"Betiko izango naiz txirrindularia"

a. Fanny Schertzer eta Dimension Data taldea 2019ko urt. 2a, 11:21

Igor Anton,  txirrindularia

Euskal txirrindularitzan, Igor Anton erreferentea izan da azken 14 urteotan. Aurten, txirrindulari profesionala izateari utzi dio, eta horregatik jaso zuen omenaldia Derion, Gela Pedagogikoaren 20. urteurrenaren haritik.

Derion izan zinen. Zelan omenaldia?

Egun hartan, Miguel Madariagaren liburua izan zen garrantzitsuena. Miguelek hainbat urte eman ditu Euskadi Fundazioan, eta neuk ere bai. Beraz, polita izan zen han omenaldia jasotzea, nire bigarren familia direlako. Ibilbide polita izan dudala uste dut. Atzera begiratzen dudanean, melankolia apur bat sentitzen dut, baina baita poza ere, jendeak aintzat hartzen nauelako eta gogoan nauelako.

Zaila izan da uzteko erabakia hartzea?

Bai. Erabakia oso garrantzitsua da, bizitza erabat aldatuko delako. Batzuek uzten dute fisikoki jarraitu ezin dutelako edo min hartu dutelako; nik, ordea, momentua erabakitzeko aukera izan dut eta, gainera, World Tourren –hau da, goi-mailako talde batean– nengoela. Txirrindularitza faltan botako dut, ba; baina momentu onean uztea pribilegioa da.

Aurten, denboraldi-aurrerik ez...

Ez (kar, kar). Txirrindulariak abenduan hasten dira hurrengo denboraldia prestatzen, eta han egiten diren saioak-eta politak dira: lagunak, taldekideak… Momentu horiek izango dira gehien faltan botako ditudanak. Oso gogorrak dira, baina oroitzapen onak izango ditut betiko. Gainera, sufritzea ere bada kirol honen xarma; txirrindularitza maite dugunok ondo pasatzen dugu bizikletaren gainean sufritzen.

Zergatik utzi duzu?

Hainbat arrazoirengatik. Duela gutxi aita izan naiz eta denbora gehiago eman nahi dut familiarekin. Ahalegin handia egin behar da behar bezala ibiltzeko: gazteak sendo datoz eta nik 35 urte ditut…

Eta orain? Zer egingo duzu?

Ez daukat argi. Motibazioaren inguruko hitzaldiak ematen nabil eta, agian, horren haritik, zerbait ikasiko dut. Negozio txiki bat ere badaukat, baina ez dit zortzi orduko arreta eskatzen. Presa barik, gauzak aterako dira. Otsailean aitarekin joango naiz Nepalera. Eta gero gerokoak.

Bizikleta pikutara bidaliko duzu ala jarraituko duzu bizikletaz ibiltzen?

Beste kirol batzuk egiten nabil –korrika, mendira joan...–, baina bizikletaz ibiltzea nire pasioa da. Eta jarraituko dut ibiltzen. Betiko izango naiz txirrindularia, bizikleta nire pasioa delako.

Zure ibilbideari buruz hitz egin dezagun. Lorpen onena eta momenturik okerrena?

Profesionaletan aritze hutsa bada ikaragarria. Lehenengo garaipenak beti dituzu gogoan eta, noski, nire egunik onena, 2011ko Espainiako Itzulian, Bilbon, irabazi nuen etapa da. Momentu txarrei dagokienez, ez nituzke porrotak edo lesioak aipatuko, errepidean galdutako lagunak baizik.

Zelan gogoratzen duzu 2011ko Espainiako Itzuliko Bilboko etapa hori?

Oso egun polita izan zen. Itzuliak 33 urte eman zituen Euskal Herria bisitatu barik. Etapa nire herritik pasatu zen, eta nire lagunek nire izena margotu zuten El Viveroko aldapetatik. Ez dakit zenbat aldiz entrenatu dudan El Viveron! Gainera, etapa Itzuliaren amaieran izan zen, eta izugarri sufritu behar izan nuen hara heltzeko, etapa hori bai ala bai egin nahi nuelako. Helmuga Bilboko Kale Nagusian izan zen, eta hori ere oso hunkigarria izan zen.

Arantzaren bat gelditzen zaizu?

Tira, 2010eko Espainiako Itzulian erori nintzen, eta agian horregatik galdu nuen lasterketa irabazteko aukera. Hala ere, momentu txarrak ere hartzen ditut kontuan, nire ibilbidearen zati garrantzitsua ere badirelako. Pozik nago egindako bidearekin; ezin dut gehiagorik eskatu. Gaztetan ez nuen uste profesional mailan arituko nintzenik, eta 14 urte eman ditut goi-mailan.

Hiru taldetan egon zara: Euskaltel, Movistar eta Dimension data. Nola gogoratzen duzu bakoitza?

Oso desberdinak. Nire ibilbidea puzzlea izango balitz, talde bakoitza puzzle horren zati bat izango litzateke. Euskaltel bihotzeko taldea da; batez ere buruzagi ibili nintzen bertan. Movistar taldean, aldiz, laguntzaile, eta nire jokaera errepidean aldatu egin behar izan nuen. Talde horretan, munduko txirrindularirik onenetarikoekin ibili nintzen eta izugarri ikasi nuen: Alejandro Valverde, Nairo Quintana… Nairorekin Italiako Giroa irabazi genuen. Azkenik, Hegoafrikako Dimension data taldera joan nintzen eta esperientzia itzela bizi izan nuen bertan: hainbat herritako lagunak ezagutu nituen, Qhubeca Fundazioarekin batera bizikletak banatu genituen herrialdeko gazteen artean… Hori guztia ezin da kontatu, bizi egin behar da. Eta ingelesa hobetzen lagundu dit.

Hiru itzuli han­diak egin di­tuzu. Zein da onena?

Guztiak dira itzelak. Esate baterako, Tourra oso polita eta gogorra da. Esaten da txirrindulariaren txartela bertan lortzen duzula. Giroa oso mitikoa da, Italian txirrindularitza pasioz bizi dutelako; baina batez ere Espainiako Itzulia aipatuko nuke, bertan momenturik onenak bizi izan ditudalako.

Bukatzeko, euskal txirrindularitzari buruzko hausnarketa eskatu nahi dizut. Zer irizten diezu Euskadi-Murias eta Euskadi Fundazioa proiektuei?

Ez da momentu erraza World Tour mailako talde bat sortzeko, horretarako dirutza behar delako. Dena dela, Euskal Herrian zaletu asko daude, eta proiektu polit bat atera ahal da aurrera. Ez dakit Euskadi-Murias, Euskadi Fundazioa, biak batera… Agian, taldea ez da goi-mailakoa izan behar; agian, kontinental mailakoa izan daiteke.

 

Igor Anton Hernández

 

Jaiotze-data:

–Galdakao, 1983-03-02

Debuta, zaletu mailan:

–2003 (Orbea)

Debuta, profesional mailan:

–2005 (Euskaltel)

Ezizena:

Fuji, gaztetan bizikleta marka hori erabiltzen zuelako.

Garaipen-zerrenda:

–21 aldiz hartu du parte Itzuli handietan.

–3 etapa, Espainiako Itzulian

–Etapa bat, Italiako Giroan

–Asturiaseko Itzulia (2015)

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).