Koronabirusa

Politeknika Ikastegia Txorierri biserak egiten dabil osasun-langileek erabiltzeko

a: Ibon Valdivieso 2020ko mar. 27a, 16:18

Materialik eza dago osasun-langileek euren burua COVID19tik babestu ahal izateko. Arazoari konponbidea ematen lagundu nahian, eta Tknika zentroak koordinatuta, Euskadiko Lanbide Heziketako (LH) ikastetxe publikoak zein kontzertatuak jo eta su dabiltza biserak egiten. Politeknika Ikastegia Txorierri ikastetxe horietako bat da eta egunero 50 bisera inguru egiten ditu.

Ibon Valdivieso Politeknika Ikastegia Txorierriko irakaslea da eta berak eta beste lankide bik biserak egiten dituzte etxean. “Joan den astean, makers mugimendua agertu zen gizarte-sareetan eta biserak eta arnasgailuak egiteko proposamena zabaldu zen”, azaldu digu. “Bestalde, astelehenean, Tknika zentroa –Ikerketa Zentroa Euskadiko LHn– ikastegiarekin ipini zen harremanetan, biserak egiteko proiektua azaltzeko: LHko ikastetxeek baliabideak ditugu egitasmoari heltzeko eta momentua zen osasun-materialik ezaren arazoa konpontzen laguntzeko. Onlineko bilera egin genuen eta hiru irakasle azaldu ginen biserak etxean egiteko prest. Izan ere, ikastegian hiru dimentsioko sei inprimagailu ditugu, baina horietako hiru handiegiak dira etxera eramateko; beraz, hiru irakasleok ikastegira etorri ginen eta bakoitzak inprimagailu bat eraman genuen etxera”.

Valdeiviesok adierazi digunez, Tknikak bisera diseinatu, eta Osakidetzan aurkeztu zuen. Osakidetzak homologatu zuen eta Tknikak aleak inprimatzeko jarraibideak jakinarazi zizkien ikastetxeei. Biserak PLA plastiko biodegradagarria erabilita egiten dituzte. “Zehatz-mehatz euskarriak dira. Gero, euskarri edo bisera horiei PVCzko film bat ipini behar zaie babesgarri erabiltzeko. Ikastegian ere izan ditugu PVCzko filmak eta guztiak bidali ditugu TKnikara babesgarriak muntatu ditzaten”.

Geografia-esparruaren arabera, Tknikak hiru taldetan antolatu ditu Lanbide Heziketako zentroak. “Bizkaiko erreferentzia-ikastetxea Atxuriko Emilio Campuzano ikastetxea da. Hamabost edo 20 ale egiten direnean, hara deitu behar da eta haiek mezularia bidaltzen dute etxera biserak jasotzera. Biserak Tknikak banatzen ditu ospitaletan-eta, horien beharrizanak kontuan hartuta. Gauero txosten txiki bat bidaltzen digute jakinarazteko zenbat bisera egin diren eta nora bidali dituzten. Asteazkenean, esaterako, 750 bisera egin genituen guztion artean”.

Politeknika Ikastegiko hiru irakasleen artean 45-50 bisera inguru egiten dituzte egunero. “Inprimagailuak goizeko 7,30etik gaueko 11ak edo 12ak arte ditugu piztuta, jo eta ke biserak egiten. Ale bat inprimatzeko ordubete behar da; inprimagailuak lana bukatu duela entzuten dugunean, egindakoa atera eta ale berria inprimatzeko prestatzen dugu”. Biserak etxean inprimatzen dituzte, seme-alabak alboan dituztela eta ikasleentzako eskola birtuala prestatzen duten bitartean; hala ere, gustura egiten dutela esan digu. “Biseraz gainera, beste gauzaren bat beharrezkoa balitz, hori ere egingo genuke”.

Bestetik, kontatu digu ikasle batek idatzi diola neskalagunarentzat bisera bat egiteko eskatzeko. “Erizaina da eta ospitalean ez dute norbera babesteko ekipamendurik. TKnikara bidaltzeko egunero egiten ditudan biserez gainera, beste bi egin ditut eta bidali dizkiot. Bere iritzia azalduko digu eta horrela bertatik bertara ezagutuko dugu biserak jantzita eroso dauden edota bisera eraginkorra den”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).