Juan Miguel Atxutegi, irakasle eta politikari erretirauta

"Maisua izatea nire benetako bokazinoa izan da beti"

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 9a, 14:14

Juan Miguel Atxutegi nahiko ezaguna da Txorierrin, eta batez be Derion. Izan be, 16 urte emon ebazan alkate, eta beste sei urte, Mankomunidadeko kudeatzaile. Ganera, Txorierriko institutuko irakaslea be izan zan. 2015ean erretiroa hartu eban, eta harrezkero, beste zaletasun batzuk landu dauz: irakurtzea eta idaztea.

Berba egin daigun haurtzaroari buruz. Seminarioa oso garrantzitsua izan zan garai hatan, ezta?

Bai, seminarioaren alboan jaio nintzan. Umetan hartu-emona genduan seminarioagaz: meza-mutila izan nintzan, futbolean jokatzen genduan seminaristakaz... Ikasi gura neban eta ia konturatu barik, seminariora sartu nintzan. Seminarioan, besteak beste, filosofia, grekoa, frantsesa eta latina ikasi nebazan.

Bokazino kontu bat izan zan ala ikasi gura izate hutsa?

Bokazinoagaz joan nintzan, baina denporearen poderioz,  galdu egin neban. Fededuna banaz, baina abadeek eroaten daben bizitzea, bikotekide barik-eta, ez da niretzat.

Eta etxean, zelan hartu eben zu seminariora joan izana?

Hasieran, aitari ez jakon gustau, berak nik baserrian jarraitzea gura ebalako, baina gero pozik ibili zan, mutil zintzoa izan nintzalako eta disgusturik emon ez neutsalako.

 

"Seminariora bokazinoagaz joan nintzan, baina denporearen poderioz, hori galdu egin neban"

 

Seminarioa amaitu zenduan eta Madrilera joan zinan.

Bai, 21 urte nebazala lan egitea eta bakarrik bizi izatea zer zan jakin gura neban, eta seminarioko batzuk Madrilera joan ginan lan egitera: igeltsero egin neban behar. Esperientzia polita izan zan. Esate baterako, nire andrea Madrilen ezagutu neban. Geroago, Euskal Herrira itzuli ginan selektibitatea egitera.

Eta ondoren?

Zuzenbidea ikasten hasi nintzan, baina epaiketa batera joan nintzanean, konturatu nintzan abokatua ez zala nire ogibidea izango. Zelan defendatuko dot morroi bat erruduna dala jakinda? Non dago abokatuen morala? Helburuak ez dauz bideak justifikatzen. Beraz, Erromara joatea erabagi neban.

Zergaitik? Zer egin zenduan bertan?

Filosofia titulua eskuratzera joan nintzan. Hemen ez neban aukerarik, bakarrik Frantzian edo Italian. Eta frantsesa bagenkianez, seminarioko batzuek erabagi genduan Erromara joatea. Urtebete emon genduan bertan eta zoragarria izan zan, giroa guztiz desbardina zalako. Italian 1969an egon ginan eta hemen diktadura genduan; han, aldiz, zama handia gainetik kendu bagendu moduan bizi ginan: trankil egiten genduan berba, manifestazinoetara joaten ginan, ikurriña erakusten genduan… Beste mundu bat zan. Prentsa-kioskoetan eztabaidak sortzen ziran era natural eta espontaneo batean. Eta zineetan be bai. Harrigarriak ziran. 

Eta zergaitik itxi Erroma?

Bertako Unibersidadekoek gelditzeko gonbitea egin eustien, baina oso gitxi ordaintzen eben. Ez zan nahikorik familia aurrera ateratako. Gustauko jatan, baina ezin neban. Eta Madrilera joan nintzan Psikologia ikastera, eta, bitartean, behar egitera.

 

"Zuzenbidea hasi neban, baina ez neban amaitu. Zelan defendatuko dot morroi bat erruduna dala jakinda?"

 

Madrilen 13 urte emon zenduazan. Zergatik itzuli zinan etxera?

Nik ez neban Euskal Herrira itzultzeko asmorik, Madrilen, ikastetxe pribadu batean eskolak emoten nebazalako, baina Sestaon grekoa emoteko lanpostua sortu jatan. Handik Errekaldera joan nintzan, oposaketak gainditu, Durangora joan nintzan, eta, azkenean, 1985ean, Deriora. 

Garai hatan, politikan be sartu zinan, ezta?

Seminarioan era natural batean sartu nintzan, eta politikan be bai. EAJkoak herrikoak ziran, betiko lagunak. Derion 1983an egin ziran lehenengo aldiz hauteskundeak eta orduan deitu eustien alderdian sartzeko. Nik ezetza emon neutsien, garai hatan katekesia emoten ibili nintzalako eta politika eta erlijioa nahastu gura ez nebazalako. Azkenean, katekesia itxi neban eta 1985ean EAJn afiliadu nintzan.

1986an, Eusko Jaurlaritzatik deitu eutsuen bertan lan egiteko. Zer egin zenduan bertan?

Garai hatan, hainbat istilu egozan hezkuntzan eta batzuei aurre egin behar izan neutsien: Bilbon, San Inazion, Intxixu ikastolak ez eban eskolak emoteko leku duinik; Maria Goretti Durangoko ikastetxeak kanpora bota eban hiesak jota ebilen mutil bat… Borrokatzea egokitu jatan. Baina 1987an Alderdi Sozialista sartu zan Eusko Jaurlaritzan eta nik jarraitzeari uko egin neutson. Zer egingo neban nik eurakaz, euskeraren kontra beti agertu badira?

 

“Politikan era naturalean sartu nintzan: EAJkoak herrikoak ziran, betiko lagunak”

 

1987an, bigarren hauteskundeetan, alkate atera zinan.

Derion ez egoan ezer, dana zerotik hasita sortu genduan. Normala zan, Derio 1983an banandu zalako Bilbotik. Institutua baegoan eginda, baina Politeknika egin genduan, esate baterako. Hasieran, ez egoan dirurik eta seminarioko sotoetan emoten ziran eskolak. Asko kostatu jakun, baina azkenean aurrera atera genduan: lurra Aldundiari eskatu, eraikina egin, tresneria berria erosi…

Guztira, 16 urte emon zenduazan alkate, 2003ra arte. Denpora luzea, ezta?

Bai, niretzat be larregi izan zan. Lagunek esaten eustien erretiroa hartu arte jarraitu behar nebala alkate, baina nik ez neban gura. Behar egiteak ez deust ardura, baina institutura itzuli gura neban.

Zelango urteak bizi izan zenduazan udalean?

Urte politak izan ziran, alderdi guztiok Derioren alde lan egin gendualako. Dirurik ez genduan, baina ate guztiak jotzen genduazan dirua lortzeko: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia… Eta azkenean, proiektuak martxan jartzen genduazan. Alderdi euskaldunakaz hartu-emon ona euki dot beti. Arazoak euki genduazan agian, baina berba egiten dana konpontzen genduan, pertsonak garalako. Abertzale ez diran alderdiakaz, aldiz, arazoak euki dodaz. Ezin dodaz ikusi. Gauzak ezin dozuz danon gustura egin, baina, pozik nago.   

Arantzarik badozu?

Ez dakit arantza, baina pena emon eustan Mondragon Unibersidadea Derion jarri ez izanak. Hartu-emonetan egon ginan eurakaz, baina azkenean, zoritxarrez, proiektuak ez eban aurrera egin. Txorierri osorako oso onuragarria izan eitekean: umeak, eskolara; gero, institutura; eta handik, batzuk lanbide heziketara, eta beste batzuk, unibersidadera. Eta gero Parke Teknologikokoagaz berba egin eta praktikak eurakaz egin… Ibilbide osoa etxetik atera barik.

 

"Pena emon eustan Mondragon unibersidadea Derion jarri ez izanak"

 

Zu Derioko Udalean zengozala, Mankomunidadea sortu zan. Zergaitik?

Gure ustez, gauza batzuk, oinarrizko zerbitzuak, era koordinadu eta zentzuzko batean kudeatu behar ziran, baliabideak ez xahutzeko: euskara eskolak, gizarte-ongizatea, argia, satsa batzea… Batez be Deriok bultzatu eban Mankomunidadea, baina ez besteek Mankomunidadea gura ez ebelako edo horretarako gogor behar egin ez ebelako: Derio herririk handiena zan eta indar gehiena ebana.

Mankomunidadeko kudeatzaile sei urte emon zenduazan. Udala baino gogorragoa izan zan?

Ez dakit. Mankomunidadean, ardurea batzuen artean banatu egiten da; udalean, aldiz, zeu zara bakarra. Bietan gogor egin behar da lan, baina bietan egon naz gustura.

Kudeaketa publikogaz batera, jarraitu zenduan irakasle behar egiten. Zergaitik ez zeuntsan itxi? Ez zan behar larregi?

Politikaria izateko ez neban ikasi; irakaslea izateko, bai, ostera. Primeran pasatzen neban eskolak emoten. Maisua izatea nire benetako bokazinoa izan da beti. Duda barik. Batzuek dinoe gazteak nekagarriak dirala, baina hori irakasleek kudeatu behar dabe. Maisu hurbila nintzan, beti txantxetan gazteakaz.   

Azkenik, euskerari buruz galdetu gura deutsut. Zelangoa da euskerearen egoerea Txorierrin gaur egun?

Guztiok dakigu euskerea gaur egun, baina Txorierrin gitxi erabilten da. Beste alde batzuetan –Durangon...–, barriz, kontrakoa, jenteak euskeraz egiten dau. Nire ustez, geure izaerea eta geure izaerearen adierazpena, hau da, euskera bera bultzatu behar dira. Nire garaian, euskaldunok erdaldunak baino gitxiago ginala uste genduan. Orain, beharbada, ez da ozenki esaten, baina pentsaera hori oraindik mantendu egiten da. Beraz, euskaldunok trebeenak izan behar dogu arlo guztietan.

 

 

 

"Rouco lotsabako handia da"

Juan Miguel Atxutegi (Derio, 1946) Bekoetxe baserrian jaio zan. Gaur egun, aldiz, Zamdion bizi da, Geldo auzoan, baina bere berbetan, Derion egiten dau bizitza. "Zamudiora udal izapideak egitera baino ez naz joaten". Atxutegik 73 urte dauz eta uste dau bere bizitzan gogor egin dauala lan. 2011n erretiroa hartu eban, baina harrezkero ez da geldirik egon. Denpora librea etxeko baratza txikia eta animaliak jagoten emoteaz ganera, batez be zaletasun bi lantzen dauz: irakurtzea eta idaztea.

"Orain denpora gehiago daukat eta 2015ean El derecho humano de la autodeterminación de Euskadi liburua argitaratu neban. Ezagun batek esan eustan egunen batean liburua erosi eta erre egingo ebala. Eta orduan erabagi neban nire kabuz saltzea edo oparitzea. Bigarren liburua idatzita daukat, baina oraindik ez dot argitaratu, zuzentzen nabil. Zuzenbidezko estatua jorratu dot bertan; egurra emoteko irrikan nago (kar, kar)".

Estaduko egoerak eta poteretsuen jarrerek haserratzen dabe Juan Miguel, eta horregaitik idazten dau. "Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta haserre handiagoa harrapatzen dot. Espainiako eleizako pastoralak etxean jasotzen dodaz, eta horreetako batek El bien de la unidad eban izena. Rouco Varela lotsabako handia da. Izenburuak haserratu ninduan eta idaztera animau ninduan".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).