25 urte emakumezkoen alde lanean

Aikor aldizkaria 2018ko api. 5a, 11:40

Sutondoan Derioko emakumeen elkartea

Sutondoan elkarteko kideak 25. urteurrenaren ospakizunetan dabiltza murgilduta. Mende laurdena, emakumezkoak heziten eta ahalduntzen. Ibilbide horretan senideak, lagunak eta erakundeak inplikatzea lortu dute.   

Begoña Maillo elkartearen gaur egungo presidentea da; eta Gloria Bosque, elkartearen barruan dagoen antzerki taldeko kideetariko bat. Hasiera-hasieratik daramate elkartean biak. “1992ko abenduaren 23an eratu ginen ofizialki. Goio Egia herriko udaltzain zebilen garai hartan eta emakumezko batzuei egin zien elkartea sortzeko proposamena. Izan ere, herrian ez zegoen emakumezkooi zuzendutako ezer, eta helburua emakumezkoak etxetik ateratzea zen, eta bada. Etxetik ateratzea, eta emakumezkoak heztea eta informatzea. Ondo informatuta dagoen emakumezkoa emakumezko ahaldundua delako”.

Lau emakumezko hasi ziren elkartean, baina egitasmoa ahoz aho zabaldu zen eta berehala lortu zuten 60 bat emakumezko batzea. Sira Elorriaga lehenengo presidentea izan zen. “Ilusio handia geneukan, eta gauzak egiteko gogo bizia. Ondorioz, arrakasta erabatekoa izan zen. Gainera, urte horietan Emakunde ahalegin berezia egiten zebilen emakumezkoen elkarteak sortzeko, eta laguntza handia jaso genuen eurengandik. Foru Aldunditik ere bai”. Gaur egun, 257 kide inguru dira. “Estatutuetan Derioko elkartea ginela ipini genuen, baina beranduago haiek aldatu eta Txorierriko elkartea ginela esan genuen. Geroago estatutuak berriro aldatu eta Bizkaiko elkartea gara orain. Derioko emakumezkoak ez ezik, Loiukoak, Portugaletekoak, Basaurikoak, Urtuellakoak… ere bagaude gurean. Derioztar ez direnek lagunen bitartez eduki zuten elkartearen berri eta hasi ziren antolatzen ditugun irteeretan-eta parte hartzen. Hain ondo tratatu genituen, ezen erabaki baitzuten gurekin bat egitea”. Urte hauetan aldatu ez dutena elkartearen izena da: Sutondoan, Derioko emakumezkoen eta kontsumitzaileen elkartea.

“Pertsona eta emakumezko moduan hazi nahi dugu. Horretarako, gure burua arlo guztietan trebatu nahi dugu eta ikastaroak, hitzaldiak… antolatzen ditugu. Hasi ginean, batzuek ez zekiten irakurtzen eta ikastaroak egin genituen, ikas zezaten. Interesgarriak jotzen ditugun gaiak lantzen ditugu hitzaldietan, eta gaurkotasuna dutenak ere bai. Iaz, esate baterako, euskal kupoa eduki genuen hizpide: zer da, zertarako balio du eta zeintzuk dira hari lotuta dauden betebeharrak eta abantailak”. Euren eskubideak ezagutzeko hitzaldiak ere antolatzen dituzte eta haiek beren erreferentziako abokatuak ematen dizkie, Olga Macíak. “Hasierako hitzaldi batean, aurrezki-libretan senarraren izenaz gainera gurea ere agertu behar zela esan zigun, senarra hiltzen bazen, arazoak eduki ditzakegulako. Eta, noski, guk ez genekien ezer horri buruz… Bada, hurrengo egunean guztiok joan ginen korrika banketxera, aurrezki-libretetan gure izena ere ipintzera! (kar, kar)”.

Era berean, antzerki taldea eta abesbatza dituzte elkartean. Euskara eskolak jasotzen dituzte eta irteera pilo bat antolatzen dute urtean zehar. “Irteeretara gizonezkoak ere etor daitezke, baina ikasturte amaierakoa bakarrik guretzat, emakumezkoontzat, da. Aurten, Peñiscolara joango gara, 25. urteurrena ospatzera”. Besteak beste, kakorratz-lanak eta gurutze-puntua egiten dituzte eta hainbat tailer antolatzen dituzte, adibidez, oroimena trebatzeko, erlaxatzeko eta risoterapia. Himno bat ere badaukate. “Bazkideen urtebetetzeak ospatzen ditugu, Santa Ageda egunean abestera ateratzen gara, herriko jaietan hartzen dugu parte…”. Izan ere, hasieratik oso partaidetza aktiboa eduki dute Derioko bizitza soziokulturalean. “San Joan egunean, esaterako. Lehen suak pizten ziren herriko hainbat txokotan, baina txosten bat egin zen herritarrak su handi bakar batean inguruan biltzeko, eta Udalak onartu egin zuen. Sardinak erretzen genituen eta 150 litro txokolate prestatzen genuen herriko guztientzat. Eta ez pentsa! Txokolatea guk geuk zatitzen genuen, zati txiki-txikietan, eta su oso txikitan prestatzen genuen, gainera. Hori bai lana! Gero eta jende gehiago biltzen ginen su inguruan, eta Udalak catering enpresa bat kontratatzea erabaki zuen azkenean”.

 

Aitzindariak

Herriari bizitasuna ematen aitzindariak izan direla aipatu digute. “Gurea sortu zenean oso elkarte gutxi zeuden herrian eta Udalak ez zuen ezer antolatzen. Gero ikusi zuten gure hitzaldiak, ekintzak… arrakastatsuak zirela eta haiek ere hasi ziren gauzak egiten. Zorionez, gaur egun elkarte piloa gaude Derion. Orain dela urte batzuk euskal ezkontza antolatu zen, ederra izan zena, eta herriko elkarteetako kide askok hartu genuen parte bertan. Gure ustez, ekintza hori baliagarria izan zen elkarteok batuago egoteko”.

Derioko emakumezko gazte batzuk elkartu dira eta Koxak talde feminista osatu dute. Sutondoan elkarteko ordezkariek hori gauza handia eta polita dela uste dute. “Baina esan diegu lehenago egin behar izan zutela. Martxoaren 8an, pankarta genuela, udaletxean elkarretaratzen ginean, jendeak bitxiak izango bagina moduan begiratzen zigulako: hara, hor daude atso horiek berriro!”. Aurtengo Emakumeen Egunari buruzko hausnarketa ere egin dute. “Ederra prestatu da! Normala, denak duelako muga bat, eta emakumezkook nahikoa dela esan dugulako. Emakumezko guztiak ados jartzen bagara, mundua gelditzen da. Asko eta asko pentsatuko lukete, munduko emakumezko guztiek ados ipintzea lortuko bagenu. Egia da gauzak ez direla lehen moduan; etxean, esaterako. Gero eta gizonezko gehiagok beren partea egiten dute, baina hori emakumezkoon lorpena eta lana izan da, seme-alabei erakutsi diegulako etxea bertan bizi diren guztien ardura dela. Guk ez dugu laguntzarik behar, gauzak ederto egiten dakigulako. Guk nahi dugu bakoitzak bere partea egin dezala. Parekotasunaren haritik, ikastaro asko eman dira elkartean”. Erakundeen jarrera ere salatu dute. “Guk erakundeek baino askoz lehenago ospatu eta aldarrikatu ditugu Martxoak 8 eta Azaroak 25. Haiek oraintsu erakutsi dute interesa-edo, eta ahoa hitzez betetzen zaie egun horiek ailegatzen direnean. Ez dakigu gainontzeko egunetan zertan ibiliko diren”.

Pozik baino pozago daude elkarteak 25 urte bete dituelako. “Gainera, hasi ginean inork ez zuen konfiantzarik guregan”. Elkartean egotea askeagoak izateko baliagarria izan zaie. “Jakiteak boterea ematen duelako, eta dagoeneko ez gara kikiltzen etxean edo lagunen artean eztabaida dagoenean. Badakigulako zeri buruz hitz egiten ari garen. Gizonezkoek ere esaten digute: Ene, zenbat ikasi duen nire emazteak zuekin elkartean dagoenetik! (kar, kar). Bestetik, lehen pentsaezina zen gu bakarrik, senar barik, oporretara joatea; bada, orain bagoaz. Nahi dugulako eta inori baimena eskatu barik”.

 

Ekitaldi nagusia

Urteurrena apirilaren 14an, arratsaldez, ospatuko dute Derioko kiroldegian. Elkartearen historia laburbilduko dute ekitaldian, eta antzezlanen esketxak eskainiko dituzte. Poesiaren bat irakurriko dute eta zuzenean erakutsiko dituzte elkarteko emakumezkoek egiten dituzten lanetariko batzuk. Kopaua ere egongo da. Kiroldegian jende piloa batzea espero dute; herritarrak, elkarteak eta erakundeetako ordezkariak, tartean.

Esku artean erronka handirik ez daukatela aitortu digute. Hori bai, beraien lokalen bat edukitzea gustatuko litzaieke, “Kultur Birikan dugun aretoa herriko beste taldeekin partekatu behar dugulako, eta beti orduari begira ibili behar dugulako. Gainera, ez da leku egokia mota batzuetako ikastaroak antolatzeko, adibidez, erlaxazio ikastaroak, zarata handia dagoelako”. Era berean, aipatu digute edadeko emakumezkoak ez direla haraino igotzera ausartzen. “Badakizue, aldaka dela, belauna dela… Ondo legoke geure lokala izatea, bertan nahi duguna eta presa barik egin ahal izateko. Bestalde, nahi izanez gero, asteburuetan ere joan ahal izateko nahi duenak, esaterako hitz egitera, irakurtzera, albisteez mintzatzera, kartetan aritzera…”. Diru aldetik konpontzen direla diote. “Diru-laguntza bat jasotzen dugu Udaletik eta Emakundek ere diru apur bat ematen digu. Bazkideek kuota bat ordaintzen dugu eta bagoaz ahal den moduan konpontzen”.

Zilarrezko ezteiak ospatzen dabiltza; urrezko ezteirik egongo da? “Uf! Guk ez dugu ikusiko, edo zaharrak izango gara oso. Baina hala izatea espero dugu, ea lortzen dugun emakumezko gazteak gureganatzea eta horrela ordezkapena bermatzea. Egia esateko, emakumezko gazteen beharra dugu. Bazkiderik gazteenak 41 urte ditu, baina beste guztiok 60 urtetik gorakoak gara eta 90 urteko bazkideren bat ere badago. Zaila da, emakumezkoek orain beste helburu batzuk dituztelako eta gehiago dakitelako. Seme-alabak ere gero eta beranduago izaten dituzte eta, ondorioz, ez dute ezertarako astirik… Tira! Saiatu beharko dugu ordezkoena modu batean edo bestean bideratzen!". Pena izango delako emakumezko hauek orain dela 25 urte zabaldutako bidetik ez jarraitzea.

 

Antzerki taldea, bastioietako bat

Sutondoan elkarteko emakumezkoek orain dela 20 urte sortu zuten antzerki taldea eta gaur egun ekintza giltzarria da bertan. “Jende gehien batzen duen ekitaldia da. Urtero egiten dugu antzezlanen bat. Gurea Aretoan, Kultur Birikan areto nagusi bat atontzea ahaztu zaielako. Eta Gurea Aretoaren baldintzak ez dira batere onak. Arropa kalean jantzi behar dugu, Udalak horretarako ipintzen dizkigun modulu bitan. Agertokia oso txikia da, eta lekua ere oso txikia denez, emanaldi bi eskaini behar ditugu. Gurea Aretoan baino lehenago, institutuko areto nagusian egiten genuen, baina lan handia ematen zigun: agertokia muntatu, ikasgeletako eserlekuak hartu, ipini, beren lekura berriro eraman… Ea behar moduko aretoa egiten den inon!”.

Antzerki taldea 15 aktore amateurrek osatzen dute, eta hemen gizonezkoak eta jende gaztea ere badaude. “Bakarrik emakumezkoak protagonista diren antzezlanak agortu egin zitzaizkigun, eta zuzendariak, Fernando Ansoleagak, esan zigun ez zuela ondo ikusten emakumezkook gizonezkoen paperak egitea. Ezta aldrebes ere. Bere ustez, egileek begirunea merezi dutelako eta gidoiak ez direlako aldatu behar”. Beste batzuen artean, Mihura eta Lorcaren lanak antzezten dituzte, eta jendaurrean aurkeztuko duten hurrengo lana El caso de una mujer estupenda da. Emanaldiak ekainaren 9an eta 10ean izango dira. “Geuk egiten dugu dena: arropa, dekoratuak, atrezzoa… Baina laguntza ere eskatzen dugu: eskuekin oso trebea den bateren bati, jostunen bati…”.

Ez da batere erraza jendaurrean ipini eta hitz egitea; eta are gutxiago paper bat antzeztea. “Antzerki taldean ikasten dugu irakurtzen, hitz egiten, errezitatzen… Eta agertokira igotzera behin ausartzen zarela, konfiantza handia hartzen duzu zugan eta zure gaitasunetan”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).