"Taldeko izen osoa hau da: Serralloko Colla Diables Voramar-Tarragonako Víbria, baina, hura laburbiltzeko, Diables Voramar esaten dugu", azaldu digu Ricard Virgili elkarteko zuzendaritza-batzordeko kideak. Egia esan, izenak taldeko atal biak aipatzen ditu. "Batetik, deabruak ditugu, Derion egon direnak. Ikuskizunetan 45-60 lagunek hartzen dute parte: 18 deabru, deabru emea, Lucifer, zuzendari bi, pirotekniako arduradunak, 15 danbor-jole, 10 lagun materiala eramateko, erizaina eta argazkilaria. Taldeko beste atala, víbria, dragoi emea da. Dragoi horiek Tarragonako katedraleko zutabeetako kapiteletan daude eta Kataluniako pertsonaia mitologikoak dira. Víbria 80 kiloko egitura bat da, buruhandi antzeko bat, eta berak botatzen ditu petardoak".
Derioko Udalak Kataluniako folklorearen zati bat ekarri nahi izan zuen herrira, eta hango talde batekin jarri ziren harremanetan, ikuskizuna Derioko jaietan aurkezteko. "Udalak beste talde bati deitu zion, baina haiek gu baino txikiagoak dira eta ezin izan ziren etorri. Talde horrek guri egin zigun Euskal Herrira etortzeko proposamena eta guk pozarren onartu genuen. Izan ere, gure zaletasuna, gure kultura, batez ere Kataluniatik kanpo eramatea oso polita da. Taldeak datorren urtean beteko ditu 30 urte eta ibilbide honetan deabruak hainbat lekutan ibiliak dira: Mallorca, Aragoi, Andorra, Peñiscola, Lisboa, Frantzia…".
Diables taldekoek primeran pasatzen dute ikuskizunak egiten eta horretarako gogor egiten dute lan. "Ordu asko eskaintzen dizkiogu taldeari eta inork ez du sosik irabazten. Irabazten dugun diru guztia ikuskizunean bertan inbertitzen dugu. Eta ikuskizun ederra egiteko baldintza duinik ez badago, ez dugu saiorik egiten". Sua da Diables taldeko saioen protagonista eta sua, zelan ez, izugarri gustatzen zaie Tarragonako lagunei. "Suak liluratu egiten gaitu. Ikuskizunak uda aldean egiten ditugu, ekainetik irailera bitartean, baina neguan beste talderen batek saioa egiten badu, gu hara goaz, bolbora eta suaren premia dugulako. Bolbora usaindu behar dugu (kar, kar)".
Horrelako ikuskizunak ezagutzen ez dituztenenek pentsa dezakete saio arriskutsuak direla, baina Virgilik seguruak direla berretsi du. "Suaren kultura lantzen eta gozatzen dugu, eta ahal dugunean hura zabaldu egiten dugu. Esate baterako, Tarragonan, hitzaldiak ematen ditugu bolbora eta petardoak-eta behar bezala lantzeko: zelan batu petardoak, zer jantzi, publikoa erretzen bada zer egin… Horren haritik, suzko kalejiretan murgiltzeko gonbita egiten diegu ikusleei. Gure saioa zuzenean ikustea ikusgarria da, baina bertan parte-hartzea askoz dibertigarriagoa da. Hala ere, ikusleren batek kalejiran parte hartu nahi ez badu, ez da ezer gertatzen. Era batean edo bestean, segurua da”.
Auzo arrantzalea
Taldea 1990ean sortu zen Tarragonako Serrallo auzoan. "Gazte batzuk batu ziren Aste Santuan danborra jotzeko, Karmen birjinaren pausoaren atzean. Miguel Tirado eta Manuel Albiol izan ziren sortzaileetako batzuk. Miguel Aragoikoa da eta Manuel Peñiscolakoa, eta nork bere herriko tradizioa ekarri zuen taldera, hau da, danborrak eta petardoak uztartu zituzten". 1993an, taldea handiago egin zen eta suzko piztia, víbria, sortu zuten; eta 2007an, umeentzako víbria. Gaur egun, 130 lagunek osatzen dute taldea: 40 ume, 12 urte baino gazteagoak; eta 90 inguru 16 urte baino gehiagokoak.
Taldea arrantzaleen auzo batean sortu zuten eta hori harrotasunez erakusten dute, esate baterako, janzkeran. "Antzinako arrantzaleen antzeko zirak janzten ditugu ikuskizunetan. Gainera, bakoitzak mediterraneoko arrain baten marrazkia daramagu bizkarrean". Elkartea zaletasuna lantzeko esparrua baino askoz gehiago da, taldekide gehienak senideak eta lagunak baitira. "Ni hasi nintzen, anaia sortzaileetako bat izan zelako. Anaia gazteagoa eta ilobak ere badaude taldean. Nire lagunen % 80 taldekoak dira. Ez da zaletasuna bakarrik, gure bizitza baizik".