Txirrindulari goiztiarra

Aikor aldizkaria 2018ko api. 6a, 10:28

Ioritz Aurrekoetxea I trial txirrindularia

Gazte derioztarrak zazpi urte baino ez dauzka eta horregatik, hain zuzen ere, harrigarria da bizikletaren gainean erakusten duen maisutasuna. Ioritz bankuetatik dabil gora eta behera, eta askotan joan da txapelketetara, noski. Eta batzuk irabazi ere egin ditu. Trial txirrindulari goiztiarra da mutikoa.

Urte bi zituela Ioritz bizikletaz ibiltzen hasi zen. “Ez ditut inoiz gurpil txikiak erabili”, esan digu harro-harro. Hasiera batean, pedalik gabeko bizikletak erabiltzen zituen, jostailu-dendetan saltzen dituzten horietakoak, beste ume askok bezala. Baina apur beranduago pedalak erabiltzen hasi zen eta, urtebete beranduago, triala egiten. Ioritz aitaren eskutik hasi zen bizikletarekin. “Oso zaletua izan naiz beti: gaztetan neuk ere hartzen nuen parte txapelketetan, errepide zein ziklo-kros mailakoak. Bizikletara bideratu nuen Ioritz, oso kirol polita delako eta, horri esker, hainbat gaitasun hartzen dituzulako: oreka, koordinazioa… Gainera berari ere betidanik gustatu izan zaio eta oso trebea izan da”, esan digu Iñigok, Ioritzen aitak.  

Ioritz eta aita inguruko landetan eta kaleetan hasi ziren entrenatzen euren kabuz. “Bizkaia mailan ez dago ia inor triala bizikletaz egiten duenik. Azkenean, Barakaldoko talde bat topatu nuen, baina txirrindulari guztiak dira Ioritz baino nagusiagoak. Normalean, Sondikan entrenatzen dugu, baina Barakaldoko Udalak baimena eman digu Gorostizako kiroldegian entrenatzeko gune bat atontzeko”, azaldu digu Iñigok. “Niri kalean entrenatzea gustatzen zait”, gaineratu du Ioritzek.

Gasteizen trial eskola bat dago eta batzuetan hara ere joaten dira entrenatzera. “Normalean bakarrik entrenatzen dut, baina hori  aspergarria da. Gasteizen, aldiz, nire adineko lagun batzuekin ibiltzen naiz eta primeran pasatzen dut”, dio Ioritzek.  Batzuetan aitak harriekin edo paletekin prestatutako zirkuituak egiten ditu gazte derioztarrak; eta besteetan, kalean topatzen dituen oztopoak –bankuak, zintarriak…– gainditzen ditu. “Denetarik egin behar du, txapelketetan edozein motatako oztopoei aurre egin behar diezulako”.   

Bai, Ioritzek txapelketetan ere hartzen du parte. “Lau urte zituela hasi zen lehian sartzen. Bike trial mailan jokatzen du normalean, 7-9 urteko mailan; baina beste batzuetan 10 urteko mutilen kontra jokatzen du. Bizkaian ez da gauza handirik antolatzen, baina Reinosan (Kantabria) eta Gipuzkoan hainbat lehiaketa egiten dira. Urte hasieran, Gipuzkoako txa­pelketa jokatzen da eta Reinosan hilabetean behin antolatzen dute saioren bat. Iaz Kantabriako Openean laugarrena gelditu zen, eta orain dela urte bi, bigarrena. Eta aurten Reinosan antolatzen dituztenetako saio bat irabazi du", aipatu du Iñigok.

“Lehian sartzea izugarri gustatzen zait. Gainera, lagunekin ibiltzen naiz txapelketan eta hori oso pozgarria da”, dio Ioritzek. “Oso giro polita dago saio guztietan. Elkarrekin ibiltzen dira, entrenatzen, oztopoen ibilbideak egiten, elkar animatzen dute saioetan... Txapelketan lehiakortasuna da­go euren artean, noski, baina horietatik kan­po lagunak dira”, dio aitak.  

Kirol garestia

Triala egiteko materiala garestia eta ezohikoa da, batez ere bizikleta. Ez dauka eserlekurik eta galgak normalean ez dira diskozkoak, hidraulikoak baizik. Gainera, kuadroa laburragoa da eta piñoia, desber­dina, katea tenteago egoteko. Ioritzek ba­besgarri batzuk janzten ditu: buruan, zan­goetan, bizkarrean… "Garestia bada, eta nekez topatzen dira, denda espezializatuetan baino ez dituztelako saltzen. Eta bigarren eskuko merkatua txikia da, bizikleta gutxi dagoelako. Semearen bizikleta nik neuk muntatu nuen zatiz zati".

Ioritzek trialerako zaletasuna piztu du bailaran. Izan ere, Joseba, Derioko beste mutil bat, liluratuta gelditu zen Ioritzekin behin herritik entrenatzen ikusi zuenean. “Nire lehengusuaren laguna da”, esan du Ioritzek. “Ioritz baino pare bat urte nagusiagoa da eta apurka-apurka sartzen dabil trialean. Hasiera batean, Ioritzek utzi zion bizikleta; geroago, gurekin ibili zen entrenatzen nik utzitako bizikleta batekin. Eta azkenean berak erosi du bizikleta”, dio Iñigok.

Ioritzek saskibaloian ere jokatzen du Txorierri Basketland taldean, baina gazteak bizikleta nahiago du, zalantzarik ga­be. “Pilota edo futbola, esate baterako, ez zaizkit gustatzen, kirolariak elkarren ar­tean borrokatzen dutelako. Bizikletaz, aldiz, nire kabuz ibiltzen naiz leku batetik bestera”. Iñigok esperientzia handia dauka herri kirolean eta bere ibilbideari jarraituz, zelan ez, Ioritzek horietan ere aritu da. Dena dela, bizikleta da gazteari gehien gustatzen zaiona. “Zaila da orekari eustea, baina polita da  lortzen duzunean eta oztopoak gainditzen dituzunean”.