Herioa oholtzan

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 22a, 13:07

Zapatuan, Mungialdeko Antzerkizale Elkarteak (MAE) Herioagaz dantzan antzezlana ekarriko dau Txorierrira. Emonaldia 19:30ean izango da Baserri Antzokian. Mila Goikoetxea eta Jon Kepa Zumalde MAEren aktorea eta zuzendaria dira hurrenez hurren, eta eurakaz antzezlanaren nahiz taldearen gakoak izan doguz hizpide.

MAEk 13 egoera proposatzen deuskuz Heriogaz dantzan antzezlanean, eta horreetan guztietan heriotzea da ardatz nagusia. Norbait hiltzear dago; beste norbait hil da eta ingurukoak beraren ganean dabilz berbetan; zelan esan agur… Ezusteko heriotzea da batzutan; mingarria, beste batzutan; bizitzearen beste parte da guztietan… “Herioa zerbait txarra eta iluna dan ustea dogu, eta idea horren kontra egin gura izan dogu. Izan be, bizitzearen bukaerea dan arren, heriotzea bizitzearen parte be bada”. Horregaitik, antzezlanean heriotzea zuriz jantzita azaltzen da, alai eta dantzan. “Azken baten, bera ez da hiltzen gaituena, eroaten gaituena baizik”. Oso momentu hunkigarriak agertzen dira antzezlanean, baina hori ironiaz eta umorez be jantzi dabe. “Senidea edo laguna hil ondoko dolua gainditu behar dogu eta, jakina, hasieran triste izango gara; halanda be, denporeak aurrera egin ahala, persona hori modu positiboan gogoratuko dogu eta ez da bakarrik mina egongo”.

Baserri Antzokiaren oholtza gainean 14 lagun ibiliko dira, eta ahalegina egingo dabe norbanako bakotxarentzat heriotzea zer dan adierazoteko. “Ganerako antzezlanetan gai serioak jorratu badoguz be, umorezko lanak izan dira, eta oraingo honetan erregistroa aldatu behar izana gatxa izan da, gure sentimenduak azaleratu behar izan doguzalako. Dana dala, eta egia esan, gure antzezlanetan –eta Herioagaz dantzan ikuskizunean be– beti dagoz barre egiteko momentuak, ikusleek ezin dabelako ordubete pasatxo oso istorio sakon baten murgilduta emon; nasaitzeko tartetxua behar dabe”.

Erregistroa aldatu behar izana gatxa izan da, gure sentimenduak azaleratu behar izan doguzalako”

Antzerki taldeak udal-ikastaroetan dau jatorria. “Lehena 1990ean antolatu zan. Ondoren, beste ikastaro batzuk egin ziran eta 2008an Udalari eskatu geuntsan ikastaroa barriro antolatzeko. Baietz erantzun euskun eta Jon Kepagaz ipini ginan harremanetan berak zuzentzeko taldea. Baina ezin ginen beti ikastaroen menpe egon, eta akabuan alkartea sortzea erabagi genduan erabagiak geuk hartzeko, gura genduan moduan eta epeetan. Alkartea 2011n eratu zan ofizialki”, azaldu dau Goikoetxeak.

Zumaldek eskarmentu handia dau antzerki munduan, Markeliñe antzerki taldearen partaidea da-eta. Bera izan ezean, beste guztiak zaletuak dira. “Batzuk urteak daroez antzezten eta beste batzuk nagusitan hasi dira antzerkigintzan. Dana dala, guztiak datoz entseguetara gogotsu eta maila handia erakusten dabe agertokian. Horrek betetzen gaitu talde moduan”, esan deusku Zumaldek. “Ganera, edozein gauza egiteko prest dagoz, gauza barriak probatzeko prest. Eta pitika-pitika ikusten dabe ahalmen handia dabela agertokian gauzak kontatzeko eta edozein gauza antzezteko gai dirala. Ausardia handia dabe. Egia da bakotxak bere erregistroa dauela, baina guztiak dira garrantzitsuak talderako”.

Gorputza adierazoteko

Urte honeetan 20 antzezlan egin dabez; Telesforo ez da Bogart, Ama sena, Olalde museoa eta Euskaratzen, euren artean. Era berean, film labur bat egin dabe erabagiteko eskubidearen alde, eta Zerutik sua dator dokumentalean hartu eben parte. Inprobizazinoan oinarritzen dira antzezlanak montatzeko: zuzendariak gai bat proposatzen dau eta aktoreek gaiak burura ekarten deutsena islatzen dabe oholtzan; lan horren emaitza jaso ostean, Zumaldek itxurea emoten deutso antzezlanari. “Oso estetika berezia dogu, atrezzo gitxi erabiltzen dogu, garrantzia batez be gorputzaren bidez adierazoteari emoten deutsagu eta. Horretarako, barneko lan handia egin beharra dago: sentimenduak azaleratu behar dira, publikoak ulertu dagian. Bestalde, dantza, zuzeneko musika eta objektuak erabilten doguz ikuskizunetan, eta horrek teknika handia eta entsegu asko eskatzen deusku. Halanda be, gura geunkena baino entsegu gitxiago egiten dogu. Testu gitxi be erabiltzen dogu antzezlanetan, eta ahalegintzen gara horren ondorioz galdu leitekezan ñabardurak gorputzaren, musikaren eta argiztapenaren bitartez adierazoten”.

"Oso estatika berezia dogu eta garrantzia batez be gorputzaren bidez adierazoteari emoten deutsagu" 

MAEk 40 bazkide dauz, eta antzezlanez ganera, Mungian antolatzen diran ganerako ekitaldietan be hartzen dabe parte, esaterako Lore-jokoetan. “Ehun urte atzera egiten dogu urriaren azken asteburuan, eta ekintzetan 100 lagun baino gehiago ibilten dira”. Herriko beste alkarteakaz be egiten dabe alkarlana, musika eskolagaz kasu, eta Kontu Kontari saioa eta antzerki-foruma prestatzen dabez. “Herriko bizitzea, antzerkirako zaletasuna eta euskerea bultzatzea doguz helburu; gure lana jente-aurrean erakustea eta gure zaletasuna herritarrei nolabait kutsatzea. Halaber, jenteak antzerkiko hainbat esparrutara hurbiltzeko aukera izatea gura dogu”. Eta hori dala eta, beso zabalik hartzen dabe antzerkian lehen urratsak emon gura dauen edonor. “Lekua egiten deutsegu berehala”. Oihala igo daitela, beraz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).