Koronabirusa

“Ziur nago etxean luze egongo garela; gitxienez, Aste Santura arte”

Aikor aldizkaria 2020ko mar. 20a, 16:10

COVID19k alarma biztu dau munduan eta Espainiako Gobernuak etxean egoteko agindua emon dau haren hedapena geldiarazoteko. Gaixotasunaren haritik hainbat adituri entzun deutsagu komunikabideetan, eta horreetako bat Miren Basaras derioztarra izan da. Basaras Mikrobiologian doktorea da eta birusaren barri emon deusku. Bere bizitzea be izan dogu berbagai. 

Zein birus-mota da?

Mikroskopioan ikusita, koroaren itxurea dau eta horregaitik deitzen da holan. Koronabirusaren familiako birus batzuek, lauzpabostek, gizakiak bakarrik kutsatzen dabez eta hotzeria eragiten dabe urtero. Beste batzuek animaliak kutsatzen dabez, eta beste batzuk animalien bitartez pasatzen dira gizakietara. Honeek dira: SARSa, 2002an agertu zena; MERSa, 2012an agertu zena; eta aurtengoa, SARS CoV-2. Azken horrek Covid-19 gaixotasuna eragiten dau.   

Zelan sortu da?

Hipotesi asko dago. Iturburu garrantzitsuena Txinako animalien merkatu baten izan zan; beraz, hango animaliak aztertzen hasi ziran. Sugea eta pangolina aitatu dira, baina ez dago argi kutsatzailea zein animalia izan zan.

 

"Gizakian antzematen dan lehen aldia da, eta horregatik dago kezka nabarmena"

 

Birus barria da, ezezaguna.

Bai, gizakiongan antzematen dan lehen aldia da, eta horregaitik dago kezka nabarmena. Barria dan guztiari errespetua euki behar jako. Ez dakigu zein izango dan birus honen jarrera, zelan garatuko dan.

Zeintzuk dira sintomak?

Gripearen antzekoak dira. Kutsatutako gehienek ez dabe sintomarik, eta sintomak egotekotan, arinak dira: eztula, sukarra, arnas ezintasuna eta, batzuetan, eztarriko mina be bai. Hareek berez sendatzen dira. Kasu gutxi batzuetan, aldiz, % 14an edo, sintomak konplikatu egiten dira eta pneumonia agertzen da. Pneumonia horrek pertsona batzuengan okerrera egiten du: % 14 horretatik % 5ean. Kasu horreetan, arnas ezintasuna gero eta handiagoa da, beste organo batzuei egiten deutse min, eta pertsona hori hil be egin daiteke. Zergaitik? Birus bat dalako eta birusen aurrean botika gitxi dogulako. Eta dagozanak ez dira oso eraginkorrak, ez koronabirusaren kontra, ez beste birusen kontra.

 

“Dagozan botikak ez dira oso eraginkorrak, koronabirusaren kontra ez eze beste birusen kontra be”

 

Topatuko dabe tratamendu eraginkorrik?

Horretan dabilz, baina luze joko dau. Lehenengoz, laborategian aztertu behar da; gero, animalietara eroan; animalietatik gizakira; eta akabuan konfirmatu behar da benetan seguruak eta eraginkorrak dirala.

Noz da kutsatzeko arriskurik handiena?

Kutsadura gehienak sintomak agertu ostean gertatzen dira. Inkubazino-aldian kutsadura-maila oso baxua da, ia ez da gertatzen, baina ezin da inoz % 100ean ziurtatu.

Zein fasetan dago koronabirusa hemen?

Gero eta kasu gehiago dagoz, eta uste dot oraindino ez garela gailurrera ailegau; hau da, kasu gehiago egongo diralako. Seguru antzean, kopuruak hurrengo asteetan egingo dau gora, baina ez dakigu noiz arte. Txinan, berbarako, kasuek nabarmen egin dabe behera.

Hain gaixotasun larria da?

Koronabirusaren heriotza-tasa gripearena baino apur bat handiagoa da: gripeak % 1eko tasa dau; eta koronabirusak, % 2-3koa. Hildako asko be ez da egon Euskal Herrian, oraindik gaixotuen kopurua oso handia ez dalako, eta espero da antzeko tasari eustea. Halanda be, heriotzari jagokonez, inportantea da nabarmentzea nortzuk hilten dabilzan: nagusiak eta immunitate-sistema ahula dabenak, eta aldez aurretik beste patologia edo infekzino batzuk dabezanak, hain zuzen be. Horreek be sufritzen dabe gripeagaz. Gazteek eta umeek, barriz, ez dabe gaixotasuna hainbeste pairatzen; baleiteke, baina arraroagoa izango litzateke. Beraz, gaixotasuna kontrolatzeko, osasun-erakundeek ezarritako neurriak betetzea da garrantzitsuena. Eta pertsona bat kutsatzen danean, horri jarraipena egitea. 

Herritarrei zer esan ahal deutsegu?

Lasai ibilteko eta, ahal dan neurrian, normaltasunez jokatzeko. Ganera, funtsezkoa da higiene-neurriak hartzea: garrantzitsua eskuak sarritan garbitzea da, eskuakaz guztia ikutzen dogulako. 

Etorkizunari begira, aurreikuspenen bat egin ahal da?

Batek daki!  Zientzialariok hainbat galdera egiten deutsagu geure buruari: zelan izango da koronabirusa 10 hilabete barru? Betiko geldituko da gure artean? Hori gertatu ezkero, zelan egingo deusku kalte? Birusek aldatzeko joerea dabe, eta normalean txarrerako izaten da, bortitzago egiten diralako. Edo desagertuko da? 2002an, SARS birusa munduan zabaldu zan, baina berez desagertu zan. Baina garai hatan giza sarerik ez zegoan eta komunikabideak erabat desberdinak ziran. 2002an oihartzun txikiagoa emon eutsoen SARS birusari, gaur egun koronabirusari emoten  jakonaren aldean. Esate baterako, nik Zientzia Kaiera unibersidadeko webgunean euskeraz eta koronabirusari buruz idatzitako artikulu bat Japoniara zabaldu da Twitterren bidez. Harrigarria da. Giza sareak oso garrantzitsuak izan dira koronabirusaren gaineko informazioa zabaltzeko.

Koronabirusa gurera etorri baino lehen, informazino egokia zabaldu jakun herritarroi?

Batez be lasaitasuna zabaldu zan. Halanda be, gizarteak ez dau jakin gura izan zer eban aurrean: Txinan sortu zan, baina oso urrun dago. Eta Italiara heldu zanean be jentea ez zan oso jakituna izan. Hori izan da arazoa. Beharbada, ez da behar moduan adierazo arazoa oso larria izan leitekeela, honaino heldu leitekeela eta arin etorri leitekeela. Eta esan dogunok, beharbada, ez deutsagu jenteari modu egokian azaldu.

 

"Birusak guztiok kutsatuko gaitu, baina lortu behar dogu guztiok aldi berean kutsatuta ez egotea"

 

Birusa itzel hedatu da. Adituek espero eben hainbeste?

Bai, adituek espero ebena izan da. Jentea hartu-emonetan badabil, kutsatzeko arriskua handiagoa da. Beraz, neurri zorrotzak hartu dabez, birusa gutxiago (astiroago?) zabaltzeko. Argi euki behar dogu birusa guregana helduko dala bai ala bai, guztiok kutsatuko gaituela, baina lortu behar dogu guztiok aldi berean kutsatuta ez egotea. Holan arinduko doguz ospitaleak; bestela, guztiok garai berberean birusak jota ospitalera joaten bagara, osasun-zerbitzuak kolapsatu egingo dira. Hobe geunke apurka-apurka kutsatuko bagina. Izan be, gehienok ez dogu sintoma larririk eukiko, lehen esan dodan moduan; baina sintoma larriak dabezanek gorriak ikusiko dabez, ospitaleek gainezka egiten badabe.

Orduan, zer egingo dogu?

Adi-adi egon behar dogu. Kutsatzeko arriskua saihesteko neurriak hartu dira eta normala da, gaixotasuna kontrol barik dabilalako. Kasu gehiago egongo dira, baina apurka-apurka jaitsiko dira. Hori izango litzateke normalena. 

Gobernuak 15 egunean etxean gelditzeko agindua emon dau. Uste dozu etxean gelditze hori luzatuko dala? Noz arte?

Bai, argi dago 15 egun oso denbora-tarte txikia dala. Beraz, nik uste dot baietz, nabarmen luzatuko dala etxean gelditzeko agindua. Zehatz-mehatz ezin deutsut esan, baina Aste Santura arte behintzat. Gaur irakurri dot aditu batzuen arabera udara arte egon beharko dogula etxean. Ez dakit hainbesterako izango dan ala ez, baina ziur nago etxean luze egongo garela. Birusa kontrolpean euki gura badogu, neurri zorrotzak hartu behar doguz.

Zelan daroazu zuk etxean gelditzea?

Ondo. Lanean jarraitzen dot, gradu amaierako lanak zuzentzen eta. Denbora eukiko dogu etxean egoteko, etxea garbitzeko, irakurtzeko, nork bere zaletasunak lantzeko… Baikor agertu behar gara.        

 

 

 

Zientzia eta euskerea

Miren Basaras (Derio, 1968) Arteaga auzoan jaio zen, Seminarioaren atzean. "Aita Geldokoa da, eta ama, Deriokoa. Aitite eta amama be bertakoak ziran. Gurasoak baserritarrak ziran eta izeko bigaz bizi ginan. Behiak genduazan eta izekoak Bilbon, plazan, saltzen ebazan barazkiak. Eta bost umeok laguntzea emoten geuntsien". Halandabe, berak ikastea erabagi eban. "Amak argi eban ikasi behar genduala, baserria oso gogorra zalako. Albaitaritzea be gustetan jatan, baina kanpoan baino ez zan ikasten eta, azkenean, Biologia ikasi neban Leioan", esan dau.

Karrerea amaitu ebanean, unibersidadean jarraitu eban. "Karreraren azken urteetan Mikrobiologiaren espezialidadea hartu neban. Era berean, 3. mailan, genetika-laborategian hasi nintzan lanean eta horrek guztiak doktoretzara eroan ninduan. Tesina izenekoa egin neban, eta gero, 1995ean, tesia, Basurtuko ospitalean, Ramon Cisterna doktoreagaz". Tesia C hepatitisaren gainean egin eban, "garai hatan kezka handia egoalako". Basarasena C hepatitisaren gaineko Estaduko lehenengo tesietako bat izan zan.  Baina, hepatitisa ez da derioztarrak ikertu dauan gai bakarra, besteak beste, txertoak, umetoki lepoko minbizia eta bakteriak be ikertu dauz. 

Tesia egiten ebala, 1992an, eskolea emoten hasi zan Leioan, batez be Medikuntza fakultadean, baina baita Odontologia eta Biokimika fakultadeetan be. "Azken urteotan irakaskuntzea asko aldatu da. Medikuntzako ikasleak oso onak dira, baina lehengoek interes handiagoa adierazoten eben. Ikasgaia amaitu dauan talde batek, adibidez, koronabirusaren inguruko tutoretzea egiteko eskatu deust eta guztiak etorri dira; hori ez da normala gaur egun”.

Basarasek eskola emoten disfrutatzen dau. Zientzia zabaltzea be gustetan jako eta horreri ekin deutso azken urteotan. Esate baterako, otsailean, Adimena Agertokian programan hartu eban parte Baserri Antzokian, Derion. Gainera, hitzaldiak emon dauz, artikuluak idatzi... "Interesgarria da ezagutza zientifikoa sustatzea eta, ahal dan neurrian, zabaltzea. Dibulgazinoa gaztelaniaz eta euskeraz egin dot, baina, batez be, euskeraz. Ez da erraza eta horrek esfortzua eskatzen deust, goi-mailako ezagutza hainbeste ez dakien lagunei helarazo behar deutsedalako".

Agian horregaitik deitzen deutsoe komunikabideek, koronabirusaren barri emoteko. "Bai, azken bolada honetan ospetsua naz (kar, kar). Herrian sarritan esaten deuste telebistan ikusi nautela. Gero eta gehiago deitzen deuste eta nik adierazpenak prestatzen dodaz. Ia beste lan bat da. Nekarria da".

Euskerea

Basaras euskaldun zaharra da, baita euskaltzalea be. Unibersidadeko Euskera Batzordeko kidea da eta bere sailean atara zan lehenengo plaza elebiduna berak lortu eban. Gainera, beste lankide bategaz mikrobiologiari buruzko liburu bat idatzi eban euskeraz. "Unibersidadean, lehen euskal lerrotik ikasten ebenek euskeraz egiten eben euren artean. Baina orain... –eta sutan jarten naz– errieta egiten deutset batzuetan (kar, kar). «Zuek ez badozue erabilten, nork erabiliko dau, ba?», esaten deutset. Eta irakasleek gauza bera egiten dabe. Ezagutzea handia da, baina erabilerea, eskasa. Unibersidadeak baliabideak jarri dauz euskera bultzatzeko: ikasgai gehienak euskeraz emoten dira, hamaika euskarazko aldizkari eta liburu dagoz, irakasle gehienok elebidunak gara… Baina erabilerea da erronkea". 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).