Tunelaren kontrako plataforma sortu da Derion

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 23a, 13:50

Aste batean 1.000 sinadura batu dituzte, Txorierri etorbidearen eta Astintze kalearen arteko oinezkoentzako trenbide pasagunea ordezkatzeko egiten dabiltzan azpiko pasabidearen lanak geldiarazteko.  

Euskal Trenbide Sarea lanak egiten dabil Txorierriko trenbidea hobetzeko eta geltokiak Bilboko Metroaren 3. lineako geltokiekin bateratzeko. Lanetan 5,5 milioi euro ipiniko dira. Lan garrantzitsuenetako bat Derioko tren-geltokia berritzea da. Alde batetik, oraingo ataria handitu egingo da, oinezkoen sarbidea egokitu eta igogailu bat ipiniko da, eta geltokiaren irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetuko dira. Bestetik, Txorierri etorbidearen eta Astintze kalearen arteko oinezkoen trenbide-pasagunea kendu eta horren ordez azpiko pasabide bat eraikiko da. Pasabidea hiru metro zabal eta bederatzi metro luze izango da, eta 2,5 metroko sakoneran eraikiko da.

Herritar talde baten iritziz, azpiko pasabide hori, edo tunela, puntu beltz handi bat izango da eta Tunelik Ez Plataforma osatu dute, lanak geldiarazteko. Aste batean 1.000 sinadura batu dituzte eta horiek udalari aurkeztu dizkiote. “Bizkai osoan dabiltza horrelako tunelak kentzen, arriskutsuak direlako, bai emakumeentzat eta bai edozein herritarrentzat ere. Beraz, gurean berria egitea kontraesana da. Onartzen dugu, trenbide-pasagunea kentzen bada, auzokideei alternatiba bat eman behar zaiela, baina guk ez dugu tunel hori nahi”. Horren haritik, aipatu digute beste proiektu bi aztertu direla hor ipintzeko, eta horietan bietan kanpoko pasabide bat jaso dela. Era berean, gogora ekarri dute leku horretatik egunero jende asko pasatzen dela, auzokoak zein langileak, eta tunelaren zabalera eskasa izango dela. Herritarren artean, tunelaren gaineko informazio gutxi zabaldu dela kexa hori ere adierazi dute.

Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, hasieran ez zegoen trenbide-pasagunea ordezkatzeko beste proiekturik, baina Euskal Trenbide Sareari eskatu zioten bertan igarobideren bat ipintzea, auzokideei kalterik ez eragiteko. Euskal Trenbide Sareak bakarrik azpiko pasabidea eman zuen bideragarritzat. Beste proiektu biak, hainbat arrazoi teknikogatik, baztertu egin ziren.

Eusko Jaurlaritzako Erakunde Publikotik adierazitakoaren arabera, kanpoko pasabidea zazpi metroko alturan eraiki beharko litzateke trenbidearen gainetik, eta oso hurbil geldituko litzateke alboko etxeetatik. Ondorioz, bertako auzokideek intimitatea galduko lukete. Desjabetzeak ere egin beharko lirateke. Era berean, esan dute kanpoko pasabidea azpikoa baino luzeagoa izango litzatekeela, eta erabiltzaileek denbora-tarte handiagoa eman beharko luketela leku batetik bestera pasatzeko. Azkenik, Erakunde Publikoaren ustez, azpiko pasabideak kanpokoak baino segurtasun-berme handiagoak eskaintzen ditu eta hobeto egokitzen da mugikortasun urriko pertsonen beharrizanetara.      

 

Segurtasuna

Proiektua Udaleko Hirigintza Batzordean landu zuten alderdi guztiek. “Guztiok esan genuen ez zela gehien gustatzen zitzaigun aukera, baina Eusko Trenbide Saretik eman ziguten aukera bakarra zenez, pentsatu genuen hobe zela leku horretan igarobidea mantentzea, eta hartu beharreko neurri guztiak hartzea, oinezkoen segurtasuna bermatzeko”, esan digu Apraizek. Horrela, eta azaldutakoaren arabera, argiak eta bideo-kamerak ipiniko dira tunelaren barruan eta kanpoaldea urbanizatu egingo da. Gainera, aztertzen dabiltza, beharrezkoa bada, tunela gauez ixtea eta erabiltzaileei inkestak egitea, euren iritzia jakiteko. Lekua ez dela segurua egiaztatzen bada, tunela behin betiko ixtea ere gerta liteke. Plataformatik, hala ere, ez dute uste neurri horiek tunela leku segurua bihurtuko dutenik. “Erasoa edo lapurreta ez dira ekidingo; grabatu egingo dira, besterik ez”. Bestetik, Apraizek azaldutakoaren arabera, bilerak egin dira proiektuak eragiten dien auzokideekin eta Beitu udal aldizkarian ere eman dute tunelaren berri.

Tunelik Ez Plataformako kideak alkatearekin batu dira eta euren ezadostasuna eta kezkak jakinarazi dizkiote. Alkateak kezka horiek helarazi dizkie Euskal Trenbide Sareko ordezkariei, eta plataformak jasotako sinadurak ere aurkeztu ditu. Euskal Trenbide Sareko ordezkariak prest azaldu dira plataformako kideekin bilera edukitzeko eta obrari buruz hitz egiteko.

Platafornako kideak barikuetan batzen dira Kultur Birikan. Haiekin harremanetan ipintzeko, tunelikezplataforma@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).