Zein da elkartearen eginkizuna?
Bizkaiko gizonezkoen ile-apaintzaileen elkartea gara eta batez ere gizonezkoen ile-apainketa garatu eta bultzatzea dugu ardura. Era berean, erantzuna ematen diegu bazkideen arazoei, ikastaroak antolatzen ditugu, txapelketak… eta antolatzen gara gure errebindikazioak kalera ateratzeko, esate baterako, BEZa jaitsi dadila. Nire ustez, sektoreak elkartu behar du, horrela guztion artean indar gehiago edukiko dugulako gure errebindikazioei heltzeko. Batzuek uste dute gastu bat dela, baina inbertsio bat da.
Zelan dago sektorea?
Txarto, emakumezkoen ile-apainketa moduan. Pentsa ezazue aldi berean hiru krisi bizitzen ari garela: alde batetik, krisi orokorra, guztiongan eragina duena, handik ateratzen ari garela dioten arren; bestetik, eskaintza eskaera baino handiagoa da, orain ipintzen ari diren ile-apaindegi berri horiek direla-eta; eta azkenik, BEZaren kontua. Krisi betean gaudela % 8tik % 21era igo digute BEZa, eta guk, dagoen egoeragatik, ezin diegu gure bezeroei igo… Beraz, igoera guk bakarrik “jaten” ari gara oso-osorik.
Ile-apaindegiek eta edertasun zentroek kalitateko Q-a lortzeko batzordean zaude. Zein da helburua?
Sektorea ez dago araututa eta nahi duen guztiak, prestakuntza eduki barik, ile-apaindegi bat zabaldu dezake. Eta kontuan hartu behar da guk produktu kimikoak erabiltzen ditugula, artaziak, labanak… Gure helburua da Bizkaiko establezimendu guztiek Q-a eskuratzea, negozio bat ireki ahal izateko, Q-a edukitzea beharrezkoa izan dadila. Bereizgarri horrek bermatu egiten duelako baldintza legalak, teorikoak, higienekoak, prestakuntza arlokoak… betetzen direla.
Irudi batek 1.000 hitzek baino gehiago adierazten du.
Irudia denetarako da baliagarria. Besteek zelan ikusten gaituzten zehaztuko du, baita gu zelan sentitzen garen ere. Gure burua ondo ikusten badugu, gure egoa handituko da, gusturago egongo gara eta gauza gehiago, eta hobeto, adieraziko ditugu. Azken baten, guztiok gara irudia.
Euskaldunok zaintzen dugu gure irudia?
Denetarik dago. Orain dela urteak, gizon eta emakume euskaldunek arroparik eta orrazketarik doterenak eroaten zituzten penintsulan; eta italiarrekin batera, Europako hegoaldean. Bilboko emakumeek arropa eta beroki dotoreak janzten zituzten, eta oso orrazketa landuak eroaten zituzten. Gaur egun ez dira ikusten halakorik. Gizonak ere oso dotore janzten ziren. Eta oraindik badago nagusiren bat kalera dotore-dotore irteten dena.
Zenbat urte daramatzazu negozioan?
Bizartegia aitak zabaldu zuen orain dela 42 urte. Ni erraztatzera eta bezeroren bati ilea garbitzera etortzen nintzen, eta pixkanaka-pixkanaka sartu nintzen ogibidean. Hamahiru urte nituela hasi nintzen ile-apainketa ikasten, eta titulua atera nuenean hasi nintzen aitari laguntzen. Hogeita zortzi urte pasatu dira handik hona. Aitak duela urte bi eta erdi hartu zuen erretiroa, eta erabaki nuen ile-apaindegiarekin neuk jarraitzea. Krisian egonda aukera bi nituen: edo behera jotzen nuen, edo igotzeko ahalegina egiten nuen.
Ile-apainketa asko aldatuko zen 28 urte horietan.
Izugarri. Batez ere ile-moztea. Gaur egungo modei esker, landuak dira berriro; izan ere, egon zen garai bat non berdin zigun ilea bikoteak edo lonjako lagunak mozten bazigun. Eta ez zen bakarrik ekonomia; moda hori zen eta kito. Gazteak gizarte-sareetan dabiltza orain, ile-mozteak ikusten dituzte, koloreak, marrazkiak… eta eskatzen dizute.
Nortzuek ezartzen dituzte joerak?
Pertsona zehatzik ez dago, askotan modaz ez dakien baten bat izan daiteke. Diseinatzaileak eta marka komertzialak alde batera utzita, badago errealitate bat ibiltokian ez dagoena: egunez egunekoa. Edozeinek igo dezake bere argazki bat gizarte-sare batera, eta handik egun bira lortu bere zapatilak, prakak, ile-moztea… modan egotea. Bestetik, futbolariek ere ezartzen dituzte joerak.
Ile-apaintzaileek etengabeko prestakuntza beharko duzue, hain aldakorra den modari heldu ahal izateko.
Bai, gaur baliagarria denak bihar ez duelako balio. Edo aldrebes. Gainera, tresna berrien funtzionamendua ezagutu behar dugu. Ni irakaslea ere banaiz, eta ilea mozteko teknikak izugarri aldatu dira. Era berean, gizarte-sareak erakustoki ezin hobea dira gure lana besteei erakusteko, eta ikus dezaten etengabeko prestakuntza horretan gabiltzala murgilduta, hobetzeko eta bezeroari zerbitzurik onena eskaintzeko.
Zein da joera udaberri-udarako?
Oso ile laburra beheko aldean, lausotuta goiko aldeko ilearekin, eta, pertsonaren gustuaren arabera, goiko aldeko ilea luzeagoa edo laburragoa. Ile-mozte hori joera da orain dela urte batetik hona, eta joera izaten jarraituko du. Lerrotxo edo marrazkitxoren bat ere egin daiteke, jendeari modari jarraitzea gustatzen zaio, baina aldi berean apur bat ezberdina izatea ere bai.
Bizarra ere ipini da modan.
Bai, asko. Guk bizarra egiten eta apaintzen dugu. Asko aldatu da bizarraren moda. Orain dela urte batzuk hipsterren bizar luzeak zeuden modan; eta gaur egun, bizar laburragoak. Ondo apainduak eta hidratatuak.
Bizarginen arteko bataila
Iñakik hainbat txapelketatan hartu du parte, baita bizarginen arteko batailetan ere. “Hegoamerikatik ekarri den ekintza bat da. Proba ezberdinak egin behar dira: lausotuak, kolorea, marrazkiak, hair tatto, ile-moztea artaziak erabilita egitea… Kategoriak ere badaude: gazteak, estilo librea, emakumezko bizarginak…”. Azaldutakoaren arabera, halako batailak Estatuko hainbat herritan egin dira, baina gure inguruan ez dira inoiz antolatu. Horregatik Gasteizeko lagun batekin hitz egin eta animatu dira bertan bizarginen arteko bataila bat antolatzera. Hitzordua apirilaren 22an izango da. “Oso ekintza polita da. Probetarako zure burua oso ondo prestatu behar izateaz gainera, jende pilo bat eta euren lan egiteko era ezagutzeko aukera duzulako”. Informazio gehiago: www.barberbattledelnorte.tk.