Gaizka Garitano, Athleticen entrenatzailea: “Nire etorkizunak ez dau ardura”

a: Jon Goikouria Larrabeiti, kazetaria 2019ko mar. 5a, 10:38

Hainbat urte emon dau kanpoan, baina igaz Gaizka Garitano etxera bueltatu zan, Athleticera. Urtebete eta erdian bigarren taldeko entrenatzaile ibili da, eta abenduan lehenengo maila zuzentzeko aukerea heldu jakon. Derioztarrak, jakina, ez eban aukerea alferri galdu. Garitanok ez deutso bere etorkizunari garrantzi larregirik emoten, klubaren langile zintzoa dalako. Alkarrizketa gitxi eskaintzen dauz, eta, horregaitik, guri emotea eskertzekoa da.

Zer da zuretzat Athletic entrenatzea?

Lehenengo eta behin, erantzukizuna, daukadan postuagatik. Bestetik, Athleticen harrobian urte asko emon nebazan gaztetan, nahiz eta ibilpidea kanpoan egin, bai jokalari, bai entrenatzaile. Igaz bueltatu nintzan eta pozik nago, zelan ez! Athletic nire etxea dalako.

Zelango Athletic topau zenduan?

Klubari jagokonez, instalazinoak barriak dira, langile batzuek jarraitzen dabe lan egiten… Baina muina ez da aldatu, batez be etxeko jokalariakaz jokatzen dogulako. Lehenengo taldeari jagokonez, gu heldu ginanean, oso puntu gitxi eban, bakarrik 11, eta orain hobeto gagoz. Ondo gabilz, baina borrokatzen jarraitu behar dogu, beheko postuak gertu doguzalako.

Helburua mailari eustea da? Europari buruz pentsatzen dozu?

Tira, partiduz partidu. Helburua hurrengo partidua da, besterik ez. Momentuz arriskuan gagoz, eta hortik ataraten bagara, ikusiko dogu. 

Eta zure etorkizunari buruz? Jarraituko dozu datorren urtean? Elizegi presidenteak zure aldeko apustua egin dau…

Kontratua denporaldiaren amaieran amaitzen jat, ekainean. Nire etorkizunak ez dauka ardurarik. Lan egin behar dot helburuak betetzeko, eta gero ikusiko da. Athleticek nik jarraitzea gura badau, ez da arazorik egongo; eta beste entrenatzaile bat ekartea erabagitzen badabe, nik hori errespetatu egingo dot. Ni klubeko langilea naz eta laguntzeko nago.

Badaukazu entrenatzaile moduan ametsen bat?

Bai, Ingalaterran entrenatzea gustauko litxakit. Hango kulturea, futbola zelan bizitzen daben... Zoragarria da. Gainera, hango txapelketea munduko onenetarikoa da Espainiakoagaz batera. Espainian ibilia naz, eta bai, Premier League txapelketan entrenadu gurako neuke.

Jenteak pentsatzen dau futbolean zagozenok denpora libre asko dozuela. Zelangoa da zure egunerokotasuna?

(Kar, kar). Goiz goizean, 8:30ean, joaten gara Lezamara, entrenamendua prestatzera. Normalean, 10:30ean batzen gara jokalariakaz. Orduan, aurkariak aztertzeko bideoak ikusten doguz eurakaz, eta gero entrenamendua egiten dogu. Ordu bat eta erdietan amaitzen dogu, eta, ostean, jarraitzen dogu lanean: jokalariek, gimnasioan-eta; eta teknikariok, bideoak editatzen, futbolariei beste egun batean erakusteko. Hiruretan bazkaltzen dogu Lezaman, eta arrastian entrenamenduak prestatzen, bideoak ikusten, jarraitzen dogu. Seiak eta erdietan etxera joaten gara.

Thierry Henry jokalari ohi eta entrenatzaileak esan eban entrenatzaileak bakarrik dagozala. Bakarrik sentitzen zara?

Bai, entrenatzaileen lana taldeka egiten da, baina askotan bakarrik sentitzen zara. Batez be momentu okerretan erantzukizun guztia zeuk daukazula sentitzen zara. Azken batean, azken erabagia zeurea da, entrenatzailea zeu zaralako. Eta bakardade horretara egin behar zara. Baina, esan dodanez, horretarako dagoz laguntzaileak.

Familia ez dozu lar ikusiko. Gogorra da?

Bai, familia Zarautzen bizi da eta eurek be ohitura hartu dabe. Izan be, jokalaria nintzala asteburuetan be jokatzen nebazan partidak. Ez dot kexarik, gustetan jatan lana egiten dot, pribilegiadu hutsa naz.

Besteak beste Patxi Ferreira jokalari ohia dozu laguntzaile. Zelan hasi zinan beragaz behar egiten? Zer emoten deutsu?

Urteak daroaguz alkarregaz, ordu asko. Nire beste bikotekidea da (kar, kar). Aspalditik ezagutu genduan alkar, Athleticen. Ni harrobiko jokalaria, etorri berria; eta bera, esperientzia handikoa, kanpoko hainbat taldetan ibilitakoa. Hartu-emon ona dogu, lankideak izateaz gainera, lagunak be bagaralako. Gustura gagoz batera, ondo, oso desbardinak izan arren: bera irekia eta danen laguna da, txisteak kontatzen dauz eta gogoan dau danon urtebetetzea noz dan; ni, ostera, isilagoa eta burutsuagoa naz eta ez dot hainbeste berba egiten. Alkarren osagarri gara.

Urte eta erdi emon dozu Bilbao Athleticen. Pozik bertan? Pena emon deutsu denporaldia amaitu ez izanak?

Klubeko langilea naz eta Athleticen nago klubak esaten dauana egiteko. Lehen, bigarren taldean; eta orain, lehenengoan. Desbardina da: lehen, era batean disfrutaten neban; eta orain, bardin, baina beste era batean. Lan guztiz desbardinak dira: bata, heziketa mailakoa; eta bestea, errendimendu mailakoa. Eta biak gustau egiten jataz.   

Bilbao Athleticen txorierritar bik jokatzen dabe: Iñigo Vicente eta Gaizka Larrazabal. Zelan ikusten dozuz? Laster lehenengo taldean jarduteko aukerea eukiko dabe?

Biak dira jokalari interesgarriak. Igaz, biak ibili ziran nigaz eta oso errendimendu ona euki eben. Aurten be fin dabilz. Gazteak dira eta hobetu behar dabe, baina bai, biak dira etorkizunean kontuan hartzeko modukoak. Lehenengo taldean? Ikusiko dogu, hori entrenatzaileak erabagiko dau; nik edo beste batek. Dana dala, bakotxak bere bidea egin behar dau. Hau da, jokalari gazteek maila ona erakusten badabe, lehenengo taldean jokatuko dabe. Euren esku dago. 

Gazteak edo nagusiak, zeintzuk gurago dozuz?

Biak. Gazteak, bai, baina 17-19 urtekoak; ez gazteagoak. Orain dala 10 urte gazteak entrenatzen hasi nintzan, Eibarrek bigarren taldea zuzentzeko aukerea emon eustanean. Eta oso gustura ibili nintzan. Eta Bilbao Athleticen be, gustura.  

Lehenengo Mailan entrenatu ostean, harrobiko talde bat entrenateko eskaintza onartu zenduan. Zergaitik?

Josu Urrutia garai hatako presidenteak deitu eustan eta onartu egin neban. Josu aspalditik ezagutzen neban eta horrek konfiantza emon eustan. Gainera, hainbat urte emon dot etxetik kanpo eta bueltetako gogoa neban. Eta nora eta Athleticera joateak ilusinoa emoten eustan. 

Zu Bilbao Athleticen entrenatzailea zinala, zelango hartu-emona euki dozu lehen mailako entrenatzaileakaz, Ziganda eta Berizzogaz?

Oso ona. Oso harreman estua euki dot biakaz eta biak primeran portatu dira nigaz. Kukok eta Eduardok ez eben Athleticen zorte handirik euki, baina maila altua emon eben maila pertsonalean. Oso oroitzapen onak dodaz biengandik.

 

“Nire urterik onenak Eibarren bizi izan nebazan”

Gaizka Garitano Agirre (Derio, 1975) Athleticen harrobian hasi zan jokalari. Lehenengo taldean, 1998an debuta egin arren, kanpora joan behar izan eban jokatzera. Batez be azpiko mailetan ibili zan (Eibar, Ourense, Lleida eta Alaves), baina 2005ean, 30 urte ebazala, Errealak emon eutson Lehenengo Mailan jokatzeko aukerea. Jokalari moduan apur bat berandu heldu zan elitera, baina entrenatzaile moduan, ostera, oso goiz, 2015ean, 40 urte ebazala. "Inork ez eustan Lehenengo Mailako talde bat emon. Ni Eibar zuzentzen hasi nintzanean, Bigarren B Mailan gengozan, eta igoera bi jarraian lortu genduazan. Holan heldu nintzan Lehenengo Mailara", esan deusku Gaizkak.

Eibarrek denporaldi gorabeheratsua euki eban eta azkenean entrenatzailea aldatzea erabagi eben. "Pertsona baikorra naz eta oroitzapen onak baino ez dodaz gogoan. Eta Eibarrek oso oroitzapen onak ekarten deustaz. Nire urterik onenak bertan bizi izan nebazan, batez be Lehenengo Mailan emon genduan lehenengo urtean. Ez da ahaztu behar garai hatan genduazan baliabideak: gaur egun dabezanak baino askoz eskasagoak". 

Garitanok Valladolid eta A Coruñako Deportivo taldeak be zuzendu dauz, eta han be laster kaleratu eben. "Valladoliden pazientzia gitxi euki eben nigaz, baina oso esperientzia ona izan zan. Eta A Coruñan, helburu guztiak bete genduazan, taldea beti jaitsieratik kanpo egon zalako".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).