20 urte, gaztetxoen artean txirrindularitzarako zaletasuna bultzatzen

a: Gela Pedagogikoa 2019ko urt. 8a, 09:03

Gela Pedagogikoa

“Ikasi, bizikletaz gozatuz” lelopean, eta Migel Madariagak eta Euskadi Fundazioak bultzatuta, Gela Pedagogikoak 20 urte daramatza gaztetxoak txirrindularitzan hezten. Egitasmoaren nondik norakoak eta haren arrakastaren gakoak hizpide izan ditugu Madariagarekin.

“Euskadi Fundazioa bideratzea lortu eta egin nuen hurrengoa Gela sortzea izan zen, heziketa behar zela ikusi nuen eta”, azaldu digu. Hamarkada bi hauetan, Bizkaiko 12.000 ume baino gehiago pasatu dira Gela Pedagogikoak Derion dituen instalazioetatik. Egitasmoa zazpi urtetik 14 urtera bitarteko neskatoentzat eta mutikoentzat da. Alde batetik, bide-hezkuntzari buruzko saioa eskaintzen zaie ikastetxeetako ikasleei; eta bestetik, 40 gaztetxo inguruk osatutako talde bat dago ikasturtean. “Bide-hezkuntzari lotutako eskola jasotzeaz gainera, barikuetan eta ordu eta erdian, monitoreekin irteten dira atonduta dugun ibilbide batera. Nola ibili behar duten eta nolako ekipajea eraman behar duten azaltzen zaie. Orain, negua datorrelarik, atsedenaldia hartuko dugu hile bian, baina, gurasoak ados badaude, pentsatu dugu beste ekintza batzuk egitea, hala nola nutrizio eskolak eta heziketa fisikoa. Era berean, gustatuko litzaiguke Igor Antonek hitzaldia eskaintzea –proposamena egin diogu eta baietz erantzun du– eta kirol psikologo batekin aritzea. Eta, noski, bide-hezkuntza eskolarekin jarraituko genuke”. Monitore bi, harreragile bat eta mekanikari bat dabiltza Madariagarekin lanean; berariazko eskolak emateko, nutrizionista bat, prestatzaile fisiko bat eta psikologo bat kontratatu dituzte.

Bere esanetan, egitasmoa martxan ipini zutenetik gora baino ez du egin, eta harro baino harroago dago lortutako emaitzekin eta arrakastarekin. Hala ere, erakundeek hasieran adierazitako babesa eta laguntza gaur egun ez dietela ematen eta kexu da. “Pertsona inportanteak etorri dira Gela ikustera, baina gero ahaztu egiten dute. Ez diete garrantzirik ematen umeak hezteari eta oinarrizko ezagutzak izateari. Lan gogorra dugu aurretik: aurrezki txikiak ditugun arren, babesle bila ibili beharko dugu”.

Oztopoak oztopo, Madariagak lanean jarraitzeko gogo handia du. “Izan ere, orain arte egindakoak emaitza ona izan du, eta leku askoan estimatzen dute. Nire ustez, zerbait handia egin daiteke neskatoak eta mutikoak txirrindularitzan hezteko, baina laguntza behar dugu. Laguntza horrek, gainera, sendoa eta segurua izan behar du, eta erakundeek ere benetako interesa erakutsi behar dute. Egitasmoei balioa eman behar diegu”. Adibide moduan Durangoko taldea ipini du. “Gogor egin dute lan neskek beraien taldea edukitzeko, eta errepideko talde zoragarria dute. Baina, zoritzarrez, ez dakite taldearekin azkenean zer gertatuko den, laguntza nahikorik ez dutelako. Ez da ulertzen lagundu behar zaigula. Pena da eta hobera ez doa”.

Txorierrira zabaltzea

Etorkizunari begira Gelak duen erronka handienetariko bat, beraz, lanean jarraitzea da. Halaber, Madariagari egitasmoa Txorierri osora zabaltzea gustatuko litzaioke. “Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak utzitako lokal batean gaude Derioko Seminarioan. Hasieratik adierazi digute jarrera ona, eta bidezkoa da txorierritarrak ere gure lanaren onuradunak izatea”. Horri lotuta, aipatu beharra dago aurten, Gela Pedagogikoaren eta Zorribike Lezamako txirrindularitza taldearen arteko hitzarmenari esker, Zorribike-Gela Pedagogikoa BTT taldea sortu dela. Egitasmoa 14 urtetik 18 urtera bitarteko txirrindulariei dago zabalik, eta, besteak beste, helburu hauek ditu: gazteek mendiko txirrindularitzan aritzeko aukera izatea, trebatu daitezela eta ondo pasa dezatela. “Zorioneko gaude, gainera, bertako mutil bat, Urko Dañobeitia, kadete mailan Bizkaiko txapelduna delako. Bestetik, ahaleginetan gabiltza ea nesken BTT taldea osa daitekeen. Mendiko txirrindularitza askoren gustukoa den kirola da, errepidean baino arrisku gutxiago daudelako. Eta hori da hain zuzen ere nabarmendu behar dugun ezaugarria. Gero, helduak eta beren ekintzen erantzuleak direnean, errepidera atera nahi badute, ba, oso ondo”. Gela Pedagogikoak Lezamako taldearekin ez ezik Enkarterriko taldearekin ere sinatu du hitzarmena. “Baina hitzarmen horiek ez dute ezertarako balio, gero gaztetxoek aukerarik ez badute; gu aukerak izan ditzaten gabiltza lanean”.

Gela Pedagogikoaren 20. urteurrena azaroaren 17an ospatu zuten. Horretan Ametsak errealitate bihurtuz liburua aurkeztu zen. Liburuan Miguel Madariagaren biografia jaso du Yon Suminagak. “Ez nuen espero aurkezpenean hainbeste lagun batzea (256 pertsona); izugarria izan zen”. Horrezaz gainera, omenaldia egin zioten Igor Antoni, eta arratsaldean 200 lagunek hartu zuten parte Bizikletaren jaian. “Eguna betiko izango dut oroipenean. Espero dezagun hura bezalako egun gehiago egotea. Liburuan azaldu den moduan, gogoak eta lanak urrutira eraman gaitzakete”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).