Violeta Perez Manzano, taekwondoka: “Taekwondo barik ez nintzateke izango naizen pertsona”

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 28a, 11:39

Derioztarrak 17 urte ditu eta kirolari aparta da: aurkeztu den Euskadiko txapelketa guztiak irabazi ditu, bat izan ezik, eta hiru domina lortu ditu Espainiako selekziorako. Etorkizun oparoa du taekwondoan, eta hura esfortzuz eta jarraitasunez egiten dabil.     

Pozik egoteko emaitzak dira horiek.

Bai, oso pozik nago: ahalegina denboraldi batean ez ezik, kirol ibilbide osoan egiten dugu, eta azkenean esfortzuak emaitza duela ikusten duzu. 

Zeintzuk dira hurrengo txapelketak?

Euskadiko txapelketa irabazi, eta Espainiako txapelketarako sailkatu naiz. Tamalez, ezin izan dut senior mailako txapelketan parte hartu, hanka bietan zuntz-haustura dut eta. Hala ere, sendatzen noa eta 21 urte azpiko txapelketan arituko naiz uztailaren lehenengo astean.

Nola hasi zinen taekwondoan?

Lagunek izena eman zuten Doyan gimnasioan, taekwondo eskolan. Taekwondoan hasi ahal izateko, bost urte beteta eduki behar ziren eta nik lau urte nituen garai hartan. Beraz, ezin izan nuen eman izena. Lagunek eskolan ikasitakoa irakasten zidaten, eta asko gustatzen zitzaidan. Gainera, nire osabak boxeoa egiten zuen gimnasioan, eta azkenean neu ere hasi nintzen taekwondoan. Hasieran, ondo pasatzeko zaletasuna baino ez zen, baina gaur egun nahitaezkoa da niretzat: taekwondo barik ez nintzateke izango naizen pertsona. 

Zerk erakartzen zaitu?

Gauza askok. Batez ere lagunek, horiek ere ezinbestekoak baitira niretzat; eta maisu Asierrek irakatsi dizkidan balio guztiek: begirunea, diziplina, zintzotasuna, kirola egiteko gogoa, pertsonei lagundu behar diegula… Horrek guztiak lagundu dit kirol hau gehiago maitatzen. 

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Aste barruan hirutan entrenatzen naiz eta ordubete eta laurden inguruko saioak egiten ditut. Zapatuetan, gimnasioan bertan edo Euskadiko selekzioarekin entrenatzen naiz. Ordu biko saioak dira azken horiek.

Zaila da kirola eta ikasketak uztartzea?

Bai. Bueno, beharbada, DBHn nengoenean ez zen hain zaila; batxilergoan, ordea, bai, ikasketek konstantzia handiagoa eskatu didate eta. Entrenamenduez eta institutuko orduez eta lanez gainera, ingelesa irakasten ere jarduten dut eta azkenean dena pilatzen da: nekea fisikoa zein mentala da. Kostatzen da, baina nahi izanez gero, egin daiteke. 

Honik aurrera apur bat zailagoa, ezta? Unibertsitatean hasiko zara eta.

Bada, ez dakit. Batxilergoan gauza asko ikasi behar izan dugu buruz, eta esan didate unibertsitatean ikaste-metodoa ezberdina izango dela. Bestalde, gustatzen zaidan zerbait ikasiko dut, ordu gutxiago izango dira…

Zer ikasiko duzu?

Hiru aukera izan ditut: Negozioen Kudeaketa eta Giza baliabideetako Gradu bikoitza, Zuzenbidea edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua. Baina azkenean Zuzenbidea egingo dut. DBHko laugarren mailan nengoela, ekonomia gustatzen hasi zitzaidan, asko, eta esparru horretan ibili nahiko nuke.

Kirol ibilbidea berrartu dezagun. Matxismoa dago taekwondoan?

Nire ustez, emakumezkoon eta gizonezkoen egoera nahiko antzekoa da. Egia da txapelketak ez direla mistoak, baina garrantzi bera ematen zaie gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketei. Beste kirol batzuetan, esaterako futbolean, ikusgaitasun gutxi ematen zaie emakumezkoei; hori ez da taekwondoan gertatzen. Ez, emakumezkoa izatea ez da oztopoa gure kirolean.

Eta ijitoa izatea?

Ezta hori ere. Nik ez dut inoiz arazorik izan.

Ijito ez garenoi bitxiak iruditzen zaizkigu zurea bezalako kasuak. Ezjakintasunagatik da?

Bai, kasu horiek ez direlako agerian egoten. Azken batean, 10 ijito lapurretan ibili direla esateak emakumezko ijito bat unibertsitatean dagoela esateak baino askoz gehiago saltzen du. 

Familiaren babesa ere garrantzitsua da.

Dudarik gabe. Osabak, adibidez, asko lagundu dit neure bidea egiten. Orain unibertsitatean dabil. Txikia nintzenean, bera bezalakoa izan nahi nuen.

Zer asmo duzu etorkizunari begira?

Unibertsitatera sartzeko nota nahikorik lortu ezean, urte sabatikoa hartzea gustatuko zitzaidakeen, arreta bakarrik kirolean ipini eta ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Izan ere, taekwondoa oso-oso gustuko dut eta aurreko urteetan ezin izan dizkiot neure indar guztiak eskaini. Baina, noski, nahikoa nota lortu dut eta  ezin dut aukera galdu, gerta daitekeelako hurrengo ikasturtean unibertsitatean sartzeko nota askoz altuagoa izatea…

Noiz arte ibiliko zara lehian?

Nahi izan arte. Oso ona izanez gero eta Espainiako selekzioan ibilita, Olinpiadetan lehian, hogeita hamar urte eta pikora arte ibili ahal zara taekwondoan.

Gustatuko litzaizuke Olinpiadetara joatea?

Baliteke; ez dut inongo aukerarik baztertzen. Nori ez litzaioke gustatuko, ba, Olinpiadetan parte hartzea?

Eta lan arloan, non ikusten duzu zure burua?

Ez dakit. Lehenengo eta behin karrera egin eta bizi nahi dut, eta gero ikusiko dugu zer lan-irteerak dauden. Ikasketak aukeratu nituenean, ez nien lan-irteerei erreparatu, jakintzagaiei baizik, eta horiek atentzioa ematen zidaten edo ez. Gogorra izan behar du gustatzen ez zaizuna betiko egin behar izateak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).