“Erditzearen protagonistea emakumea da beti”

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 10a, 10:44

Maria Martinez Garabieta, emagina

Derioztarra Magale taldeko emaginakaz batera dabil emakumeei etxean erditzen laguntzen, eta bere ogibideari lotutako hainbat kontu ikasten. Etxean erditzearen gainean dagozan aurreritziak gainditu eta zalantzak argitu deuskuz.   

 

Zergaitik erabagi zenduan emagina izatea?

Barruan beti eduki dodan zerbait da. Izan be, asko gustaten jat emakumeen ondoan egotea, gure gorputza zein gure bizitzan izaten doguzan prozesuak aztertzea… Txikitatik eduki dot oso lotura estua naturagaz, eta, beharbada, horrek bultzatu nau emagina izatera. Emaginon lana emakumeen prozesu naturalakaz eta fisiologikoakaz lotu dot betidanik, eta betidanik be izan dot argi ez nebala ospitale baten lan egin gura.

Eta, gaur egun, Magalekoakaz zabilz.

Beste mundu bat da. Ikasi dozun guztia ahaztu eta barriro ikasi behar dozu. Unibertsidadean medikuntza interbentzionista egitera zuzentzen gaitue, zerbait txarto urtengo ete dan bildurra dagoalako, eta ezustekoak saihestu behar diralako. Baina etxean erditzen danean, emaginok ez dogu esku hartu behar; emakumeak egiten dau dana. Magale Gipuzkoa aldean dabilzan emaginen taldea da, eta ni praktiketan-edo nabil hareekaz, orain arte ez nebalako inoz erditze natural bat ikusi. Urtarrilean hasiko naz hareekaz lanean.

Zelango baldintzak bete behar dauz haurdunaldi batek, erditzea etxean egin ahal izateko?

Arrisku txikiko haurdunaldia izan behar dau, eta erditzeak 37. astetik 42. astera bitartean gertatu behar dau. Ume bakarra egon behar da eta buruz etorri behar dau. Normalean, haurdunak 20. astean ipintzen dira gugaz harremanetan, bigarren hiruhilekoko ekografia egin ostean, eta dana ondo doala ikusten danean.

Eta zelan prestatzen da erditzea?

Ohiko osasun-profesionalakaz dauzan bisitez gainera, emakumea lau aldiz batzen da gugaz. Haurdunaldiaren eta emakumearen inguruko informazinoa eta datuak jasotzen doguz, familia ezagutzen dogu, eta jarraibide batzuk emoten deutsaguz onuragarri izango dauzan janari eta ariketa fisikoaren ganean. Era berean, alde emozionala lantzen dogu  –familiagaz be bai, guztien lana dalako–, eta erditze bat zer dan azaltzen deutsagu: prozesua zelangoa dan eta zeintzuk diran sortu daitekezan arazoak, berak be jakiteko gauzak zergaitik gertatzen diran eta zer egin behar dauen. Dana dala, beti hartu behar da kontuan erditze bakotxa bakarra dala, eta modu baten izango dala emakume batengan, eta beste modu baten beste emakume batengan. Bestalde, oso inportantea da haurdunaren eta emaginaren artean konfiantza egotea.

Umea mundura etortzeko momentua ailegatu da.

Hogeita hamazazpigarren astea betetzen danean, 24 orduan gagoz telefonoari adi. Erditzeak fase ezbardinak dauz, eta gu haurdunaren etxera joateko 10 minutuan hiru edo lau uzkurdura eduki behar dauz. Uzkurdurek minutu batekoak izan behar dabe. Ganera, sintoma horreek ordu betean izan behar dira eta hurrengo orduan be erreplikatu. Erdi-urren dagoan emakumearen etxera ospitalean erabilten dan oinarrizko material bardina eroaten dogu. Baita igerileku txiki bat be, erabili gura badau. Baina guk ez dogu emakumea erabagi bat edo bestea hartzera inoz bultzatzen. Denbora guztian bere guraria eta gogoa errespetatu egiten doguz. Hasierako balorazinoa egin ondoren –tenperaturea hartu, uzkurdurak aztertu, umearen eta amaren taupadak entzun…–,  egia esan, ez dogu askorik egiten. Egon gagoz, besterik ez.

Askorik ez?

Perun izan naz orain dala gitxi, eta erditzeak han zelangoak diran ezagutzeko aukerea izan dot. Euren ustez, emagina erditzearen lekukoa da, besterik ez, eta bigarren maila baten egon behar dau, dana ondo doala egiaztatzen. Bada, hori hain zuzen da gure zeregina etxean. Protagonistea emakumea da beti.

Askok pentsatuko dabe etxean erditzea arduragabekeria dala.

Ebidentzia zientifikoek dinoen moduan, lehenengo umeaz etxean erditzea ospitalean erditzea bezain segurua da; eta bigarrenaz erditzea, askoz seguruagoa. Etxean zagoz, inguru ezagun baten, seguru sentitzen zara eta badakizu zure desioak errespetatuko dabezana. Libre zara mubiduteko, jateko… Ganera, etxean esku-hartze gitxiago egiten dira: ez da poltsea modu artifizialean apurtzen, ez da uzkurdurak eragiteko oxitozinarik ipinten, epistomia gitxiago egiten dira… Emakume gehienek esaten dabe ez dala hainbeste erditzea, ostekoa baino: etxean zagoz, zure ohean, zure hozkailutik hartu zeinke zerbait jateko…

Eta zerbait txarto badoa?

Lehenengo eta behin, argi eduki behar da gu emaginak garela, eta ospitalean lan egiten daben emaginek jasotako prestaketa bera jaso dogula. Guk modu kontziente baten egiten dogu lan, eta zerbait txarto atera leiteken susmorik txikiena be badago, ospitalera bidaltzen dogu emakumea. Ondorioz, etxean gertatu leitekezan larrialdiak ez dira ospitalean izan leitekazanen modukoak, horreek askoz aurreragotik hartu doguzalako kontuan. Eta larrialdirik balego, ospitalean dagozan emaginek moduan, badakigu zer egin.

Eskatzen dan zerbitzua da?

Magalekoak orain dala bost urte hasi ziran zerbitzua eskaintzen, eta gero eta emakume gehiagok jotzen dabe eurengana. Ospitalean, aurreko erditzean, oso esperientzia ona eduki ez daben emakumeak izaten dira askotan; edo esperientzia ona izan arren erditze naturala eduki gura dabenak. Nire ustez, emakumeok gure gorputzaz jabetu izanaren ondorenezko erabagia da. Gertatzen dana da zerbitzu pribadua dala, eta emakume guztiek ez dabela horretarako behar besteko dirurik. Ondo legoke gura dabenak diru-laguntzaren bat jasotzea instituzinoen aldetik. Izan be, argi gelditu behar da helburua ez dala emakume guztiak etxean erditzea; gura dauenak egin ahal izatea baino.

Gorputzaz jabetzea aitatu dozu.

Jenteak ulertu behar dau erditzea prozesu fisiologiko normala dala. Eta emakumea konturatu behar da hori be bere prozesua dala, eta profesionalok lagunduko deutsagula prozesu hori normaltasunetik kanpo urteten danean. Emakumeak galdetu behar deutso bere buruari pozik dagoan gertatzen danagaz; bere gorputzari lotuta dagoala sentitzea inportantea da. Gizartea bera be horrezaz jabetzea garrantzitsua da, eta bildurra kendu, etxean gabilzan emaginok ez dogulako zentzu barik lan egiten; badakigu zertan gabilzan.  

Argi dago erditzea dan modukotzat jotzen dozuela: prozesu naturaltzat. Ospitalean be bai?

Haurdunaldia eta erditzea prozesu fisiologiko naturalak izatearen ustea gero eta zabalduago dago, eta erakunde eskudunek protokoloak atera dabez horren ganean. Eta batez be profesional gazteak kontzientziatuta dagozan arren, gero, beste gauza bat da ospitaleetan dagozan baldintzak, momentuan sortzen diran arazoak, egunean zenbat erditze izaten diran… Baina nik ez dot gitxietsiko ospitalean egiten dan lana, bertan oso lan handia egiten dabelako eta, azken baten, erditze arriskutsuak eta zailak bertan izaten diralako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).