Barruko sentimenduak azaleratzearen artea

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 18a, 09:26

Lantegi Batuak-eko langileek Arteterapia tailerrean egindako lanak ikusgai ipini dira Derioko Kultur Birikan. Ehun obra inguruk osatutako erakusketa da, eta egileek beren sentimenduak azaleratu dituzte lan bakoitzean. Urtarrilaren 26ra arte egongo da erakusketa ikusteko aukera.

Biztanleriaren bizi-itxaropena handitu egin da, eta, ondorioz, adimen-desgaitasuna duten lagunena ere bai. Biotz Zulueta Lantegi Batuak-eko proiektuen teknikariak esan digun moduan, zahartzeak dakartzan sintomak lehenago agertzen dira kolektibo horretako pertsonen artean. “Helburua da erretretaren adinera ahalik eta egoera onenean ailega daitezen laguntza ematea. Horretarako, sintomak antzemateko tresnak garatu ditugu, eta sintomak arintzeko lagungarriak izan daitezken metodologiak aztertzen gabiltza”. Arteterapia metodologia horietako bat da. “Pentsatu genuen bidea izan litekeela, gure emozioei buruz hitz gabeko hizkuntza erabilita hitz egin ahal izateko. Arteterapia aurretik genuen landuta, Bilboko Arte Ederretako museoan eta terapeuta berarekin, eta erabaki genuen eskola Derioko lantegira ekartzea”. Tailerra duela urte bi ipini zen martxan, eta bertan Lantegi Batuak-ekin kontratua duten zortzi lagunek hartzen dute parte.

Karen Lund tailerra zuzentzen duen terapeuta da, eta, hasteko, Arteterapia zer ez den azaldu digu: ez da marrazten eta margotzen ikasteko eskola. “Sikoterapiaren modalitate bat da, arreta sortze-hezkuntzetan ipintzen duena. Askotan zaila da, hitzak erabilita, sentimenduak adieraztea, eta sortze-hezkuntza horien bidez lortzen dugu sentimendu horiek azaleratzea. Hala ere, lana adierazpenetik baino harago doa, eta sentimendua landu ere egiten da, pertsona sentitzen duenaz kontziente izan dadin ”. Lundek eskaintzen duen eskolak parte-hartzaileen gogoa hartzen du kontuan. “Nik ez diet proposamenik egiten: bakoitzak nahi duena lantzen du; gero, guztion artean aztertzen dugu obretan adierazten dena”. Parte-hartzaileek, besteak beste, margo likidoak, collagea, argizari-arkatzak eta idazketa erabiltzen dituzte.

Terapeutaren hitzetan, oso harreman berezia sortzen da Arteterapian dabiltzan lagunen artean, eta horrek begirunea, konfiantza eta enpatia ekartzen ditu. “Interesgarria da gune bat izatea, zeinetara pertsonala dena ez ezik besteekin ditugun gatazkak ere –lanean, adibidez– eraman baititugu. Gainera, aurreiritziak ere gainditzen dira, eta besteak beste ikuspuntu batetik ezagutzen ditugu”. Horrezaz gainera, Arteterapia baliagarria da erlaxatzeko eta autoestimua handitzeko. “Guk ez diogu emaitzari notarik ipintzen; berdin dio pertsona batek marrazten badaki edo ez. Guk adierazteari ematen diogu garrantzia, eta pertsona bat bere sentimenduak adierazteko gauza izan delako pozik badago, horrek bere autoestimua handituko du. Gakoa zure burua ulertzea da, baita ondoan dituzunak ere”.

 

Ikusi baino, begiratu

Mikel Perez Arteterapia tailerreko parte-hartzaileetariko bat da, eta bertan hasiera-hasieratik darama. Kontatu digunaren arabera, txikitatik eduki du oso lotura estua idazketa eta marrazketarekin. Horregatik, tailerrean izena emateko proposamena egin ziotenean, eta hasieran apur bat urduri ibili bazen ere, ez zuen asko pentsatu. Perezek batez ere idazketa erabiltzen du adierazteko orduan. “Beti eduki dut idazteko gaitasuna eta horretaz baliatzea erabaki dut, sentitzen dudana kanpora ateratzeko”.

Arteterapiarekin duen esperientzia azaltzeko, lehenengo saioetan egin zuen lana eman digu adibide: urtzen dabilen bihotza. “Izan ere, oso pertsona isila izan naiz beti, eta tailerrari esker barruan nituen beste sentimendu batzuk azaleratzen joan dira. Arteterapia nire burua ezagutzeko zait baliagarri, hazteko, ditudan balioez konturatzeko, nire kideengana hurbiltzeko, enpatia izateko, pazientzia handiagoa edukitzeko, pertsonak ikusi baino pertsonei begiratzeko… Pozik nago oso”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).