Larrabetzukoa apirilean 15ean, 17:30ean, Derioko Gurea Aretoan egingo den saioan arituko da. Berarekin batera, hauek ibiliko dira oholtzan: Aissa Intxausti Aburruza (Lekeitio) Enare Muniategi Etxabe (Gautegiz-Arteaga) Iñigo Kortazar Elias (Algorta) Koldo Gezuraga Seijido (Gernika-Lumo) eta Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia).
Udaberriko fasetik puntuazioz sailkatuko dira Udagoieneko fasera. Hori urrian hasiko da eta bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu. Kanporaketetara 2014an finalista izandakoak batuko zaizkie Udaberriko fasetik sailkatuei. Fase horretan guztira 30 lagunek hartuko dute parte. Finalaurrekoetan, berriz, 2016an finalista izandakoak sartuko dira.
Udaberriko faseko sarrerak txarteldegian erosi beharko dira, ez direlako aurretiaz salduko. Txarteldegia saioa hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko da. Sarrerak hiru eurotan ipiniko dira salgai, baina bazkideek euro bi ordainduko dute. Hamasei urtetik beherakoak doan sartuko dira aretora.
Bestetik, aipatu beharra dago, 2016an, Etxahun Lekue Etxebarria larrabetzuarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuela. Eta aurtengo txapelketaren talde teknikoan beste larrabetzuar bi egongo direla: Joseba Etxebarria Uriarte, talde antolatzailean; eta Leire Etxebarria Gaztelu, epaile taldean.
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak hainbat helburu ditu, besteak beste, bertsogintzaren oinarria finkatzea eta garatzea, komunitate euskaldunari eta euskal kulturgintzari ekarpena egitea, jendarte anitzaren isla izatea, Bizkaiko bertsolaritza azeleratzea eta Bertsozale Elkartearen lana jendarteratzea.