“Nekazaritza estrategikoa da; hortaz, nekazaritza-heziketa ere bai”

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 4a, 12:36

Veronica Arrieta Pico, Derio Nekazaritza Eskolako zuzendaria

Apirilean 25 urte beteko dira Veronica Arrieta Derio Nekazaritza Eskolako zuzendaria dela. Aitortu duenez, lehenengo urteak korapilatsuak izan ziren, baina gaur egun ez luke eskolako zuzendaritza utziko ezergatik ere. Pozik baino pozago dabiltza nekazaritza arloko heziketan, eta buruan zenbait proiektu ditu. Horiek guztiak egia bihurtzea hartu du erronkatzat.  

Deigarria izan zen garai hartan nekazaritza-eskola bateko zuzendaria emakumezkoa izatea?

Hori baino, nire ustez, deigarriagoa izan zen ni nekazaritza-eskoletan ezezaguna izatea. Nekazaritza Ikerketa eta Hobekuntzarako Zerbitzuan (SIMA) –NEIKER, gaur egun– lanean nenbilela jakin nuen oposizio-lehiaketa egongo zela eskolako zuzendariaren plaza betetzeko, eta, prozesu luze baten ondoren, azken elkarrizketara ailegatu nintzen beste lau hautagairekin batera; guztiak, gizonezkoak. Ziurrenik, haietakoren batek –eta prozesuan aurrera egin ez zuten beste batzuek– era bateko edo besteko lotura izango zuen nekazaritza-eskolekin, eta nik, egia esan, ez nuen plaza lortzeko itxaropen handirik. Baina, antza, nahiko puntuazio altua nuen curriculuma zela-eta, eta azterketa eta elkarrizketa onak ere egin nituen. Dena dela, egia da 25 urtean Euskadiko hiru nekazaritza-eskoletako zuzendaritzan egon den emakume bakarra naizela.

Ezezaguna ez ezik gaztea ere izan zinen.

Hogeita hamahiru urte nituen eta aitortu behar dut hasieran asko kostatu zitzaidala, eskarmentu ezagatik. Nekazaritza-ikerkuntzatik heldu nintzen, eta bat-batean zentroa eta pertsonak antolatu behar nituen. Gainera, garai hartan eskola Eusko Jaurlaritzatik atera zen eta enpresa publikoa bihurtu zen, eta lehenengo bi urteak oso korapilatsuak izan ziren. Askotan esan dut garai hartan NEIKERren edozein lanpostu eskainiz gero alde egingo nuela. Gaur egun, berriz, ez nuke inondik inora egingo, seguruago nagoenez, emaitza hobeak lortu ahal ditudala uste dudalako. Asko gustatzen zait eskola: Bizkaian nekazaritza-heziketa irakasten den ikastetxe bakarra da eta Deriok zein Txorierrik horretaz harro egon beharko lukete. Erreferentzia-puntua gara eta gauzak ondo egiten jarraitu behar dugu.

“Bizkaian nekazaritza-heziketa irakasten den ikastetxe bakarra da gurea; Txorierrik harro egon beharko luke”

Biologia ikasi zenuen. Nola ailegatu zinen nekazaritzara?

Nire garaian Biologia ez zen oso karrera espezializatua eta ikusi nuen zerbait egin behar nuela beste biologoengandik bereizteko. EHUn tesina egiten nenbilela Zaragozan eskaintzen zuten graduondo baten berri izan nuen: Landareen hobekuntza genetikoa eta haziak ekoiztea. Beka lortu nuen eta hara joan nintzen: asko ikasi behar izan nuen, nekazaritzari buruz ez bainekien ezer. Ondoren, beste beka bat eman zidaten Salamancan tesia egiteko. Hori Iberiar penintsulako mendebaldeko lekadun baten hobekuntza-planari buruz egin nuen, eta EHUn aurkeztu nuen. Aldi berean, SIMAko Baratzezaintza Sailean lan egiteko beka eskuratu, eta lehenengo kontratua Altos Hornosekin izan nuen. Enpresa horrek eta SIMAk hitzarmena zuten zepa substratutzat erabiltzeko ikerlana egiteko.

Ikerkuntzaren hutsunea nabaritzen duzu?

Hasieran, bai, jakina; orain, ez. SIMAn sei urte eman nituen eta, ikerkuntzaz gainera, kongresuetara joateko ohitura nuen. Hori dela eta, Estatuko nahiz atzerriko erakundeekin lankidetzan aritzeko prest egon naiz beti, eta, ondorioz, Bizkaiko Nekazaritza Eskola aitzindaria izan da atzerriko ikastetxeekin elkarlanean aritzen. Esaterako, basogintza arloko hezkuntza-proiektuak garatu ditugu eta Erasmus programan hartu dugu parte. Era berean, ikerkuntza-egitasmoetan aritu gara NEIKERrekin elkarlanean.

“Nekazaritza Eskola aitzindaria izan da atzerriko ikastetxeekin elkarlanean aritzen”

Zein erronkari egin behar izan diozue aurre urte hauetan?

Aldaketa asko egon dira administrazio-arloan. Hasi nintzenean, eskola Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailaren menpe zegoen eta handik urte bira Mendikoi enpresa publikoa bihurtu zen. Oso traumatikoa izan zen: funtzionarioak administraziora joan ziren, langileak dekretu bidez pasatu ziren eskolara… Erronka izan zen langileei helaraztea ez zela ezer gertatuko eta guztiok baldintza onetan lan egiten jarraituko genuela. Beldurra arindu egin zen eta, are gehiago, ikusi genuen gauzak azkarrago eta malgutasun handiarekin kudeatu ahal genituela. Ondoren, itsas eta arrantza-zentro biek bat egin zuten gurekin eta Itsasmendikoi bilakatu ginen, eta ostean HAZI Fundazioaren partaide izan ginen. Hala ere, handik gutxira gobernu sozialistak erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoko hiru nekazaritza-eskolek eta itsas eta arrantza-eskola biek Hezkuntza Sailaren menpe egon behar zutela, eta Lanbide Heziketako zentroa izatera pasatu ginen.

Nola hartu zaituzte Lanbide Heziketak?

Maitasun eta berotasun handiz. Txikiak garen arren –BPGa kontuan hartzen badugu, ez gara ezer–, nekazaritza estrategikoa baita, eta, hortaz, nekazaritza-heziketa ere bai: ingurumena asko zaintzen dugu, lehen sektoreko etorkizuneko ekoizleak trebatzen ditugu, ekonomia zirkularraren proiektuak garatzen gabiltza, produktu hurbilak sustatzen ditugu… Europar Batasunak Nekazaritza Politika Erkideari ematen dion garrantzia estrategikoak garen adierazlea da. Eta nekazaritza Europar Batasunarentzat garrantzitsua bada, ulertzen dut Eusko Jaurlaritzarentzat ere badela; eta ondorioz, nekazaritza-heziketa ere garrantzitsua dela. Horregatik, lehen sektorea zaindu behar dugu, eta erabat beharrezkoa dela erakutsi.

Eta zeintzuk izan dira, edo dira, erronka akademikoak?

Logikoa denez, hezkuntza-legeen aldaketek eragina izan dute eskolan, baina erronka akademiko garrantzitsu bat irakasleak behin-behinekoak izateari dago lotuta. Nire iritziz, ez da erraza Lanbide Heziketako irakaslea izatea, ikasgelan irakatsitakoa praktikara eraman behar da eta. Gure kasuan, berotegia ipini behar da, laboreak, horiek tratatu eta haz daitezen, fruitua batu… Hau da, nola egin jakiteaz gainera, egin behar da, eta eskarmentu hori denboraren poderioz hartzen da.

Zein da eskolaren hezkuntza-eskaintza?

Lau heziketa-ziklo eskaintzen ditugu. Bi erdi-mailako zikloak dira: Nekazaritza ekoizpen ekologikoa eta Lorezaintza eta Loradenda; eta beste biak, goi-mailakoak: Basoen kudeaketa eta Landa-ingurunea eta Paisajismoa eta Landa-ingurunea. Gainera, gaur egungo hezkuntza-legeak (LOMCE) aukera ematen du erdi-mailako zikloa burutu ondoren goi-mailakoa egiteko. Bestalde, aipatu beharra dago eskolak ekintzailetza-proiektuak sustatzen dituela eta, horretarako, hainbat programetan hartzen duela parte, hala nola Gaztenek edo Urrats Bat. Heziketa ez aratua eskolako beste zutabe garrantzitsu bat da: nork bere burua birziklatzeko ikastaroak ematen ditugu, heziketa eskasa dutenentzako ikastaroak, hitzaldi espezializatuak…

Krisia dela eta, batzuek lehen sektorera jo dute lan-aukera bila. Nabaritu duzue eskolan?

Bai, lana galdu ondoren lan-irteera bila ibili diren ikasleak izan ditugu, eta aurtengo ikasturtean ere helduak daude. Batzuek lursoro txikia izan dute; beste batzuk aurretik bizi izan dira landa-ingurunean edo lehen sektorean lan-aukera zegoela ikusi dute… Hasieran pentsatu genuen ikasle helduak eta gazteak elkarrekin egoteak arazoa ekarriko zuela, baina guztiz kontrakoa gertatu da: asko ikasten dute elkarrengandik.

Ordezkorik ez egotea lehen sektoreko arazo nagusietariko bat da.

Bai, oso arazo larria da. Horren harira, ikasleetariko batzuek familia-ustiategian lan egiteko asmoa dute, eta jarduerarekin jarraitu, baina, ilusio handia badute ere, beste batzuek ez dute lurrik. Nire aburuz, ahalegina egin behar dugu ustiategia utziko duena eta ikaslea harremanetan ipintzeko, eta horretan gabiltza lanean.

Nolakoa da emakumearen presentzia ikasleen artean?

Oso txikia. Emakumeak ikasleen % 16 dira aurtengo ikasturtean, eta aurrekoetan emakume gutxiago ere egon dira. Halaber, oso emakume gutxi izan ohi dira basogintza-zikloan: egia esateko, emakumeak zailtasun handiak dituzte sektore horretan lana topatzeko. Nekazaritzan, berriz, errazago dute eta emakume baserritarraren lana ikusgai egiteko ematen ari diren pausoak ere lagungarriak dira: ustiategien titulartasuna gizonak zein emakumeak izatea bultzatzea, Emakume Baserritarren Estatutua eta LORRAk urtero emakume baserritar bati ematen dion saria, batzuk aipatzearren. Izan ere, emakume baserritarraz ahaztu gara gehienetan: berak ere baserrian lan egin arren, gizona nabarmendu ohi da. Beraz, emakume baserritarren zeregina azpimarratzea beti izango da onuragarria lehen sektorerako, beti egin den lanaren garrantzia azpimarratzea delako. Bestetik, irakasleei dagokienez, aipatu nahiko nuke ikasturte honetan emakume adina gizon daudela: 15. Kopurua aldatzen da ikasturterik ikasturte, asko behin- behineko irakasleak direlako.

“Emakumeak ikasleen % 16 dira aurtengo ikasturtean; aurrekoetan emakume gutxiago ere egon dira”

Agerikoa da klima-aldaketak nekazaritzan eragina duela, eta alderantziz. Zeintzuk dira erronkak?

Zaila da horri erantzutea. Beharbada, erronketako bat izango liteke berotegi efektuko isuriak nola berrerabili edo eraldatu asmatzea, ingurumenari kalterik ez egiteko. Ingurumen arloko adituek erronka polita dute zentzu horretan.

Teknologia da lehen sektorearen gainditu gabeko jakintzagaia?

Egia da askori kostatzen zaiela teknologia berrietara moldatzea eta baten batek telefono mugikorrik ez daukala, baina teknologia asko erabiltzen duten ustiategiak ere badaude, nahiz eta gutxi izan: robotak erabiltzen dituzte, edo monitoreak, kumedunak nola dauden ikusteko. Bestalde, belaunaldi berriak aro teknologikoan jaio dira eta ez diote hain beldur handirik izango ustiategian teknologia ezartzeari. Batzuen ustez, teknologia produktuaren kalterako da; nik, berriz, teknologia onak produktu ona sortuko duela pentsatzen dut. Ezin da ukatu ortuko tomatea gozo dagoela; baina zergatik ukatu teknologiak ere tomate gozoa sor dezakeela? Orobat, lagun diezaguke kutsatzaile gutxiago erabilita ekoizten. Nekazaritza-ikerkuntza bultzatu behar dela uste dut.

“Batzuen ustez, teknologia produktuaren kalterako da; nire aburuz, teknologia onak produktu ona sortuko du”

Gaur egun industriguneak nagusi badira ere, Txorierrik nekazaritza-izaera du. Nolako harremana duzue haraneko eragileekin?

Oso harreman ona dugu Derioko Udalarekin, eta praktiken zati bat udal-lurretan egiten dira. Udalek horrela eskatuta, ikastaroak antolatzen ditugu, eta Seminarioarekin, Teknologia Parkearekin eta EGAZ Txorierrirekin ere erlazioa dugu. Bestetik, eskualdeko ekoizleek parte hartu dute eskolak egindako ikastaroetan.

Zeintzuk dira eskolaren epe ertaineko helburuak?

Gure helburua beti izango da nekazaritza-heziketa, jakina, eta hori hobetzea. Halere, urrats bat egin dugu lehen eraldatzerantz. Izan ere, nekazaritza-produktua eraldatzeak abantaila batzuk dakartza: adibidez, produktuaren balioa handitzen da, enpresa dibertsifikatu egin daiteke eta produktua urtearen edozein sasoitan sal daiteke. Orduan, landare-kontserbak egiteko lantegi bat ipini dugu eskolan. Gainera, Markinako ikastegi itundu batean izan ezik, Euskadin ez dago non ikasi elikagaien eraldatzeari buruz, eta guk Lanbideko profesionaltasun-ziurtagiriak ematen ditugu esparru horretan. Elikagaien eraldatzea Lanbide Heziketako Elikagaien industrien ikasketen barruan dago, eta eskola saiatuko da lanbide heziketa horretan sartzen. Epe ertaineko erronka garrantzitsua da guretzat.

Oso gustura ikusten zaitugu eskolan.

Bai. Ikasketetatik aparte, oso egitasmo interesgarriak jorratzen gabiltza edo jorratzeko asmoa dugu. Kasurako, ekonomia zirkularrari lotutako proiektu pilotu bat egiteko gogo handia dut, eskolan horretarako baliabide asko ditugu eta. Horrela, bada, ekoizten dugu, jantokia dugu, eraldatzeko lantegia dugu eta hondakinak sortzen ditugu eguneko ekoizpenean, jantokian zein lantegian. Hurrengo urratsa hondakinak ongarri bihurtzeko gailu bat ipintzea izango da, eta ongarria eskolako lurzoruetan erabiltzea. Nire ustetan, oso egitasmo polita da eta hezkuntza-proiektua ere izan liteke: gauzak egin daitezkeela erakutsi, eta nola egin irakatsi.

Lotura estua Txorierrirekin

Veronica Arrieta Pico Deustun jaio zen 1961ean, etxean. “Ordurako emakume gehienak ospitalean erditzen ziren, baina emak erabaki zuen ni etxean jaioko nintzela. Oso ausarta izan zen. Lagun emagin batek lagundu zion”. Deustuarra duela 22 urtetik bizi da Loiun; hala ere, aurretik du lotura estua Txorierrirekin. “Familia Santuko eskolan ikasi nuen eta ikastetxea 11 urte nituela itxi zuten. Orduan, gurasoek Mesedeetako ikastetxera bidali ninduten, Deriokoa garai hartan: Asuako errepidea milaka aldiz dut eginda!”. Aita Erandiokoa zen, eta ama, bilbotarra. “Biei asko gustatzen zitzaien Txorierri. Etxeko argazkien artean Santa Luziaren erromerian, Loiun, egindako argazkiak daude”.

Salamancatik etorri eta alokairuan hartu zuen etxebizitza Deustun. “Etxebizitza erosteko momentua ailegatu zenean, gaur egun nire senarra denak esan zidan Bilbotik atera nahi zuela, eta hasi ginen Txorierrin begiratzen. Etxebizitza Loiun erosi genuen azkenean, izan ere biok Derion egiten dugu lan eta oso erosoa zen joan-etorriak egiteko. Nire seme biak loiuztarrak dira; peto-petoak, gainera. Garraioari dagokionez oso komunikazio onik ez duen arren, Loiu oso herri polita da bizitzeko eta bizi-kalitate ona du”. Arrieta Zamudion ezkondu zen Txorierrira etorri eta handik urte batzuetara.

Arrietari asko gustatzen zaio abestea eta horregatik animatu zen duela hainbat urte Txuma Olague abesbatzan saiatzera. “Ez dakit zenbat urte daramatzadan abesbatzan. Asko! Oso gustura nago. Egia esan, bizitza handia egiten dut Loiun, Txorierrin zein Deustun. Poz-pozik nago berton”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).