Arkitektura sozialaren bidean

Aikor aldizkaria 2017ko abe. 12a, 14:58

Garazi Merodio Ayarza

Garazik 23 urte dauz, arkitektura ikaslea da eta irailean Pakistanen izan da, Baltistan Fundazinoaren bidez parte hartzen dabilen proiektu bat in situ ikusten. Proiektu hori ez ezik, bere ilusinoak eta asmoak be euki doguz hizpide.  

Derioztarrak betidanik eduki dau irudimen handia, marrazteko erraztasuna eta 3D bisualizazioa. Horregaitik, bada, ez da kasualidadea izan arkitekturea ogibidetzat aukeratu izana. Ikasketak Donostian hasi ebazan, baina SICUE programaren bidez Sevillako unibertsidadera ailegatu zan, eta hango metodologia hainbeste gustau jakon, ezen bere espedientea unibertsidade horretara helarazoteko eskatu baiteban. Bosgarren mailan dago gaur egun, eta hiru irakasgai eta gradu amaierako lana baino ez jakoz faltaten karrerea amaitzeko.

“Horreek guztiak ikasturtearen bigarren lauhilekoan pilatu jataz, eta kanpoan bizi izatea oso garestia danez, gurasoakaz adostu neban lehenengo lauhilekoa berton emongo nebala, eta praktikak-edo egiten ahaleginduko nintzala”. Halan ezagutu eban Baltistan Fundazinoa eta Pakistanera bidaia egiteko aukerea etorri jakon.

“Fundazinoa amaren lagun baten bitartez ezagutu neban. Proiektu ezbardinak dabez Pakistanen, Baltistan eskualdean, eta horreetako bat Machule herrian 600 ikasle hartuko dauzan institutua eraikitzea da. Nik proiektuan parte hartuko nebala argi egoanean, fundazinotik deitu eusten esateko egitasmoan beste arkitekto bat arituko dala, IMB estudioko Gloria Iriarte. Orduan, beragaz batera proiektua diseinatzen hasi nintzan eta bere estudioan praktikak egiten”.

Proiektua egiteko, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasle batek orain dala urte batzuk egindako karrera-amaierako proiektuan oinarritu dira. “Hango mendiak harritsuak dira, eta 2010ean euriteek lur-jauziak ekarri ebezan eta berrogei etxebizitza baino gehiago suntsitu ziran. Baltistan Fundazioari esker, 25 etxebizitza berreraiki ziran. Hara topografo bat, EHUko irakasle bat eta ikasle bat joan ziran, eta azken horrek karrera-amaierako proiektu moduan aurkeztu eban egitasmoa. Gu, gaur egungo beharrizanak kontuan hartuta, bere lanean jasotako informazinoaz baliatu gara gure proiektua egiteko”.

Institutua 2.640 metro karratuko lursail baten altxauko da. Dagoaneko, eraikin bi dagoz eginda eta bertan zortzi ikasgela atondu dira. Garazik beste 24 ikasgela hartzeko proiektu bat diseinatu dau. “Idea da moduluzko eraikinak egitea, eta finantzazinoa lortu heinean altxatzea”. Lanak otsailean hastea espero dabe. “Gaur egun, kalean ikasten dabe, eta abendutik otsailera ez dago eskolarik, bertan, hil horreetan, zeroz azpitik 20 gradura ailegaten diralako”.

 

Aberasgarria

Pakistanera egindako bidaian, politikariakaz-eta hainbat bilera eukitzeaz ganera, hango lan egiteko modua ezagutzeko aukerea euki dau Garazik. “Pentsau behar da, gugaz alderatuta, kultura eta eraikuntza arloetan 60 urteko atzerapena dabela. Ondorioz, hormigoiaren booma biziten ari dira. Baina hormigoia ez da bape ekologikoa –gainera, Machulu herria oso altitude handian dago eta operatibo handia erabili beharko litzateke materiala hara eroateko-,  eta guk bertako eraikuntza motari jarraitzeko proposamena egin dogu. Hau da, hormigoia erabili beharrean, adobea, egurra, harriak… erabiltea, eta teknikea hobetzea. Halanda be, guk ez dogu azken berbea eukiko. Guk adierazo deutsegu zelan egingo geunken eta euren teknikea zelan hobetu daiteken. Gero, eurek erabagiko dabe halan egin gura daben, edo halan egiteko baliabiderik daben”.

Garazi oso pozik dago, proiektua zein bidaia oso aberasgarriak izan diralako. “Alde batetik, oraindino ez dot karrerea amaitu, eta nik Gloriagaz batera diseinatutako proiektua egia bihurtuko da. Eta bestetik, proiektu solidarioa zelan egiten dan ezagutzeko aukerea euki dot. Eta hori gustau jat batez be, izan be harremana ez da izan ohiko bezeroakaz izaten dan harremanaren modukoa. Han gure eskarmentua partekatu egin dogu. Hareek, beharbada, ez dabe arkitektura ikasketarik izango, baina saiakuntza- eta errakuntza-metodoa erabilita, badakie zelan egin behar diran gauzak eta halan jakinarazo deuskue. Eta guk be geure ezagutza eta ikuspuntua jakinarazo deutsegu, gero gura/ahal/dakiena egin dagien. Halako trukaketek zer pentsatu emoten deutsue”.

 

Partaidetza

Arkitekto ona izateko asko bidaiatu behar dala pentsetan dau Garazik, eta kultura eta arkitektura mota ezbardin asko ezagutu behar dirala. Horregaitik ez dauka argi non amaituko dan. Halanda be, argi dauka arkitektura sozialean ibiltea gustauko litxakiola, eta lagunakaz zerbait sortzea. Baita Mugarik gabeko arkitektoen alkartearen moduko egitasmo bateko partaidea izatea be. “Arkitektura sozialaren ganean berba egiten dodanean, jentearen partaidetzagaz egiten danaren ganean ari naz. Nire ustez, partaidetzagaz eta ezkerreko mentalidadeagaz funtzionatu behar dogu”. Hala, arkitektoak lurrera jaitsi behar dauela uste dau. “Ez da Jainkoa. Gizartearen mailara jaitsi behar dau, akabuan gizartea izango dalako bere eraikinak-eta erabiliko dituana. Eta gizartearen eritxia kontuan hartuta diseinatu behar dau. Prozesua motelagoa izango da, beharbada, baina hobea be bai. Eraikin batek polita izateaz gainera, atsegina be izan behar dauelako; barrura sartzeko eta barruan egoteko gogoa biztu behar deutsu”.

Arkitekturea gauzak aldatzeko baliagarria be badala uste dau. “Kaleak, esate baterako. Leku batetik bestera joateko erabilten doguz, edo tabernetako terrazan egoteko. Eta ezagunen bategaz topo egiten badogu, apur bat berba egin eta berehala jarraitzen dogu gure bidetik. Bada, kaleak sozializatzeko lekuak be badira, nire ustez, eta kaleen diseinuak aldatu egin leikie gaur egun dogun sozializatzeko modu hori”.

Esperimentazinoa ukitea gustauko litxakion beste arlo bat da. “Aulkiak kalera atera eta jenteak zelango erantzuna dauen ikustea, adibidez”. Eta arkitekto moduan dauezan abileziak gizartearen arazoen konponbideari ekarpena egiteko erabiltea. “Beno! Hori guztia esaten dot oraindino oso gaztea nazalako eta amets egiteko denporea dodalako. Aitak esaten deust horreek ez deustela dirurik ekarriko! (kar, kar).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).