Tximintxaren ziztada berria

a: Aner Mentxaka 2019ko mai. 21a, 13:20

Tximintx Derioko euskara elkartea hausnarketa-prozesu sakon batean ibili da murgilduta azken hilabeteotan. Emaitza hau izan da: euskara elkartea izatetik euskaldunen komunitatea izatera pasatu da. Tximintxen bihotza, odola eta beroa herritarrak izango dira.

“Perfektoak diren Derioko euskaldun inperfektuen komunitatea”. Tximintxekoek hala definitu dute egitasmo berria. Euskara elkarteak 16 urte bete ditu eta, partaideen esanetan, ordezkoa behar izateaz gain egiteko modu batzuk agortuta zeuden. Hori dela eta, hausnarketa-prozesuan hasi ziren buru-belarri, hark nora eramango zituen ez zekiten arren. “Derion Ahora eta Euskaraldia egitasmoei esker jende asko batu zaigu, eta pentsatu genuen zerbait egin beharko genuela pertsona horiek Tximintxen kide ere izateko”. Euskara elkarteak orain arte egindako lanari esker, euskaldunen komunitatea egon da Derion, baina, azaldu dutenez, hura saretu barik egon da. “Tximintx euskaldunon komunitatearen xede nagusia da Derioko euskaldunak saretzea, trinkotzea, elikatzea, boteretzea eta handitzea. Elkarteek, askotan, sortu eta eman egiten dute, hartzaile jakinik izan barik; komunitatean, berriz, kideek eurek erabakiko dute zer sortu eta zein ibilbide hartu, eta lehentasuna edukiko dute hartzaile moduan”.

Prozesu sakona bezain irudimentsua izan da, eta tximintxaren biologian oinarritu dira komunitatea egituratzeko. Ingurune egokian daudenean eta bero dagoenean, tximintxek ziztatu eta odola xurgatzen dute, bihotz-taupadak orekatzeko eta bizitzeko. Bihotz, odol eta bero kontzeptuak kontuan hartuta, hiru partaide mota asmatu dituzte. “Bihotza direnek komunitateak erabakitzen duena kudeatu eta dinamizatuko du; odola direnek lan zehatz batzuk egingo dituzte bihotza direnekin batera; eta beroa direnek lan puntualagoak jorratuko dituzte”. Bazkide kontzeptua bera ere aldatu egin dute. “Bazkidetza batez ere ekarpen ekonomikoa egitearekin lotu da; komunitatean, bazkidetza baino, ardurakidetza egongo da: diru-truke barik, partaideek ardurak hartuko dituzte. Bazkideak desagertuko dira, eta haiekin batera, zuzendaritza-batzordea; hau da, presidentea, diruzaina eta abar”. Beraz, lehengo ereduen ordez, militantzia garaikidea sustatuko dute. “Militantzia garaikideak konpromisoa eskatzen du, baina mugatua: partaideek urtero berritu ahalko dute –edo ez– komunitatearekin duten konpromisoa, eta, nahi badute, euren egitekoa ere aldatu ahalko dute –esaterako, aurten bihotza izan; eta hurrengoan, odola–.  Era berean, etengabeko zaintza egon behar da elkarrekiko; eta komunikazioa, hiru partaide mota edo geruzen artean: hirurek momentu oro jakin behar dute zer gertatzen ari den Tximintxen inguruan”.

Tresna

Komunitateaz hausnartzeko orduan, besteak beste, ekonomia soziala, feminista eta solidarioaren eredutik edan dute, baita Joxemi Zumalabe Fundazioaren eskarmentutik ere. Prozesuan, ohiko Tximintxen kideek ziklo-itxiera egin duten bitartean, beste batzuk etorkizuneko Tximitx amesten eta diseinatzen ibili dira. “Ideiak trukatu ditugu lagunekin eta beste elkarte batzuekin, eta feedback horretatik joan gara komunitatearen ideia sortzen”. Bidean, begirune handia erakutsi zaio elkarteari, partaide guztiak aldaketarekin eroso sentitu zitezen. “Tximintx kontzeptua mantentzea oso inportantetzat jo dugu, izan ere, urte hauetan lortu dena barik ez geundeke hemen hau proposatzen”.  Hamasei urteetan zer egin eta zer lortu duten ere aztertu dute, eta idatziz jaso dira Tximintxen oinarri nagusiak. 2019a trantsizio-urtea izango da; komunitatea martxan jartzeko urtea, hain zuzen ere. Etorkizunean zein norabidetara joko duten, hori komunitateak berak hartuko duen erabakia da. “Tximintx tresna bat da, eta Derioko euskaldun inperfektuok nahi duguna izango da. Udazkenean prozesu parte-hartzaile bat zabalduko da, hurrengo bost urteetarako egitekoak, helburuak, indarguneak eta ahulguneak aztertzeko. Ezin dugu esan zertan ibiliko den Tximintx 2020an…”. Nolanahi ere, argi dute komunitatearen bidez herrian egon daitezkeen euskaltasuna bizitzeko modu guztien balioa azpimarratuko dituztela, horien alderdi positiboak jaso eta bistaratuz.

Tximintx komunitateak Ziztada berri papera kaleratuko du urtean lau aldiz, eta han zenbait gai izango dituzte hizpide, hala nola Deriok euskaraz bizitzeko eskaintzen dituen aukerak, herriko euskara eta lehiaketak. Etapa berria hasteko, euskara-ikastaro bat emango diote saritzat lehen lehiaketaren irabazleari. “Tximintxek, oharkabean, odola xurgatu digu eta hainbat herritarrei euskaltasuna eta euskaltzaletasuna kutsatu dizkie”. Etapa berriaren harira, logoa berritu dute, eta, elkartea hankaz gora jarri duten moduan, tximintxa ere buruz behera ipini dute, euskara ardatz nagusia izanda ziztatzen jarraitzeko prest dagoela adierazteko. Espero dezagun hori urte luzean izan dadila.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).