“Politeknikan, eta batez ere Mekanika Departamentuan, arduratuta ibili gara komunitatearekin dugun harremana dela eta: lotura dugu enpresekin, baina herriarekin? Kezka horrek ideia hau ekarri zigun: erretiratuentzako makilak egitea. Gainera, proiektuak aukera emango liguke oraindik lanean hasi ez diren gazteak eta lan-bizitza amaitu duten pertsonak harremanetan jartzeko. Interesgarritzat jo genuen belaunaldien arteko truke hori”, azaldu digu Urko Vidal mekanizazio-irakasleak. Derioko Nagusien Etxera jo, eta haren arduradunek eta kideek pozik onartu zuten proposamena.
Proiektu txikia egitasmo handia bihurtu da, eta gaur egun Mekanika Departamentuaz gainera beste departamentu batzuk ere badabiltza proiektuan lanean. “Mekanizazio-zikloko ikasleak diseinuaz eta fabrikazioaz arduratzen dira; Marketin Sailekoek publizitate-kanpaina bat egin behar dute proiektua zabaltzeko; eta Ingurumen-hezkuntza Departamentukoek ibilbide bat diseinatu behar dute, erretiratuei makilak ematen dizkiegun egunean hura guztiok batera egiteko eta makilak estreinatzeko. Guztiak lehen mailako ikasleak dira; hala ere, mekanizazio-zikloko bigarren mailako ikasle batzuk ere ekarpena egin diote egitasmoari”.
Politeknikako ikasleak makila bakarrak eta esklusiboak lantzen dabiltza, hau da, makila bakoitza bere jabearen beharrizanak eta eskuaren forma kontuan hartuta egiten dabiltza. Horretarako, erabiltzaileak elkarrizketatu zituzten abenduan eta eskuak neurtu ere egin zizkieten. Idelfonso Rico Derioko Nagusien Etxearen presidentea da; Felix Rabadan, idazkaria; eta Eloy Concepcion, diruzaina. Hiru gizonek elkarrizketetan hartu zuten parte. “Oso gazte jatorrak dira eta oso esperientzia polita izan zen”, esan digute. “Galdera asko egin ziguten gure bizitzari buruz eta makila zertarako erabiliko dugun ere galdetu ziguten. Baten batek mendian ibiltzeko erabiliko zuela erantzun zuen, eta horri altzairu herdoilgaitzezko punta duen makila egingo diote, baina gehienok kalean ibiltzeko erabiliko dugu eta punta gomazkoa izango da. Bestetik, aipatu beharra dago eskertzekoa dela ahurren neurria hartu izana, eskulekua erosoa izan dadin”.
Makilek hiru atal dituzte: eskulekua, egurrezko makila eta “muturra”. Azken hori gomazko punta sartzen den aldea da. Ikastegiak egurrezko makila estandarrak erosi ditu eta ikasleak eskulekuak –aluminiozkoak– eta “muturrak” egiten dabiltza. “Gure ahalmena kontuan hartu beharreko faktorea da, izan ere, bakarrik egin ditzakegu geometria batzuk”, zehaztu du Vidalek. “Dena dela, ikasleek ilusio handia dute proiektuarekin eta oso motibatuta daude: orain arte egin dituzten aleak ez dira inorentzat izan, probak izan dira; baina orain lantzen dabiltzan makila, ordea, pertsona batek erabiliko du”.
Balio sentimentala
Bestalde, Nagusien Etxeko kideek azpimarratu dute elkarrizketak baliagarriak izan direla lan arloko eskarmentua trukatzeko. “Lan-ibilbideari buruz galdetu digute: non egiten genuen lan, zer ekoizten genuen… Harrigarria da nola aldatu diren lan egiteko era eta makilak egiteko modua. Lehen geuk egin behar genuen dena, eskuz: atal txikiak soldatu, atal handiago bat sortzeko; tornu orokorra erabili; tresnak sortu… Orain atalak osorik etortzen dira: horiek CNC makina batean sartu, eta dagokion programa tekleatu egiten da. Ekinaren ekinez ikasten genuen lehen; orain dena eginda etortzen da”. Rabadanek eskarmentua du makiletako puntak egiten, eta horiek ekoizteko modua erabat aldatu dela aipatu digu. “Nire garaian ez genuen barrualdea gehiegi lantzen: zimurtsu eta lakar, latz uzten genuen, labainkorra ez izateko. Baina hezetasuna dela-eta puntaren barruan zegoen egurra arrakalatu egiten zen eta zati hori moztu egin behar izaten zen. Ondorioz, makilak txikiagotzen joaten ziren. Orain itsasgarri bereziak erabiltzen dira eta ez da zulatu behar punta egurrari lotzeko”.
Makilak maiatzean emango dizkiete jabeei. “Kontuan izan behar da ez direla denda batean erosiko ditugun makilak izango, baizik eta ikasleek maitasun handiz egin dituztela”, esan du Vidalek. “Ziur gaude asko gustatuko zaizkiguna. Azkenean balio sentimentala da inportanteena”, gaineratu dute besteek. Proiektua bigarrenez egingo dute datorren ikasturtean. “Nagusien Etxeko kide askok eman zuten egitasmoan izena, baina ezin izan ditugu makilak guztientzat egin; hurrengoan izan beharko da. Hau proiektu berria da eta apur bat kostatu zaigu departamentuak koordinatu eta egitasmoa martxan ipintzea. Hala ere, prozesua baliagarria izan da ahulguneak edo hobetu beharreko aldeak antzemateko eta datozen ikasturteei begira horiek zuzentzeko”, azaldu du irakasleak. Makilek belaunaldiak batzen jarraituko dute, beraz.