Euskara ahotik ahora

a: Tximintx 2017ko abe. 19a, 09:54

Derion AHORA kanpaina

Tximintx Derioko euskara elkarteak Derion AHORA kanpainari ekin dio azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitartean. Kanpainan 400 derioztar inguruk hartu dute parte eta aipatutako egunetan euskara hutsean aritzeko erronkari eustea eduki du helburu. 

Herritar batzuk ahobizi izan dira eta euskara hutsean egin dute; eta beste batzuk belarriprest izan dira, eta ahalegina egin dute euskaraz aritu direnei ulertzeko.

Antolatzaileak pozik azaldu dira egitasmoak eduki duen erantzunarekin. “Derion, ia 400 pertsonak hartu dugu parte gure burua aktibatzeko, eta euskara gehiago egiteko edo entzuteko konpromisoa hartu dugu, hasierako aurreikuspenak erabat gaindituz. Kontuan hartu behar da Derioko euskaldunen % 20ak baino gehiagok hartu duela konpromisoren bat euskara gehiago entzun dadin”.

Ohitura berriak sortzeko lau egun denbora gutxi badira ere, antolatzaileek adierazi duten moduan, han-hemenka entzun eta ikusi dira elkarrizketan euskaldun berriak tabernetan, Udaletxean, kaleetan, eskolan, kiroldegian… Gainera, mapa batera eraman dituzte euskaraz aritzeko aukera ematen duten establezimenduen datuak, eta datu horiek “hor jarraituko dutela, hurrengo egunetan eta hilabeteetan”. Horren haritik aipatu beharra dago zenbatu dituzten 150 establezimenduetatik erdietan baino gehiagotan egiten dutela euskaraz. “Begi bistan dugu hurrengo erronka: lau egun horietan ereindakoa batzen segitzea hurrengo egunetan eta hilabeteetan. Eta ez ahaztu 2018an lau egun barik hamaika izango direla, eta Derion barik Euskal Herri osoan. Aktibatzeko egunak datoz eta aktibo jokatzeko sasoiak datoz, ahotik ahora”.

Bestetik, abenduaren 3an, Euskararen Egunean, euskararen iturria inauguratu zuten herrian. “Ur berria edango dugu behin eta berriz iturri berritik, eta erreferentzia-gune izatea nahiko genuke, hemendik aurrera, gure Derioko toponimia berrian”.

 

Derion AHORA kanpainan parte hartu duten sei lagunek euren iritzia eman dute egitasmoari buruz. Hiru galdera erantzun dituzte seiek:

  1. Zelan sentitu zara egun hauetan?
  2. Zelan ibili zara kanpainaren txapa paparrean zeneramala?
  3. Harreman-ohitura berririk egin duzu euskaraz egunotan?  

Ane López

  1. Emozionatuta, Deriok erronka honetan parte hartu dauela ikusteagaitik…. Jente askok eroan dau egitasmoaren txapea, eta denda eta taberna askotan izan dogu euskeraz egiteko aukerea. Proba moduan, oso positiboa izan dala esango neuke.
  1. Gustura. Tabernetan, tragoak hartzen, euskeraz nekiala ez ekian jenteak euskeraz egin deust, eta ondo.
  1. Bai. Tabernetan be, adibidez, zerbitzari batzuk euskeraz egiten ebela ez dot jakin, eta orain badakit. Hori be oso positibotzat hartzen dot.

Byron Zurdo

  1. Oso ondo, apur bat urduri, euskara askorik ez dakidalako, baina jendeak pazientzia handia eduki du nirekin hitz egiteko orduan.
  1. Ondo. Jendeak laguntzen zidan eta astiro hitz egiten zuten nirekin. Gustura sentitu naiz, baloratuta eta ondo.
  1. Bada, txapa neramala ikusten zuen jendeak euskaraz hitz egiten zidan, eta ni saiatzen nintzen euskaraz erantzuten. 

Edurne Etxebarria

  1. Pozik. Sorpresa izan da niretzat eta nahiko harro eta pozik ibili naiz, emozio handiarekin. Ahalik eta gehienetan euskaraz egiten ibili naiz.
  1. Harro ere bai. Irakaslea naiz Areetan eta hango eskolan ere kanpaina berdinarekin ibili gara. Derioko txaparekin ibili naiz bertan, hangoa ez nuelako.  
  1. Bai, jendeari euskaraz hitz egin edo, sikiera, entzuteko proposamena egiterakoan. Bada, onartu zuten eta geroztik nigana zuzentzen direnean euskaraz egiten saiatzen dira.

Joseba Arteaga

  1. Nahiko ondo. Leku batzuetatik ibili gara, eta euskaraz egin dugu euskaraz zekitela ez genekien batzuekin.
  1. Ondo, beste gauzaren bat eraman banu bezala. Berdin-berdin.
  1. Bai. Adibidez, denda batera sartu ginen eta ez genekien hangoak euskaraz zekienik. Izan ere, lehenengo hitza gaztelaniaz egin dugu beti berarekin. Eta ikusi genuen berak ere ahobiziko txapa zeramala. Egitasmoari esker, hemendik aurrera berarekin euskaraz egingo dugu.

Maribel Urrutikoetxea

  1. Oso ondo. Euskera beti erabilten dot, baina egun honeetan bereziki euskerea dakian jenteagaz euskeraz egin dot berba, eta gura izan daben guztiakaz. Uste dot oso ondo dagoala noizean behin halako egun bat egotea.  
  1. Ederto. Leku guztietara eroan dot. Goizetik oheratu arte.
  1. Ohitura barririk ez, euskal leku guztietan euskerea erabilteko ohiturea dodalako. Nire ustez, beti erabili behar da euskerea.

Marta Madariaga

  1. Egia esateko, betiko moduan.
  1. Ondo, euskaraz gehiago hitz egitera animatu dit.

        3. Ez, betiko jendearekin ibili naizelako. Egun gutxi izan dira betiko ohiturak aldatzeko. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).