"Gaur egun, Derio bizitzeko moduko herria da"

Aikor aldizkaria 2018ko uzt. 6a, 09:30

Rafael Mendia, irakasle erretiratua

Duela 40 urte, Rafaelek maisua izateko oposizioak atera zituen eta Deriora etorri zen lan egin eta bizitzera. Ordutik aurrera, eskolako zuzendaria izan zen, zinegotzia eta, besteak beste, Nahaste-borraste aisialdi taldearen sortzaileetako bat. Rafael aditua da pedagogian baina, batez ere, herriak bizi izan duen bilakaeraren lekuko aparta.

Zer dela-eta heldu zinen Deriora? 

1978an, oposizioak gainditu nituen eta Deriora etorri nintzen. Txikitan ezagutu nuen, aitarekin Bizkaian zehar txangoak egiten nituelako. Uste nuen herri bukolikoa zela, baina ustea erabat okerra zen (kar, kar). 

Nolako Derio topatu zenuen 1978an?

Desastre hutsa zen. Heldu nintzenean, Derio Bilbo barruan zegoen, eta horregatik erabat abandonatuta zegoen, zerbitzurik gabe. Hainbat aldarrikapen egin beharra zegoen eta, horretarako, Mungialde kalean, gaur egun trenbide-pasagunerik ez dagoen bidegurutzean, han batzen ginen. Omenaldia egin beharko genioke bidegurutze horri (kar, kar). Herrian ez zegoen kalerik; ur-hornikuntza ez zebilen behar bezala… Eta eskola, berdin: barrakoi batzuek osatzen zuten eskola; ateak, apurtuta… Negargarria. Hala ere, pertsona ederrak topatu nituen Derion. 

Pertsonak aipatu dituzu. Horiei esker hasi zineten herria aldatzen, ezta?

Bai. Harremanetan egon ginen auzokideen elkartearekin, guraso elkarteekin, gurasoen eskola antolatu genuen… Eta guztien artean, hainbat gabezia salatu genituen: mediku-kontsultategia, liburutegi publikoa… Horren haritik, elizako eskaut tal­dearekin batera, Nahaste-borraste aisialdi taldea sortu genuen. Eskolan lan itzela egin genuen herriaren alde. Esate baterako, inauteriak antolatu genituen. 

Iaz, Derioko jaietan, omenaldia jaso zuen Nahaste-borraste taldeak. Hain garrantzitsua izan zen? 

Garai hartan, bai. Eskolako jantokia era­biltzen genuen eta Gurasoen elkarteak laguntza eskaintzen zuen: jokoak, zinema, tailerrak… Baina garrantzitsuena monito­reak heztea izan zen, horrek taldeari jarraitasuna eman ziolako eta, horri esker, belaunaldi berriek taldean sartzeko aukera izan zutelako. Taldea ludoteka bihurtu zen eta azkenean, Udalak bere gain hartu zuen. 

Eskola oso garrantzitsua izan zen herrian, ezta? Agian orain baino garrantzitsuagoa?

Eskola komunitatearen ekipamendua da eta horregatik oso harreman estua izan beharko luke inguruan duen erreali­tatearekin. Gurasoek zeresan handia dute eskolan eta eskolak euren ekarpenak hartu behar ditu kontuan. Eskola komunitatearen tresna bat da eta gizarte horren beharrizanei erantzuna eman behar die. Eta, horretarako, eskola egokitu behar ba­da, egoki dadila. Curriculuma ez dago hain itxita eta ikasleen eta testuinguruaren arabera diseinatu behar da: horrela, inklusiboagoa izango da. Derion ildo honi jarraituz egin genuen lan. 

Politikan ere ibilia zara, 1983tik 1987ra bitartean zinegotzia izan zinelako Udalean. 

1983an, Derio desanexionatu zen Bilbotik eta, orduan, gure herria kudeatzen hasi ginen. Alderdi guztiek eskaini zidaten euren zerrendan sartzea, baina nik Euskadiko Ezkerra aukeratu nuen. Zergatik politika? Politikak mundua aldatzeko balio du eta, nire ustez, eskola ere bada politika, gizartea aldatzen duelako. Alderdien politika ez da hain garrantzitsua. Argi nuen politika ez zela inondik inora nire lanbidea izango, alderdian-eta batere eroso sentitzen ez naizelako. 

Pedagogia ere ikasi zenuen?

Bai, heziketa teorikoa osatu nahi nue­lako. Gogorra izan zen, garai hartan la­nean ere banenbilelako. Horrek beste lan­bide batera bideratu ninduen. Derioko eskola utzi eta Eusko Jaurlaritzan hasi nintzen lanean: hasieran, irakasleak hezkuntza berezian hezten ibili nintzen; geroago, Eusko Jaurlaritzak egindako hezkuntza be­reziaren inguruko batzordearen kidea izan nintzen 1987an; eta jarraian, Irakas Baliabideetarako Etxea (IBE) sortu zen, des­gaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko, eta hango zuzendaria izan nintzen. Harrezkero, beste lanpostu batzuetan ere ibili nintzen: Curriculuma Eratzeko Institutuan, Irakaskuntza Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundean eta, azkenik, Hezkuntza saileko aholkulari ibili nintzen, batez ere hezkuntza-inklusio arloan. Eta han hartu nuen erretiroa. 

Hezkuntza-inklusioa izan da zure kezka nagusietako bat...

Bai, erakunde publikoek hainbat diru gastatzen dute horretan, baina askotan ez dakite zer egin. Eta horixe izan zen, hain zuzen ere, nire lana: politikariekin hitz egin, inklusioaren aldeko erabakiak hartzeko. 

Berrogei urte daramatzazu Derion. Herria hobea da gaur egun? 

Bai, askoz hobea. Gaur egun, Derio bizitzeko moduko herri bat da: hornikun­tzak, dendak, kiroldegia, Kultur Birika, medikua… Denerik dago. Gainera, hainbat elkarte daude herrian. Hala ere, arazo bi ikusten ditut: batetik, hegazkinek baxu-baxu igarotzen dira herritik, baina etxeak intsonorizatu ditugunez, moldatu egin gara; bestetik, nahiz eta elkarte asko egon, pertsona gutxik hartzen dute parte herriko bizitzan. Eta parte hartzen dutenean, politikariek ez diete jaramon handirik egiten. Eta hori Derion legez hainbat erakunde publikotan gertatzen da. Agenda21 noizbait antolatzen da, baina Udalak horren berririk ez du ematen eta horrek etsipena sortzen die herritarrei, eta parte hartzeko gogoa galdu egiten da. 

Derio ikaragarri hazi da azken urteotan. Faltan botatzen duzu lehen ze­goen nortasuna eta gauzak aldarrikatzeko gogoa?

Bai. Guztion artean, derioztar berriak herriko bizitzan inplikatzeko erak bilatu beharko genituzke. Elkarteen eredua ere aldatu da izugarri, bakoitza bere kontuetara doalako. Nor bere zaletasuna lantzeko esparruak baino ez dira. Elkarteek ez dute lehen zuten ikuspuntu orokorrik. Salbuespenak badaude, Sutondoan elkartea, esate baterako, baina kasu honetan, kideak gero eta nagusiagoak dira. 

2006an hartu zenuen erretiroa. Zer egin duzu ordutik hona?

Zerbitzu-ikaskuntza inguruko proiektu batean hasi nintzen lanean, Zerbikas elkartearekin. Zerbitzu-ikaskuntzaren bi-       ­ dez, gazteek curriculumeko ikasgaiak ikas­ten dituzte, lan komunitarioa egiten duten bitartean. Adibidez, parke zati bat babesteko hartzen duten umeak, ibai bat garbitzen duten ikasleak… Ameriketan askotan egiten dute. Horren haritik, nazioarteko mintegi batean parte hartu nuen parte Buenos Airesen. Gainera, eurek garatutako Fundazioaren presidente izendatu ninduten, eta 10 urte daramatzagu hori Euskal Herrian bultzatzen. 

Irakasleak hezten ere jarraitu duzu? 

Bai, gizarte-bazterketa arriskuan dauden gazteekin lan egiten duten irakasleekin ibili naiz lanean, Uruguain, El Abrojo elkartearekin batera. Ez nuen Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohia ezagutzeko aukerarik izan , baina bai, gaur egunekoa, Tabaré Vázquez. Uruguain hezitzaile guztiek kontzientzia politiko handia dute eta hori izugarri gustatu zitzaidan eta aurrera egiteko gogoa eman zidan. 

Eta noiz arte?

Gero eta gauza gutxiago egiten saiatzen naiz, baina ezin dut. Osasun aldetik ondo nabilen bitartean, ekarpenak egiten jarraituko dut. Gazteek adintsuok ordezkatu behar gaituzte. Eta horretan nabil, ea gazteak arlo horretara erakartzen ditudan. Argi dut iraungipen-data badudala. 

 

 

 

Hausnarketak, hekuntzari buruz

Rafael (Irun, 1945) bost urte zituela Bilbora heldu zen. Gaztetan, Magisteritza ikasi zuen eta Bilboko auzo apaletan –Peñaskal, Uretamendi eta Zabala– hasi zen lanean. Irundarrak elkartasunari eta boluntariotzari lotutako hainbat proiektu garatu zituen. "Caritas elkartearekin egon nintzen harremanetan eta, horrekin batera, udalekuen eta aisialdi-zerbitzua sortu genuen, baita gazte zerbitzua ere. Horren bidez, monitoreak hezteko eskola garatu genuen. Gainera, gizarte-bazterketa pairatzen zuten gazteekin bizi izan nintzen". 

Gazteak, aisia, hezkuntza, aniztasu­na, integrazioa... Rafaelek hainbat ar­datzen gainean eraiki du bere karrera. Horien haritik, zenbait liburu eta gida argitaratu ditu, bai bakarrik, bai beste idazle batzuekin. Lehenengoa, 20 Fichas Técnicas para Clubs Juveniles en Acción, 1973an idatzi zuen; eta azkena, Aproximacion al Enfoque Educativo del Tiempo Libre en el Siglo XXI, 2008an. Liburuak, hitzaldiak, ikerketak eta bere ibilbidean zehar egin dituen hainbat lan ikusgai daude bere webgunean, www.rafaelmendia.com. 

Derioztarra aditua da hezkuntzan eta horren inguruko hausnarketa eskaini digu. "Derrigorrezko hezkuntza he-rritar guztiek gainditzeko modukoa izan beharko zen. Curriculuma aztertu behar da, erabilgarria ez dena –ez bizitzarako, ez goi-mailako ikasketetarako–, handik kentzeko. Hezkuntza guztiontzat ala elitearentzat izan daiteke. Geure sistema, tamalez, bigarrena da, hau da, curriculuma ez da adosten. Eta gauza asko aldatu beharko lirateke: metodoak, edukiak, ikasle eta irakasleen paperak, eskolako egitura bera…". 

 

Eskola publikoa

Eskola publikoaren eta itunpekoaren arteko eztabaidari buruz ere galdetu diogu. "Itunpeko eskola gurean egon da betidanik. Ikastola gehienak, esate baterako. Horiei laguntza eman behar diegu? Gai korapilatsua da, baina argi dago baliabideak eman behar dizkiogula publikoari; ez dakit diru gutxiago eman beharko genieken itunpekoei, baina baldintzak zorroztu behar dira, bien arteko orekari eusteko. Adibidez, gizarte-bazterketa arriskua duten umeak, etorkinak eta desgaituak ere eskola horietan sartzeko. Bestetik, itunpeko eskoletan ikasleek ez lukete kuotarik ordaindu beharko".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).