Luis Vazquez, borroka-arteen irakaslea

“Guztiok izan beharko genuke defentsa pertsonalaren oinarrizko ezagutza”

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 26a, 13:21

Derioztarra oso gaztetxoa zela hasi zen borroka-arteen munduan, eta hiru hamarkadatan egindako lan gogorrak hainbat titulu eta aintzatespen ekarri dizkio. Hizpide bere grina izan dugu, nola ez ba!

Nola hasi zinen borroka-arteak egiten?

Hamaika urte nituela hasi nintzen, 90. urtean. Taekwondoa eta judoa barik, ni borroka-arte osoagoek erakartzen ninduten eta, kick boxinga egiteko, izena eman nuen Mungiako gimnasio bakarrean; Van Damme-ren eta gainerakoen pelikulen eraginez, beharbada. Kick boxingaz gainera, irakasleak orduan egiten zebilen borroka-artea irakasten zigun, baita defentsa pertsonala ere. Izugarri gustatzen zitzaidan eta gogoz entrenatzen nintzen, harik eta 98. urtean gerriko beltza lortzeko azterketa egin nuen arte. Hurrengo urtean irakaslearen laguntzaile ibili nintzen, eta hark eskola emateari utzi zionean, neuk hartu nituen beraren taldeak.

Krav maga ere egiten eta irakasten duzu.

Madrilera joan behar izan nuen irakasle-ikastaroa egitera, garai hartan hemen non ikasi ez zegoelako, eta Israelgo irakasleekin ibili ginen. Egia esan, ikastaroa arte-borrokak aurretik ezagutzen genituen lagunontzat zen, eta israeldarrengandik ikasi genuen batez ere lana nola egiten zuten. Asko entrenatu eta sufritu nuen…

Sufritu?

Bai. Krav maga borroka-sistema bat da, eta israeldarrek ataka estuan jarri gintuzten zenbat pairatzeko gauza ginen jakiteko. Gure burua erasotzaile baten aurrean defendatu behar izan genuen; gero, erasotzaile bi; hiruren aurrean… Oso-oso gogorrak izan ziren; azken batean, haiek ohituta daude horrela lan egitera… Dena dela, kontuan hartu behar da irakaslea izateko ikastaro batez ari garela; ohiko eskolak ez dira inola ere horrelakoak.

Eta boxeo frantsesa, zer da?

Kick boxingaren antzekoa da, baina “dotoreagoa”, nolabait esatearren. Arau batzuk aldatzen dira: esaterako, kick boxignean ostikadak tibiaz eman daitezke; hala ere, boxeo frantsesean zapataren puntaz jo behar da. Punta hori gogortuta dago. Diziplina hau Galiziako mutil baten bidez ezagutu nuen eta berarekin ikasi nuen, Frantziako federazioak Estatuan duen irakasle baimendu bakarra baita: hona gonbidatu dut ikastaroak ematera eta neu ere askotan joan naiz kanpora gehiago ikastera.

Izan ere, ikasteko grina handia duzu.

Bai, beti saiatzen naiz neure burua hezten eta denetarik ikasten. Horri lotuta, asko bidaiatzen dut: Italiara, Portugalera, Estatu Batuetara… Onenekin ikastera. Oporretara joaten naizenean ere begiratzen dut leku horretan nork zer ikastaro emango duen.

Kanpotik ere etortzen dira zurekin ikastera.

Besteak beste, Holandako Italiako, Alemaniako eta Norvegiako lagunak etorri dira nirekin entrenatzera. Ona da kanpoan ere ezaguna izatea. Bestalde, federazioko beste kide birekin batera, birritan izan naiz Erroman defentsa pertsonaleko ikastaroa ematen. Esperientzia polita da oso, beste diziplina batzuk ezagutzeaz gainera, erabat pozgarria delako besteek norberaren lana kontuan hartzea.

Nolako ikastaroak ematen dituzu hemen?

Defentsa pertsonala irakasten diet sei urtetik gorako umeei Derioko eskolan, eta nagusientzako saioak BC Fun Fitness Gym gimnasioan egiten ditugu, Zamudion. Azken saio horietan kick boxinga, boxeo frantsesa eta krav maga uztartzen ditugu. Gainera, gimnasio edo zentro batek eskatuz gero, defentsa pertsonaleko ikastaroak antolatzen ditut emakumeentzat.

Edonork eman dezake izena saio horietan?

Bai, bost urtetik gorako edozeinek; eta berdin dio sasoian dauden edo ez, denboraren poderioz lortuko dutelako. Are gehiago, oso inportantea da sasoian egotea: geure burua nola defendatu jakin arren, fisikoki zein mentalki ondo ez bagaude, gutxi egin dezakegu benetako eraso baten aurrean.

Ezinbestekoa da gaur egun gure burua defendatzen jakitea?

Egungo panorama ikusita, bai. Nire ustez, guztiok ikasi beharko genuke borroka-arteren bat, edo, behintzat, defentsa pertsonalaren oinarrizko ezagutza izan. Baita prebentziorako oinarrizko ezagutza ere, ez baitugu zertan hasi elkar joka: batzuetan egoera bat edo beste prebenitu dezakegu, zerbait larriagoa gerta ez dadin.

Sariak jaso dituzu borroka-arteetan egindako ibilbidea dela eta. Harro?

Golardoek-eta pozten naute, jakina! Eta harro nago, 11 urte nituenetik egin dudan lana aintzat hartzen delako. Baina, egia esan, ez diet sariei inportantzia handirik ematen; ni jendeak ondo pasatzeak eta ikasteak asetzen nau benetan. Saria ikasleek jasotzen dutenean gehiago pozten naiz.

Dena dela, gogor entrenatu behar izan zara tituluak lortzeko.

Ordu asko egin ditut entrenatzen: ordu bi egunero, eta batzuetan, lau ere bai. Entrenamenduen ostean eskola ere eman dut askotan, arratsaldeko 4etatik gaueko 10ak arte. Zapatuetan eta domeketan ere entrenatzen naiz.

Zerk erakartzen zaitu hainbeste?

Orokorrean borroka-arte guztiak gustatzen zaizkit. Haien filosofiak erakartzen nau, besteei adierazten diegun begiruneak, ariketak, nire buruarengan dudan konfiantzak, nire burua defendatzen jakiteak… Borroka-arteek energia ematen didate: entrenatzen ez naizen egunean txarto sentitzen naiz.

Txapelketa gutxitan hartu duzu parte, ordea.

Nahiago dut ikasleak hezi, eta txapelketetara beraiek joatea. Nolanahi ere, iaz lehiatu nintzen maisuen kategorian. Ez nuen nahi, baina aurreko urteotan lagun batzuek alamena eman zidaten txapelketaren batean parte hartzeko eta azkenean konbentzitu ninduten. Irabazi egin nuen.

Lehiatu zarenean Estatuko txapelketetan izan da. Nolako maila dago?

Oso maila ona dago borroka-arte guztietan; eta batez ere Euskadin eta boxeoan.

Noiz arte egin daitezke borroka-arteak?

Gorputzak nahi duen arte. Nire ikasleetariko batek 60 urte ditu eta 20 urteko gazte asko baino hobeto dago. Bestetik, iaz 66 urteko gizon bat eraman nuen lehiatzera eta bigarren geratu zen.

Asmorik duzu etorkizunari begira?

Entrenatzen jarraitzea eta ikasleei helburuak lortzen laguntzea: tituluak irabaztea izan daiteke, defentsa pertsonala ikastea edo bakarrik ariketa fisikoa egitea. Batzuk Espainiako txapeldunak eta txapeldunordeak izan dira eta nahiko motibatuta daude. Izan ere, oso esperientzia erakargarriak dira, ikasitakoa praktikan ipintzen delako eta horrek ondo sentiarazten zaituelako… Sentsazio asko izaten dira.

 

Curriculuma

–Borroka-arteetako Espainiako txapelduna: defentsa pertsonala eta maisuen kategoria.

–OEKAMeko krav magako arduradun nazionala.

–CESBFeko savate defentsako arduradun nazionala (boxeo frantsesa).

–Borroka-arteetako eta boxeo frantseseko Euskadiko delegatua.

–Nazioarteko irakaslea.

–Krav maga: gerriko beltza, 4. dan.

–Kick boxing: gerriko beltza, 4. dan.

–MMAren lehen mailako irakasle nazionala.

–Boxeo frantsesa: eskularru horia.

–Borroka-arteen merezimendu domina, 2019.

–Borroka-arteak zabaltzeko lanaren urrezko domina, 2017.

–Gonbidatua, nazioarteko seminarioetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).