Horretarako, eta Azaroaren 25aren haritik, hainbat ekintza egingo dira datozen egunotan. “Derio indarkeriaren matxistaren aurka” hitzak dituen seinale bat ipiniko da udalerriko sarreran, eta banku bat margotuko da eta bertan plaka bat jarriko da emakumeen kontrako indarkeriaren arazoa gogora ekartzeko. Era berean, “Stop indarkeria matxista” mezua duten 100 kamiseta banatuko dira, eta tabernetan eta jatetxeetan ere ia 120.000 ahozapi banatuko dira. Gaurtik hasita eta astebetez udaletxearen fatxada morez argiztatuko da gauez, eta merkatarientzako hitzaldiak eskainiko dira, indarkeria matxistarik antzemanez gero nola erantzun jakin dezaten. Horrezaz gainera, Politeknikako Marketineko ikasleek egindako binilo erraldoia ipiniko da herriko lau dendatan, eta binilo txikiagoak, 50 dendatan baino gehiagotan.
Kanpainaren aurkezpenean hauek hartu dute parte: Esther Apraiz Derioko alkatea, Nekane Aiarza alkateordea, Josu Orbe Politeknikako zuzendaria eta Mari Mar Mellado Danerik Paraje! elkarteko presidentea. Hiru erakundeek lankidetza-hitzarmena sinatu dute interes eta onura sozialeko egitasmoak batera egiteko. Apraizek adierazi duenez, udala herriko eragileekin batera lan egitearen aldekoa da. Lankidetza hori hainbat egitasmoren bidez gauzatzeko asmoa dute, eta lehenengo kanpaina hau da lan horren emaitza. Bestalde, azpimarratu du “sektore estrategikoak izateaz gainera, ostalaritzak eta merkataritzak eragin handia dutela herriko bizitza sozialean eta kulturalean”. Horri lotuta, Melladok esan du Danerik Paraje! elkarteak argi duela herrian zein gizartean gertatzen diren ekintzetan parte hartu behar dutela. Halaber, gogora ekarri du merkatari gehienak emakumezkoak direla, “eta, beraz, oso kontzientziatuta gaude indarkeria matxistaren arazoarekin”. Azkenik, Politeknikako zuzendariak aipatu du egitasmoak ikasgelan ikasitakoa eta egindakoa kalera atzerako aukera ekarri diela ikasleei. Proiektuan 19 gazte ibili dira. “Biniloen bidez bidegabekeria honen kontra zerbait egin nahi izan dugu, eta jendeari zer pentsatua eman”, azaldu dute.