Jon Loidi Begoña, artista: errealitatearen eraldatzailea

Aikor aldizkaria 2019ko mai. 13a, 12:09

Loidik enpresa-zuzendaritza ikasi zuen, baina ikasketak amaitzear zegoela konturatu zen benetan gustatzen zitzaiona diseinua zela. Hogeita zortzi urteko derioztarra buru-belarri hasi zen diseinu grafikoaren munduan, eta gaur egun argazkigintzan eta zinemagintzan ere gogotik dabil, sortzea oso atsegin du eta.

Gaztea beti izan da ona margotzen eta diseinu grafikoak bereziki sortu zion jakin-mina. “Irudiak sortzea da gehien gustatzen zaidana. Ezohiko gauzak egiteko aukera ematen dit”, azaldu digu. “Esfortzu barik egiten dut eta, gainera, oso ondo pasatzen dut hortik argazki-kamara aldean dudala ibiltzen naizenean edo ordenagailuaren aurrean nagoenean. Ni bakarrik. Askatasuna ematen dit”. Aitortu duenez, derioztarrak errealitatea eta ingurua itxuraldatzea gustuko du, eta, horretarako, zientzia-fikziozko filmetan oinarritzen da. “Diseinuak aukera handia ematen du argazkiaren planoan ez dauden gauzak sortzeko, eraikinen estrukturak aldatzeko edo koloreak uztartzeko. Nik argazki bat atera, ordenagailuan ikusten dut eta neure gustura editatzen dut”. Batez ere Deriotik eta Bilbotik ibiltzen da irudi bila. “Eraikinei eta gauzei erreparatzen diet eta pentsatzen dut horiek nola eralda ditzakedan. Normalean, sakelako telefonoarekin egiten ditut argazkiak; gero, beste egun batean, argazki-kamerarekin itzultzen naiz argazkia zenbait alderdi kontuan hartuta –argia, adibidez– berriro egitera". 

Diseinu grafikoari buruzko ikastaro bat egin ostean, eta bere diseinuek eduki zuten harrera onak ere animatuta, argazkigintzari eta bideogintzari buruzko ikastaroak burutu zituen. “Hemezortzi urterekin hasi nintzen YouTubera Athleticeko futbol-partiden bildumak igotzen, eta lagunekin ere bideoak grabatzen nituen barreak egiteko. Diplomatura bat ikastea erabaki nuen eta nahiko ondo irakatsi zidaten bideo bat zinemagintzan eta telebistan nola egiten den. Batez ere bideo laburrak zuzendu ditut, baina ikaskideekin batera film labur bi ere egin ditut: Down the drain eta Lo mejor del día. Azken hori Zinebi jaialdira aurkeztu genuen eta, nahiz eta saririk ez jaso, oso harrera ona izan zuen”. Berak bakarrik zuzendutako film labur bat ere badu: Unlikeman. “Iaz grabatu nuen senide, lagun eta lagunen lagunekin. Istorioa neuk idatzi nuen eta, beste erremediorik ez zegoenez, zuzendariaren lanak ez ezik prota­gonista nagusiaren pa­pera ere egin behar izan nuen. Pertsonaia nagusia gizarte-sareen eta teknologia berrien gaur egungo erabileraren kontra dago, baina oso hacker trebea da eta gaitasuna erabiltzen du jendea kontrolatzeko edo abusu-arriskuan daudenak salbatzeko”. Hogei minutuko lana da, hala ere, egunak eman ditu hori grabatzeko; ia aurrekontu barik. “Olentzerok ekarri zidan dirua erabili nuen materiala erosteko, hala nola kamerarako egonkorgailua. Eta handik hona ibili behar izan nuen pertsonaia nagusiarentzako arropa lortzeko, ma­niki bat topatzeko… Kokalekuei da­gokienez, etxean grabatu nuen, Derion bertan eta in­guruetan. Egia esan, ba­liabide hoberik ez izateak mugatu egin ninduen, baina oso ondo pasatu nuen eta pozik nago emaitzarekin, filmatzea batzuetan kaos handia izan zen arren”. Diseinu grafiko, argazkigintza eta bideogintza arloetan egindako lanak bateratzeko asmoz, marka bat asmatu du: JL adventures.  

 

Ideiak bueltaka

Loidik batez ere musu-truk egin ditu orain arteko lanak. “Lagunentzat lan egin dut, argazkilari ibili naiz produktore baterako … Hala ere, esan beharra dago azkenean produktoreak ordaindu egin zidala; nik eskatu barik, izan ere, lan hori praktika eta ikasketa izan zen niretzat. Bestalde, logotiporen bat diseinatu dut eta bideo bat egin dut herriko dendarien elkarterako: lan horiek ere ordaindu egin dizkidate”. Gaztearen esanetan, berak jorratzen duen esparruak eskaera gutxi du. “Diseinua eta argazkigintza ikuspuntu artistikoago batetik lantzen ditut eta merkatuak zerbait teknikoagoa eskatzen du: katalogoak, webguneak… diseinatzea. Bartzelonan, Madrilen edo atzerrian beste ikuspuntu zabalago bat dute”. Horregatik uste du zaila izango dela berton lan finkoa topatzea; dena dela, aitortu du ez duela pentsatu kanpora joatea bizimodua ateratzera. “Hemengo bizitza gustatzen zait. Baina, bueno, etxetik kanpo denbora luze ez egotea eskatzen duen lanaren bat aterako balitz, arazo barik hartuko nuke”. Itxaropena ere ez du galtzen. “Arlo honetan hiru urte bakarrik daramatzat eta esan liteke oraindik zaletasuntzat dudala; etorkizunean profesional moduan zerbait egiteko esperantza dut”. 

Ideia batzuk ditu buruan bueltaka: Unlikeman film laburraren bigarren zatia, esaterako. “Gidoiaren zati handi bat idatzita daukat. Hori landuagoa eta sakonagoa izango da eta baliabide hobeak ditudanean grabatuko dut; egitasmoari beste era batean heltzea gustatuko litzaidake”. Argazkigintzari dagokionez ere baditu proiektu batzuk: besteak beste, argazki-saio berezi bat eta Bilbo ikuspuntu futurista batetik landuko duen argazki-proiektu bat. “Eta prest nago enkarguak onartzeko”.

Bitartean, bere burua trebatzen jarraituko du. “Argazkilaritzaren zuzendari izateko ikastaroa egiten nabil orain, hori gehien gustatzen zaidan lanpostua da eta. Bestetik, hobetzeko eta ikasten jarraitzeko beste ikastaroren bat ikusten badut, hori ere egiten saiatuko naiz. Halaber, jorratzen ditudan arloei lotutako liburuak irakurtzen ahaleginduko naiz, neure burua trebatzen segitzeko. Eta denboraren poderioz zaletasuna lan egonkorra bihurtuz gero, bada, perfektua izango litzateke”. Horretan dabil Loidi, bide egiten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).