Deriok 9,3 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2020rako

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 29a, 12:26

EAJko zinegotziek (7) aurrekontuen aldeko botoa eman dute; EH Bildukoek (3), kontrako botoa; eta PSE-EEkoak (3) abstenitu dira. Udalak jakinarazi duenez, 9.345.761 euroko aurrekontuak onartu dituzte 2020rako, aurreko urtean baino 1,3 milioi euro gehiago (% 16, 69ko igoera). “Igoera batez ere Aldekone sektorean lursail bat milioi bat euroan saltzea aurreikusten delako da. Aurreikuspen hori gabe, igoera % 4,20koa da”.

Era berean, udalak espero du Udalkutxaren 2020rako aurreikuspenek gora egitea, eta aurreikusi du zenbait zerga % 0,6 handituko direla. Bestalde, AENAko lurren katastroko balioak gora egin du – lur horiek ezaugarri berezietako ondasun higiezinak dira –, eta hori dela-eta espero du beste gehikuntza bat izatea. “Udalaren kontuen egoera ona errealismoan, zuhurtzian eta gastuaren euspenean oinarritutako kudeaketa ekonomiko baten emaitza da. Gure proposamenak egonkortasuna eta ziurtasuna ematen dizkio Deriori: gure gobernu-taldeak ezinbestekotzat jotzen ditu printzipio horiek, udalerri moduan hezten jarraitzeko; hau da, pertsonei eta haien eguneroko arazoak konpontzeari lehentasuna ematen dien udalerri moduan hezteko. Gogor lan egiteaz gainera, hitza betetzen duen gobernua garela erakutsi dugu, eta horretan jarraituko dugu”, adierazi du Esther Apraiz alkateak.

Jakinarazi dutenez, udalak 1.203.600 euro bideratuko ditu hainbat egitasmotara. Besteak beste, 37.500 euro zuzenduko dira eskolaren atzean aparkaleku bat egiteko proiektua idaztera; diru-partida hori ere erabiliko da aparkalekuak handitzeko – Gernikako Arbolakoa kasu– eta PSE-EEk eskolaren inguruan aparkaleku espres bat atontzeko egindako proposamena aztertzeko. Udalak 300.000 euro ipiniko ditu Hiri Antolamenduko Plan Orokorra egiteko, eta 100.000 euro bideratuko ditu hainbat txokotan LED argiak jartzera. Halaber, ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune bat ipintzeko asmoa du (8.500 euro) eta inbertsioak egingo ditu hezkuntza-eraikinetan (27.000 euro) eta aisialdiari lotutako eraikinetan (24.200 euro). Azpiegitura berriak atontzeko eta daudenak hobetzeko inbertsioak ere egingo ditu: Herriko plaza (33.000 euro), Uribe Parkeko komunak (50.000 euro) eta nagusientzako zirkuituak eta haurrentzako guneak (66.000 euro). Bestetik, lan hauek egingo dira aurten: Uribe eta Ganbe kaleetan trafikoak sortzen dituen arazoak konpontzeko neurriak betearaztea (125.000 euro), Uribe Parkean estalkia jartzea (156.000 euro), Euskal Herria 4-6 – Correos (113.000 euro) eta Unbe Kaleko II. Fasea (245.000 euro). DUK (Derioko Udal Kirodegia) erakunde autonomoari dagokionez, 1.135.565 euroko aurrekontua onartu da: 537.565 euro bazkideen diru-ekarpenen bidez finantzatuko da eta gainerakoa udalak ipiniko du.

Udalaren hitzetan, herritarren parte-hartzea ere hartu da kontuan aurrekontuak onartzeko orduan. “Beste urte batez, eta 2019. urte osoan, udalak hainbat topaketa antolatu ditu eta hainbat komunikazio-bide erraztu ditu, herritarrei ahotsa emateko eta haien iradokizunak jasotzeko”. Guztira 46 ekarpen bildu dituzte. “Guztiak aztertu dira eta gehienak aurrekontuetan daude jasota; beste batzuk aztertze-fasean daude”. Orobat, esan du aurrekontuak negoziatzeko prozesua oposizioko alderdi guztientzat zabalik egon dela une oro. “Udal-gobernuak berretsi egin du hitz egiteko eta negoziatzeko konpromisoa”.

Bestetik, EH Bilduk adierazi duenez, aurrekontuak Aldekoneko lurren balizko salmenta kontuan hartuta onartu izana zuhurtziagabekeria izan da. “Lursaila saldu ezean, hainbat proiektu geldituko dira bertan behera; herritarrek aukeratutako batzuk, tartean”. Horri lotuta, aipatu dute orain urte batzuk aurreikusi zela lur-eremu bat saltzea bertan etxebizitzak eraikitzeko, baina azkenean ez zela egin. “Ondorioz, ezin izan ziren aurrekontuetan sartutako gauza asko aurrera eraman; eta oraingo honetan askoz diru gehiagoz ari gara”. Era berean, esan dute aurreko urtean onartutako egitasmo batzuk oraindik ez direla gauzatu eta lehenengo eta behin horiek egin beharko liratekeela. “Gainera, aukeratutako euskaltegia edozein dela ere, derioztarrek euskara ikastea doan izateko eskaera egin genuen, eta EAJk eta PSEk kontra bozkatu zuten”.