Mikel Eguia eta Sara Macarrila dantzari derioztarrak, Espainiako txapeldunak

Aikor aldizkaria 2019ko uzt. 2a, 15:28

Mikel Eguia eta Sara Macarrilla bikoteak Espainiako Txapelketa irabazi du Standard A Nazional kategorian, Estatuko bigarren mailan, alegia. Txapelketa asteburuan egin da Guadalajaran.

“Pozik gaude, kopa lortu dugulako, baina apur bat etsituta, Estatuko sailkapeneko beste lau bikoteek txapelketan parte hartu nahi izan ez dutelako. Beraz, ez da txapelketa izan, erakustaldia baizik, bakarrik aritu ginelako. Nire ustez, Federazioak bertan behera utzi behar izan zuen txapelketa, baina tira…”, esan digu Mikelek. Derioztarrek bost dantza mota egin zituzten: bals geldoa, tango europarra, bals vienarra, slow fox eta quickstep.     

Horretaz aparte, derioztarrek Espainiako Dantza latindar txapelketan ere hartu dute parte asteburuan, kategoria nagusian. Estatu mailako garrantzitsuenetariko bat da, dantza estandar eta 10 dantzen txapelketekin batera. Dantzariek bost dantza latindar egin behar dituzte –sanba, txa- txa- txa, runba/boleroa, pasodoblea eta jive-a–. “Lehendabiziko aldiz, final-laurdenetarako sailkapena lortu dugu, eta poz-pozik gaude. Guztira, 32 bikotek hartu zuten parte lehian, eta 18. postuan gelditu ginen”.

Bikoteak Derion eta Durangon entrenatzen da, Euskadi Dance Sport taldean. “Gogor entrenatzen dugu eta horri esker izugarrizko aurrerapauso eman dugu aurten. Gainera, entrenatzaile berriak, Borja Martínezek, izugarri laguntzen digu. Denboraldi honetan hainbat txapelketetan hartu dugu parte eta maila ona erakutsi dugu, baina gero eta hobeto egin nahi dugu. Dantza latindarrei dagokionez, Estatuko mailarik altuenean gaude, baina dantza estandarrei dagokienez, ordea, bigarrenean, eta azken dantza horietan ere lortu nahi dugu igoera”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).