Hiru kilometroko memoria bizia

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 8a, 10:08

Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboa erabiltzaile gehien duten Euskal Herriko artxiboetariko bat da. Derioko Seminarioan dago eta, Antonio Añoveros gotzainak bultzatuta, 1976. urtean sortu zen helburu bi betetzeko: alde batetik, parrokietako dokumentazioa modu egokian gordetzeko; eta bestetik, beren familiaren historia ezagutu nahi zuten lagunei erantzuna emateko. Gaur egun, 10.000 artxibo-kutxa daude bertan, ia hiru kilometro hartzen duten dokumentuak. Euren balioa oso handia da. 

Anabella Barroso artxiboaren zuzendaria da 1997. urtetik hona, eta berarekin batera Cristina Castillok eta Elena Cor­tazarrek lan egiten dute, artxiboko dokumentuak zaintzen eta publikoari arreta egiten. Esan beharra dago, Estatu mailan, Elizaren artxibategi batean lan egiten duten emakume bakarrak direla. Gainera, Elizaren Estatuko artxiboetan lau zuzendari laiko baino ez daude eta Anabella horietako bat da. Erronka eta poztasuna bikoitza da, beraz. Artxiboaren muinak bere eskutik ezagutu ditugu.

“Hiru eginkizun nagusi ditugu: dokumentuak jasotzea, horiek era egokian ja­gotea eta dokumentuok, eta ondorioz Bizkaiaren historia, ezagutzera ematea”, azaldu digu. Artxiboan dagoen dokumenturik zaharrena 1334. urteko pergamino bat da, eta bere garaian liburu bati azala jartzeko erabili zen musika-pergamino bat ere badago. Hori XII. mendearen amaierakoa edo XIII. mendearen ha­sierakoa izan daiteke. “Egia da dokumentu gehienetan parrokien bizitza adierazten dela: bataioak, ezkontzak, ehorzketak, elizen bizitza ekonomikoa eta erlijiosoa… Baina hori herri bizitzari dago lotuta, mendeetan Eliza denaren gunea izan zelako. Hemen dugun bataioko dokumenturik zaharrena 1501. urtekoa da. Erregistro Zibila 1872. urtera arte sortu ez zela kontuan hartzen badugu, esan dezakegu artxiboan 1501. urtetik ia gaur egun arteko biztanle-errolda dugula, Frankis­mo­ra arte ohikoena zelako umeak bataiatzea”.

 

Sustrai bila

Artxibora gehienbat familiaren zu­haitz genealogikoa osatzen dabiltzan pertsonek jotzen dute. Sustrai bila dabiltzanak ere hurbiltzen dira Deriora, eta askotan oso urrunetik datoz; Hegoameri­katik, batez ere. Abizenak aldatu nahi izatea, jarauntsiak dokumentatzea edo ez­kontzeko izapideak betetzea beste arrazoi batzuk dira artxiboko zerbitzuak erabiltzeko. Baina artxiboa balio handiko in­formazio iturria ere bada historialarientzat. “Parrokietan badaude fabrika-liburuak izenekoak eta bertan parrokiaren datu ekonomikoak batzen dira, erretaulen eraikuntzari buruzko datuak, eliza be­raren eraikuntzarenak… Ondorioz, informazioa lortu daiteke garaiko ekonomia eta arteari buruz, esaterako”. Bestetik, Trentoko Kontzilioan, XVI. mendean, ezarri zen gotzainek parrokia guztiak bisitatu behar zituztela eta bisita horiek bisita-li­buruetan jasotzen ziren. “Inbentarioa berrikusten zuten, liburuak… baina bisita-liburuetan informazioa ere azaltzen zen, garaiko ohiturei buruzko datuak ematen dizkiguna. Adibidez, idiak elizara sar ez zitezen edo emakumeak sakristiara bakarrik erratzez garbitzera sar zitezen…”. Elizari hamarrenak ordaintzen zitzaizkion aspaldian eta, horretarako, herritarrek sagarrak, txakolina, arraina… erabiltzen zituztenez, dokumentuek informazioa eman diezagukete uztei buruz. “Are gehiago, klima ikertzeko ere badira baliagarriak: prozesioan irten bada, lehortea zegoelako, edo uholdeak…”. Era berean, bataio eta ezkontza-agirietan arakatzen badugu, gurasoen eta aitita-amamen gaineko informazioa ere ezagutu dezakegu: izen-abizenak, nongoak ziren, ogibideak… “Dokumen­tuek ikertzeko aukera zabala ematen di­gute. Euren balioa paregabea eta ordezkaezina da”.

Artxiboa astelehenetik eguenera da­go publikoari zabalik, astelehenetan eta eguenetan, 9:00etatik 14:00etara, eta mar­titzenetan eta eguaztenetan, 9:00etatik 18:00etara. Aurretiko hitzordua eskatu behar da. Dokumentu originalak kontsultatu daitezke, bakarrik mikrofilmatuta edo digitalizatuta ez badaude. Izan ere, artxiboan mikrofilmazio eta digitalizazio lanak egin dituzte, dokumentuen iraupena bermatzeko. “Originalak errazak dira irakurtzen, beharbada XVI. mendeko kaligrafia apur bat ezagutzea komenigarria da”. Dokumentuak webgunean ere kontsultatu daitezke, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste elizbarrutikoekin batera datuak in­dexatu eta on lineko datu-base batean sar­tzeko egitasmo batean hartu zutelako parte. Kontsulta artxiboan bertan zein webgunean doakoa da, hala ere, transkripzio edo erreprodukzio bat nahi izanez gero, hori ordaindu behar da. “Artxiboa publiko guztiei dago zuzenduta. Helbu­rua da hona etorri eta beren familiaren historian arakatzera ausartzen daitezen. Hori bai, batzuetan gustatuko zaizu topatuko duzuna; baina beste batzuetan, ez”. Bila dabilena topatu ezean, orientabidea ere ematen diote erabiltzaileari, nora jo behar duen jakin dezan.

 

Etengabeko lana

Artxiboan Bizkaiko Elizbarrutiari lotutako erakunde guztien dokumentazioa ja­sotzen dute, hala nola parrokiena, ikastetxeena, irratiena eta Caritasena. Guztira, 219 parrokietako funts eta parrokietakoak ez diren 70 funts dituzte. Dokumenta­zioa paperean ez ezik beste euskarri batzuetan ere badute, esate baterako, bi­nil diskoetan. “Dokumentazioa koadernatuta dator batzuetan, eta beste batzuetan orri solteak dira. Noizbait ez dakigu zer den jaso duguna eta horri identitatea ematen joan behar gara, zer den pixkanaka-pixkanaka ikusi… Etengabeko lana da, dokumentazioa etengabe jasotzen dugulako. Lana dugu bizitza honetarako eta hurrengorako ere bai”. Erregistro sakramentalak 100 urtean gorde behar dira pa­rrokietan, baina artxiboan 1940. urtera arteko dokumentuak batu dituzte. “Egoe­ra­ren araberakoa izan da hori, dokumentuak gordetzeko leku gutxi eduki dutelako, era egokian kontserbatzen direla bermatzeko, edo ikerlarien lana errazteko”.

Materiala jasotzen dutenean, hura tratatu eta garbitu egiten dute. Eta beharrezkoa bada, fumigatu ere egiten dute. Dokumentuak pH neutroa duten kutxetan sartzen dira, eta, euren zaintzerako, argi, tenperatura eta hezetasun-baldintza egokiak dituzten gordetegietan sartzen dituzte. Artxiboak 1.300 metro karratu di­tu gaur egun, eta erreserbako beste 800 metro karratu. Bertan bost gordetegi dau­de. “Duten adina kontuan hartuta, dokumentuen % 90 egoera onean ailegatzen da, eta saiatzen da ahal den neurrian txarto daudenak zaharberritzen”. Hurren­go erronka dokumentu elektronikoak on­do kontserbatzea da. Anabellaren esanetan, artxiboaren eginkizuna etorkizuneko memoria gordetzea ere bada. “Artxiboa ez dago hilik; zerbait bizia da. Eta gaur egungo memoria jasotzen jarraitu behar dugu, datozen mendeetako herritarrek gure berri eduki dezaten. Saiatu behar ga­ra, behintzat”.

Dokumentuak-eta etorkizunerako gor­detzeko nahi horren haritik, artxibotik arau batzuk ematen dizkiete Elizbarrutia­ren menpe dauden erakundeei agiriak eta paperak nola egin eta zaindu behar dituzten azalduz, eta noiz arte. Era berean, erakunde horiek oso datu-bolumen handia dute esku artean, kasu askotan datu pertsonalak direnak, eta artxibotik ere datu horiek zelan babestu behar diren azaltzen zaie.

 

Ícaro

Bizkaiko Elizaren Historia Artxiboa­ren barruan, Ícaro zentroa sortu da. Hori Historiaren Ezagutzarako Zentro Au­rreratua da eta arbitxoaren eginkizunak ezagutzera ematea du helburu: jaso, gorde eta zabaltzea. “Erakusketa iraunkor bat dago eta ikastetxeei zu­zendutako hezkuntza-programa bat ere badugu. Izan ere, gaur egungo gazteentzat denak oso gutxi irauten du, eta gure erronketariko bat da ikustaraztea oso inportantea dela dokumentu hauek guztiak gordetzea, hau da, me­moriaren balioa helaraztea”.

Bisita gidatuak ere egiten dituzte eta azalpenak ematen dituzte artxiboan dituzten dokumentuei buruz, eta ikerketarako dituzten aukerei buruz. An­tzinako kaligrafia tailerrak ere antolatzen dituzte, eta familian egiteko ekintzak sustatzen dituzte.

 

Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboa

Larrauri, 1 A – 5. solairua

48160 Derio

94 406 24 91

http://www.aheb-beha.org

Facebook: AHEB BEHA

Twitter: @AHEB_BEHA

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).