"Fisika polita da oso"

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 17a, 10:56

Jon Legarreta, EHUko irakaslea

Zientziak gazterik harrapatu zuen Jon Legarreta. Derioztarrak Fisika ikastea erabaki zuen, noski, eta Ingeniaritza Eskolan irakasle ibili arren, Astrofisika da liluratzen duen adarra. Jonek planetak ikasten ditu eta, horretarako, NASA bezalako agentziek jasotako datuak erabiltzen ditu. 

Nondik datorkizu zientziarako zaletasuna?

Betidanik. Gaztetan, unibertsoa jorratzen zuen Cosmos dibulgaziozko saioa ikusten nuen telebistan. Carl Sagan astronomo estatubatuarrak aurkezten zuen eta ni erabat harrapatuta ibiltzen nintzen. Arraroa badirudi ere, zientziak telebistari esker harrapatu ninduen. Handik aurrera, teleskopio bat eskatu nien gurasoei eta Fisika ikastea erabaki nuen. 

Eta Fisika ikasi zenuen.

Bai, Leioako campusean. Hirugarren urtean, espezialitatetzat Astrofisika hartzea nuen helburu eta, horretarako, Madrilera joan behar nuen, hemen ez zegoelako. Hala ere, ama hil zen, eta aitari tabernan laguntza emateko gelditu nintzen. Azkenean Elektronikan egin nuen espezialitatea. 

Zer egin zenuen karrera bukatutakoan?  

Lan batzuetan ibili nintzen, baina 1994an eskolak ematen hasi nintzen unibertsitatean,  gero ordezkapenak eta, azkenik, 2002an, plaza hartu nuen. Eta hemen egonda, tesia egitea erabaki nuen, baina elektronikari buruz izan beharrean, Astrofisikari buruz izan zen, Jupiterri buruz hain zuzen ere. Hau da, nire benetako zaletasunera itzuli nintzen. Nire tesia Astrofisikari buruz euskaraz idatzi den lehenengoa izan zen. Bitxia da, eskolak Elektronika sailean ematen ditut, baina ikerketa, Astrofisikan (kar, kar). 

Karrera hasi zenuenean, espero zenuen irakasle lan egitea?

Kar, kar… Ez, inondik inora. Ingeniaritza eskolan lan egin arren, hainbat eta hainbat fisikari gabiltza hemen irakasle. Fisika zientzia nagusia da, mamia, esparru guztiak hartzen dituelako. Fisika polita da oso. Agian kimikari batek beste gauza bat esango du (kar, kar), baina nik horrela ikusten dut. Pozik nago, zortea izan dudala uste dut, hemen, unibertsitatean, egoteagatik. 

Unibertsitateko irakaslea zara, hau da, eskolak eman eta ikerkuntzari ekin behar diozu. Zein nahiago? 

Guk biak egin behar ditugu. Irakasle batzuk ez datoz bat nirekin, baina horrela da. Biak ditut gustuko, baina, nire ustez, garrantzitsuena da eskolak ematea. Horretarako, denbora, gogoa eta jarrera ona eskaini behar diegu eskolei eta ikasleei. Izan ere, gazte barik ez legoke unibertsitaterik eta ni langabezian egongo nintzateke. Eta gero ikertu ere egin behar da, noski. 

Nolako eskolak ematen dituzu?

Robotika, elektronika… Denetarik, ur­te batetik bestera aldatu egiten da. 

Eta ikerketari dagokionez, zer daukazu esku artean?

Orain dela 15-16 urte, unibertsitateko Astrofisikako lagunekin elkartu nintzen eta haiekin batera, Zientzia Planetarium taldea sortu genuen. Haien artean, Euskal Herri mailako ikertzailerik garrantzitsuenak daude: esate baterako, José Felix Rojas eta Agustín Sánchez-Lavega. Agustinek “Euskadi ikerkuntza” saria jaso zuen 2016an, eta tesia zuzendu zidan. Hasieran, lauzpabost geunden taldean, baina gaur egun dozena bat lagun baino gehiago gaude. Taldean planeta batzuk aztertzen gabiltza: Saturno, Artizarra, Marte… Jasotzen ditugun datuak aztertzen ditugu (tenperatura, neurketak…) eta gero artikuluak kaleratzen ditugu aldizkari espezializatuetan, baita gure webgunean ere (http://www.ajax.ehu.es/). 

Zelan ikertzen duzue? Nondik ateratzen dituzue baliabideak, datuak?  

NASAk eta ESAk, Estatu Batuetako zein Europako espazio-agentziek, misioak-eta bidaltzen dituzte espaziora eta jasotzen dituzten datuak urtebete gordetzen dituzte giltzapean, baina, handik aurrera, informazioa irekia da. Haiek ez dute baliabide nahikorik den-dena aztertzeko, eta guk aprobetxatu egiten dugu informazioa gure ikerketak egiteko. Batzuetan, aurrea ere hartzen diegu. Era berean, aipatu behar da misio batzuetan ere hartu dugula parte: Mars 2020, Venus Express… 

Zertarako balio du espazioa aztertzea?

Tira, espazioa aztertzeak ez dauka praktikotasun zuzenik. Hala ere, erabiltzen ditugun ereduak Lurrerako ere erabiltzen dira. Adibidez, ontzi bat espaziora bidaltzen dugunean, teknologia erabiltzen dugu eta hori askotan Lurrean aplikatzen da. Zientziak aurkikuntza berriak topatzeko balio du eta gero gizakiok erabilera ematen diegu haiei. Esate baterako, Einsteinen erlatibitatearen teoria gure sakelako telefonoetan erabiltzen da, nahiz eta zientziari alemaniarrak hori orain dela 100 urte plazaratu. Einsteinek ez zuen horren inguruan pentsatu, noski, baina denboraren poderioz gizakiok horretarako erabili dugu. Batzuetan ematen du zientzialariek denbora galtzen dutela, baina normalean aurrera eramaten gaituzte. Eta gero gerokoa! Auskalo non egongo garen 100 urte barru! 

Eta non egongo gara 100 urte barru?

Hori ikustea gustatuko litzaidake. Ziur asko, zerbait harrigarria izango da. Ziur nago Marten egongo garena. Eta agian baita Saturno edo Jupiterren inguruko satelite batean ere. Horretarako, teknologiak aurrera egin beharko du. Baliabideak behar dira bertan bizi ahal izateko, bidaia bera ere gogorra da… 

Zer ekarriko liguke Marten bizi izateak?

Eguzkia 5.000 milioi urte barru handitu egingo da eta Lurra xurgatuko du, baina Marte ez, ordea. Gizakia bidaiaria da eta negozioa tartean badago, edozein lekutara joango da. Zergatik joan zen Kolon Ameriketara? Askotan kritikatzen da espaziora joateko erabiltzen den dirutza, baina hori beti itzultzen da: esate baterako, garatzen den teknologian. Sartzen badituzu 100, agian 300 bueltako dira. Ez da bakarrik jakin-mina, dirua ere bada. Bestela, zergatik enpresa pribatuek dirutza inbertituko lukete horretan, ba? Dirua galtzeko? Ez. Era berean, farmazia-enpresek minbizia osatzeko ikerketak ordaintzen dituzte, helburu altruista barik, ekonomikoa baizik.

 

 

 

Santutxuko derioztarra

Jon Josu Legarreta Etxagibel 1967an jaio zen Bilbon, Santutxu auzoan. Gurasoek taberna bat zeukaten bertan eta Jonek txikito bat baino gehiago zerbitzatu behar izan zituen gaztetan, familiako negozioan. Gurasoak euskaldunak ziren:  ama, Urkiolakoa; eta aita, Fikakoa. "Aitak hemengo euskaraz  egiten zuen eta familia Larrabetzun, Lezaman eta Zamudion daukat. Beraz, erraza izan zen Deriora bizitzen etortzea ezkondu nintzenean, 1999an. Gainera, andrea Portugaletekoa zenez, Derio erdibidean zegoen". Jon Aldekoneko etxe batean bizi da eta ez litzateke Santutxura inondik inora itzuliko. "Hemen pozik bizi naiz, ez dago ia zaratarik, txakurrena izan ezik (kar, kar). Santutxun, berriz, algara eta jende gehiegi dago". 

Gaur egun irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Eskolak emateaz gain, ikerkuntzari ere ekiten dio. Krisia dela-eta, ikerlariek gorriak ikusi dituzte euren lana aurrera eramateko, baina Jonek ez du zorrotz jokatu, murrizketei buruz hitz egin digunean. "Gobernuek aurrekontua dute eta haiek erabaki behar dute zelan gastatu. Eta erabakia ez da batere erraza, ez horixe. Tamalez, laborategi askotan, proiektua bukatu baino lehen aurrekontua galdu dutenez, ikerkuntza osoa joan da pikutara. Agian hiruzpalau urteko lana". Jonek uste du "hil ala biziko" kontuak direla garrantzitsuak eta haiek sustatu behar direla. "Osasuna, noski. Minbizia osatzeko ikertzen dutenak, esate baterako. Edo hezkuntzak ere badu garrantzia. Gu, fisikariok? Ziurrenik ez gara funtsezkoak. Nork bere eran banatuko du diru publikoa. Nik agian militarrei kenduko nieke aurrekontua".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).