Kale-animazinoa, Derioko jaietako protagonista

Aikor aldizkaria 2019ko mai. 7a, 09:42

Jai-usaina dago Derion. Aste banaka batzuk falta dira Derioko San Isidro jaiak hasteko, eta jai-batzordea azken ukituak egiten dabil herritar guztiek zer egin eta zertaz gozatu euki daien. Ekintzaz, musikaz eta animazinoz betetako bost egun izango dira. 

Derioztarrek maiatzaren 15etik 19ra bitartean ospatuko dabez aurten San Isidro jaiak. Ekitaldi gehienak asteburuan izango diran arren, umeentzako ekintzak egongo dira zaindariaren egunean, hilak 15; eta kale-antzerkia, hurrengo eguneko arratsaldean. Jaiei barikuan emongo jake hasiera ofiziala. Pregoia Sara Macarrilla eta Mikel Egia dantzariek irakurriko dabe. “Igaz, txapeldunordeak izan ziran Dantza Latindarren Espainiako Txapelketan, eta lorpena aintzatesteaz gainera, herriaren esker ona adierazo gura deutsegu, beti azaldu diralako prest euren dantzea derioztarroi erakusteko eta irakasteko”, esan dabe jai-batzordeko kideek. 

Ohi legez, San Isidro jai-batzordeak herritar guztientzako ekintzak antolatu dauz. “Helburua da jaiek irauten daben bitartean jentea kalera ateratzea eta ekitaldietan parte hartu daiela, edota jai-giroan murgildu daitezala, betiere alkar errespetatuz. Hori lortzeko, eta adin eta gustu ezbardinak kontuan hartuta, jai-batzordea saiatu da ekintza mota zabala eskaintzen. Besteak beste, erespide honeei jarraitu deutsegu ekintzak programatzeko orduan: euskerea, bardintasuna, aniztasuna eta parte-hartzea”. 

Aitatu dabenez, kale-animazinoak protagonismo handia izango dau aurten. “San Isidro egunean, fanfarre batek girotuko dauz kaleak, eta maiatzaren 17an, pregoia irakurri ostean, Sakatu elektrotxarangak berotuko dau giroa harik eta kontzertuak hasten diran arte. Eta zapatu arratsaldean karaoke ibiltaria egongo da. Bestalde, Udalak Diables Voramar talde kataluniarra gonbidatu dau jaietara: asteburu osoan zehar izango dira Derion eta ziur gagoz horreek be emonaldi ikusgarriak eskainiko dabezana”.

Joan dan urtean, tortilla txapelketea egin zan lehenengoz zapatu eguerdian, eta horren ostean mahaiak eta aulkiak erabilteko aukerea emon zan, alkarregaz jai-giroan bazkaltzeko. “Aurten be antzeko plana egongo da eta igaz baino eguraldi hobea egotea espero dogu, ekintzan parte hartzera ahalik eta lagun gehien animatu daiten”. Zapatu arratsaldean jokoak izango dira eta izen-emotea momentuan bertan egin ahal izango da. “Nobedade moduan, domekako herri bazkariaren ostean magoak ibiliko dira mahairik mahai, beranduago eskainiko daben emonaldirako publikoa animatzeko asmoz”. 

 

Alkarteen laguntzea

Jai-batzordeko kideen berbetan, aurten hainbat estiloko musika-taldeek eskainiko dabe kontzertua, izan be, saiatu dira jentearen gustuak kontuan hartzen eta herritarren eskakizunak beteten. “Derion tabernari izandako Carlosen taldeak, El Ruido taldeak, hasierea emongo deutso kontzertu-sailari. Ondoren, Nøgen taldeak igoko dau oholtzara, folk-pop-indie estiloko abestiak eskaintzera. Musika-emonaldi nagusia Mafalda Valentziako taldearena izango da, eta azkenik Aiaraldea Sound Sistemaren dub reggaeagaz amaituko da jaia”. Perroloko Txorierriko taldea zapatu gauean arituko da agertokiaren ganean; eta horren ostean, Modus Operandi ska taldea. “Talde horretarako zenbait partaide Betagarri eta Vendettako taldekideak izan dira. Ostean, Altxaporru erromeria-taldea eta Dj Porty derioztarra eukiko doguz”.

Lehen esan moduan, derioztarrek eta bisitariek jai parte-hartzaileak eta alaiak izatea da San Isidro jai-batzordearen helburu nagusia, “herria, herritarrak eta bisitariak errespetatuz”. Horretarako, aurreko urteetan moduan, herriko kultur alkarte asko dabez ondoan eurekaz batera ekintzak antolatzen edo ekitaldiak proposatzen: Odol Argia, Sutondoan, Gure Señeak, SUBYKE, Lainomendi, Piperdun eta abar luzea. “Txitxi-burruntzian, marrazki lehiaketan, txokolatadan eta beste zenbait ekintzatan ezinbesteko dogu euren lana jaiak egin ahal izateko”.

 

 

Kartela

Uxue Iturbe Derioko artistak San Isiro jai-batzordearen proposamena onartu, eta jaietako kartela egin dau aurten. “Askok gogoratuko dabe Uxue, orain dala denporatxo bat Kultur Birikan marrazkiak ikusgai ipini zituan eta”. Iturbe ordenagailu bidezko ilustrazioaz eta diseinuaz baliatu da Kultur Birika protagonista dauen kartela egiteko. “Gehiegi apaindu gabeko irudi sinplea, baina aldi berean alaia, egin gura neban”, esan dau egileak. Jai-batzordearen eritxiz, helburua bete dau, izan be, “Kultur Birika Derioko marka edo sinbolo moduan ulertzen dau; kulturaren eta kultur zaleen topagune moduan. Jai botzerdekook bereziki eskertu gura deutsagu egindako lana!”. 

 

 

 

Jai-egitaraua

Maiatzaren 15ean, asteazkena

11:30-13:30 / 16:00-19:00: Ume eta gazte ekintzak

12:30-13:30: Marrazki lehiaketa

12:30: Meza nagusia

12:30: Fanfarria

18:00: Marrazki lehiaketaren sari-banaketa

19:00: Xaibor diskofesta

 

Maiatzaren 16an, osteguna

19:00: Kale antzerkia. Tarantela (Xilipurdi antzerkia)

20:00: Bezperako poteoa

 

Maiatzaren 17an, ostirala

19:00: Pregoia eta traka

19:00: Diables Voramar

19:00: Txitxiburduntzia

19:00: Sakatu elektrotxaranga

22:00: Kontzertuak. El Ruido, Nogen, Mafalda eta Aiaraldea Sound Sistema

 

Maiatzaren 18an, larunbata

12:30: Mugi zaitez diskofesta

14:30: Tortilla txapelketa, ostean bazkaria

16:30: Bazkalostean jokoak

18:00: Euskal dantzak, Lainomendiren eskutik

19:00: Karaoke ibiltaria

22:00: Kontzertuak: Perroloko, Modus Operandi, Altxa Porru erromeria, Dj Porty

 

Maiatzaren 19an, igandea

11:00-15:00: XXIV. Elikagai eta eskulangintza azoka

15:00: Herri bazkaria (sukalkia)

16:30: Bizkaiko 4 1/2ko txapelketa (Derio kopa, finalak)

17:00: Magia erakustaldia: Bilbao Magia.   

18:00: Txitxarrilloa

19:30: Txokolatada

20:30: Jai amaiera