…Txorierri euskaldun!

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 26a, 13:05

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu 1995. urtetik hona. Data horren inguruan antolatutako ekintzak Derion egingo dira aurten, abenduaren 2ra arte. Ekitaldiak Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu ditu Derioko Udalaren, Tximintx euskaldunen komunitatearen eta herriko taldeen laguntzarekin. Ekintza-sorta zabala izango dugu, euskaraz aritzeko eta euskaraz gozatzeko.  

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailakoen ekitaldiak hasiera eman zion Euskararen Egunari lotuta antolatutako ekitaldi-sortari atzo. Gurea Aretoan, musika-topaketak eduki zituzten Zuriñe Hidalgorekin (Hesian) eta Iker Villarekin (Revolta Permanent). Saioaren gaineko material didaktikoa aurretik landu zuten musika-eskoletan, eta ekitaldian 250 gaztek hartu zuten parte txanda bitan.

Bestalde, gaur, azaroaren 26an, Kontu kantari saioa izan da lau urtetik sei urtera bitarteko umeentzat. Txotxongiloen eskutik birpasatu dituzte 10 haur-kanta, hala nola Txiki Txikia, Ran Rober Ran eta Sorgina Pirulina; baina hori modu berezian egin dute, izan ere, abestiak reggaearen, raparen edo bluesaren erritmoetara eraman dituzte. Ohikoa den moduan, herri anfitrioiko eskolako umeek aurkezpena egin dute, eta, horretarako, muntaia berezia prestatu dute. Gainera, seigarren mailako ikasleek hiru bertso jorratu dituzte Etxahun Lekue bertsolariaren laguntzaz. Bertsoak Txorierriko gainerako eskoletakoei eman zaizkie, ikas ditzaten eta denak elkarrekin saioaren egunean abes ditzaten. Azken bertsoak honela dio: «Txorierri osoko / adiskide, lagun, / egunero euskaraz / hitz egin dezagun. / Euskarak behar ditu / mila milioi egun. / Bihurtu behar dugu / Txorierri euskaldun!». Datozen egunetako ekintzetan ere aurkezpena egingo dute Derioko umeek.

Asier Kidam magoak zazpi urtetik 11 urtera bitarteko umeei gozaraziko die azaroaren 27an eta 28an. Gasteizko magoak egun bitan eskainiko du emanaldia. “Magia-ikuskizunek oso ondo funtzionatzen dute adin-tarte horietan, eta umeek saioan parte hartzeko aukera ere izan ohi dute. Bestalde, Kidam aurretik ezagutzen dugu: oso mago ona da, umeekin interakzioa lortzen duena eta  euskara oso aberatsa du gainera”, azaldu du Laura Martinez euskara teknikariak. Umeentzako ikuskizunak kiroldegian izango dira, eta egun bakoitzean saio bi egongo dira. Orotara, 1.236 ume hurbilduko dira saioetara.

Besteak beste, antzezlanak, bertso-poteo musikatua, talo solidarioa eta musika-saioak egongo dira

Publiko orokorrarentzako ekitaldiak ere eguenean hasiko dira. Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota aktoreek Jokoz kanpo antzezlana eskainiko dute 19:00etatik aurrera Gurea Aretoan. “Oso-oso antzezlan gomendagarria da, barreak egiteko modukoa. Gaia umeen futbola da, eta horrek sortzen dituen iskanbilak: entrenatzaileen artean, gurasoen artean… Hori guztia umorez jantzita. Bat baino gehiago identifikatuta sentituko da egoerekin”. Hurrengo egunean, barikuan, bertso-saio berezia egingo da arratsaldean: bertso-poteo musikatua, hain zuzen ere. Arkaitz Estiballes eta Oihana Bartra bertsolariak aretotik atera, eta tabernaz taberna ibiliko dira Eingo musika taldeak lagunduta. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta bertsolariak bat-batean arituko dira 20:30ak arte. Musikariek, berriz, 22:00ak arte jarraituko dute tabernarik taberna musika jotzen eta abesten.

 

Larunbat arratsaldean

Derioko Udalak puzgarriak jarriko ditu zapatuan, hilaren 30ean, frontoian. Puzgarriak 16:00etatik 19:00etara izango dira. Era berean, umeentzako talo-tailerra ere ipiniko du 17:30ean, eta ondoren talo solidarioak egongo dira salgai. Salmentari esker batzen den dirua ImpulsaT elkarteari emango diote. ImpulsaT elkarteak merosina-urritasunak eragindako sortzetiko muskulu-distrofiaren kontra borrokatzea du helburu. Gaixotasun arraroa da, eta nahiko larria, distrofia hori duten umeek muskuluen tonu txikiagoa, kontrakturak, arnasa hartzeko arazoak... izaten baitituzte. Bestetik, 19:00etatik aurrera, Eidabe taldeak seme-alabak zein gurasoak ipiniko ditu dantzan Gora Kasete! ikuskizunarekin. “Familia osorako ekintza da. Garai hartako gurasoen kantak hartu, eta moldatu dituzte umeekin batera dantza eta kanta ditzaten”. Zapatuko giroaz baliatuta, 20:00etan Euskaraldiko kale-ekintza egingo da Tximintx euskaldunen komunitatearen eskutik. “Euskaraldia 2020an izango da berriro, eta ekintza hau iazko edizioaren eta datorren artekoaren zubi moduan planteatu da Euskal Herri osoan. Arrantzaleek erabiltzen dutenen antzeko soka edo sarea ipiniko da. Iaz Euskaraldian parte hartu zuten norbanakoek eta entitateek papertxo batean idatzi ahalko dute egitasmoak zer nolako aldaketa ekarri dien edo nolako bizipenak izan zituzten eta hurrengo ediziotik zer espero duten. Papertxoak sokan edo sarean itsatsiko dituzte eta ikusgarri dagoen tokian jarriko dira. Helburua Euskal Herri osoko euskaltzaleen saretzea irudikatzea da.

Azkenik, eta Euskaren Egunaren inguruan antolatutako ekintzei amaiera emateko, Txorierri Institutuko Batxilergoko gazteek Just Charlie filma ikusteko aukera edukiko dute. Pelikula euskaraz eta ingelesez dago, eta guztira 159 gaztek ezagutuko dute Charlieren istorioa: protagonista mutil-gorputza duen neska bat da.

“Ahalegindu gara adin-tarterik handienera heltzen eta ekintza guztiak parte-hartzaileak izaten”

“Betiko moduan, egitaraua antolatzeko orduan, ahalegindu gara adin-tarterik handienera heltzen, ekintza guztiak parte-hartzaileak izaten eta txorierritar guztiak batzeko gunea izan dadila. Esan bezala, oso ekitaldi parte-hartzaileak eta dinamikoak, dira eta espero dugu aurten txorierritar asko Derion biltzea”. Txorierritarrok asteburuan, beraz, hitzordua dugu euskararekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).