai izango dituzte. “Besteak beste, merkataritza askearen tratatua, agroekologia, elikadura burujabetza, genero indarkeria, gazteek lurra eskuratzeko dituzten arazoak eta beste hainbat gai landuko ditugu. Era berean, konferentziaren helburuetariko bat zera da, taldea egitea, mugimendua indartzea, zerk batzen gaituen ikustea”. Vía Campesinaren barruan bederatzi eskualde daude: lau, Amerikan; bi, Afrikan; beste bi, Asian; eta bat, Europan. Palestina eta Afrikako iparraldea batu eta beste eskualde bat osatzeko eskatu da. Konferentzian 10. eskualde horren sorrera ere bultzatu egingo da, ziur asko.   

EHNE sindikatuko kidearen esanetan, mugimenduan elikadura burujabetza kontzeptua txertatzea giltzarria izan da. “Argi dago elikadura burujabetza ez dela berdin Euskal Herrian, Senegalen edo Kanadan. Baina kontzeptu ideologiko-politiko bezala denok marko berdin bat eduki eta horren alde egitea lortu dugu”. Eta, horrela, kolektiboak sortu dira eta bakoitzak arlo espezifiko bat ikertzen du, dela haziena,  edo lurra edo nekazarien eskubideak. “Nolanahi ere, badakigu, gero, herrialdearen arabera, bakoitzak bere erara egin edo moldatu behar duela. Bestetik,esan liteke elikadura burujabetza kontzeptua gizarteratzea garrantzitsua izan dela, ze askotan ustea dago hori lehen sektoreari bakarrik dagokiola, eta ez da horrela; gizarte osoaren ardura da.

 

 

Mugimendua gizarteratzea

Tankera honetako nazioarteko ekintza bat Derion, Euskal Herrian, antolatzea erantzukizun handia da sindikatuarentzat, baina, aldi berean, aukerak ekarriko ditu. “Munduak arreta Euskal Herrian ipintzeaz gainera, gure lana eta errebindikazioak hurbildu ahalko dizkiegu herritarrei”. Eta Vía Campesina eta bere eginkizuna gizarteratzeko hain zuzen ere, herritar guztiei zuzendutako hainbat ekintza antolatu dira konferentziaren inguruan. “Karpa handi bat ipiniko da, eta herritarren eta delegatuen arteko topagunea izango da. Ikerketak aurkeztuko dira bertan, adibidez, gazteek eta emakumeek lehenengo sektorean sartzeko dituzten arazoak aztertzen dituztenak; arrantza inguruko dokumentala ere emango da; feminismoari buruzko mahai-ingurua egingo da; hizkuntza minorizatuei buruzkoa ere bai… Zerbait ludikoagoa ere antolatu nahi genuen, eta datozenei gure kultura eta folklorea erakutsi. Horretarako, herri kirolak egongo dira, Aiko taldearen dantza saioa, musika, ETS taldearen kontzertua eta kantu afaria, batzuk aipatzearren”.

 

 

Nekazaritza soziala bultzatzen

Vía Campesinak eta harekin bat egiten duten baserritarrek ahalegina egiten dute nekazaritza soziala bultzatzen. Jose Antonio Lekue larrabetzuarrak azaldu digun moduan, eredu hori batez ere ezaugarri bik bereizten dute: alde batetik, lan egiteko era; eta, bestetik, merkatua. “Nekazaritza industriala sartu denean, gaur eguneko merkatutik baztertu gaituzte ekoizle txikiak. Superprodukziorako joera egon da, merkatu handien alde egin da, produktuak munduan zehar ibili dira, leku batetik bestera, eta salmenta zuzena alde batera utzi da. Era berean, lurra abandonatu egin da eta azken 40 urteotan hori beste helburu batzuetarako erabili da. Ondorioz, gero eta baserritar gutxiago gaude. Eta kalte lurraren erabilpenari ez ezik jakintzari ere egin zaio”.

Honek beste merkatu bat sortzeko beharra ekarri du, ekoizle eta kontsumitzaileen artean harremana zuzena bultzatu duena. Lekueren esanetan, nekazaritza industrial horretatik kanpo bizi izatea ez da erraza, baina egin daiteke. “Euskaldunok, herri moduan, ezin dugu nekazaritza sektorea bertan behera utzi. Azken batean, elikatu behar dugu eta baserritarron eginkizuna da gizartea elikatzea. Elikadura guztia kanpotik ekartzen bada edo besteen esku uzten bada, nire ustez, porrota da. Vía Campesinatik proposatzen dugu geuk erabakitzea zer ekoiztu, eta hori gure artean banatu. Honek beste ekonomia mota bat dakar, espekulaziotik kanpo dagoena. Proposamen sakona da”.

Euskal Herriko ohiko nekazaritza eredura itzultzea proposatzen da eta horren haritik, azken urteotan, Txorierrin zein beste eskualde batzuetan, gazteak filosofia honekin hasi dira lurra lantzen. Azokak antolatzen dituzte eta ahaleginetan dabiltza ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana sendotzeko. “Bitartekoak behar dira hau guztia praktikara eramateko, eta administrazioak badu zeresana horretan. Proposamen interesgarria da, baina gatxa”.

 

Egitaraua, herritar guztiei zabalik

 

Uztailak 17, astelehena

19:30-20:30: Gazteen asanbladako ondorioak eta gazteek nekazaritzan dituzten erronken, zailtasunen eta aukeren ikerketa aurkeztea.

20:30: Emakumeen gau-ekitaldi kulturala.

 

Uztailak 18, martitzena

19:30: Aurkezpena: Campaña de veneno. Alimentación que mata.

20:30: Desierto líquido. Arrantzari buruzko dokumentala.

 

Uztailak 19, eguaztena

19:30: Mahai-ingurua: Lenguas minorizadas.

21:30: Baserritarren eskubideen urraketaren inguruko ikerketa aurkeztea.

 

Uztailak 20, eguena

19:30: “Empoderamiento de mujeres en el campo” ikerketa aurkeztea.  

20:30: “Feminismoaren erronkak munduan eta Euskal Herrian” ikerketa aurkeztea.

 

Uztailak 21, barikua

19:30: Bertsolariak: Etxahun Lekue, Jone Uria eta Xabi Paia.

20:00: Dantzaldia, Aiko taldearekin.

 

Uztailak 22, zapatua

19:30: Euskal dantzak, herri kirolak eta artzain-txakurren erakustaldia.

 

Uztailak 23, domeka

20:30: Kontzertuak: Bidaia, En Tol Sarmiento eta Siroka.

 

Uztailak 24, astelehena

20:00: Agur-afari musikatua.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).