Alberto Gainza Di Stefano Baires enpresaren sortzailea da, eta, azaldu digunez, batez ere produktu bi erabiltzen dituzte garbiketak eta desinfekzioak egiteko orduan. Bata Vital oxide da; eta bestea, Clean and fresh. “Oso produktu berriak dira eta oso-oso partikula txikiek osatuta daude. Partikulak gainazal guztietan sartzen dira eta ez dira kaltegarriak ez pertsonentzat, ez animalientzat, ezta landareentzat ere. Jatekoei ere ez diete kalterik egiten”. Produktuak Puriti Estatu Batuetako laborategiak garatzen ditu NASArekin batera.
“Partikulak gainazal guztietan sartzen dira eta ez dira kaltegarriak ez pertsonentzat, ez animalientzat, ezta landareentzat ere”
Vital oxide produktua ospitaleetan erabili moduko desinfektatzailea da. “Edozein gainazaletan erabili daiteke, sukaldeko tresnerian, ordenagailuetan, gailu elektrikoetan, oihaletan… Lainoztagailu berezi baten bidez sortzen da hodei bat eta dena erabat desinfektatzen da: eskutokiak, teklatuak, hormak, sabaiak… Desinfektatzailea ezarri eta handik 30 minutura ekin ahal zaio ohiko jarduerari berriro; bulego nahiz enpresa batean, edo etxean”. Clean and fresh, bestalde, produktu fotokatalitikoa da. “Leihoko kristalean produktua bota, eta argi naturala edo led argia antzematen duenean aktibatu egiten da eta tokia purifikatzen hasten da. Akaroak, lore-hautsa eta partikula organiko lurrunkorrak ezabatzen ditu, eta, horregatik, oso interesgarria da pertsona alergikoentzat”. Produktu biek 90 egun irauten dituzte etxean erabiltzen badira; eta 30 egun, bulego, pabilioi edo enpresa batean, horietan pertsonen mugimendua handiagoa delako. “Adibidez, eskutokia vital oxide produktuarekin garbitu ondoren, lagun batek eskutokiari heltzen badio, handik segundo gutxira desinfektatuko da berriro”.
Produktuek 90 egun irauten dituzte etxean erabiltzen badira; eta 30 egun, bulego, pabilioi edo enpresa batean
COVID19ak sortutako alarmaren eraginez, Baires enpresaren lan-karga handitu da. “Leku asko garbitzen gabiltza; multinazional batek, esate baterako, Estatuan zein Portugalen dituen sukurtsalak garbitzeko eskatu digu. Izan ere, produktuak edozein germen ezabatzeko gai dira. Bestetik, Bizkaiko suhiltzaileek deitu ziguten Zaldibarreko zabortegian erabilitako jantziak eta ibilgailuak desinfektatzeko”.
Gainzaren ustez, oso inportantea da mentalitatea aldatu eta baliabide gehiago garbiketan eta desinfekzioan inbertitzea. “Enpresetan, kasurako, laneko bajak gutxitzen dira, ingurune garbi batean daudenez, langileak gutxiago gaixotzen baitira. Eta etxean desinfekzioa urtean hiruzpalau aldiz egiten badugu, osasuna zainduko dugu, produktuak botatzen ditugun bakoitzean bermatuko baitugu hiru hilabetean aire garbia izango dugula”. Baires enpresak arrazoizko tarifak ditu. “Enpresei metro koadroen arabera kobratzen diegu, eta 100-120 metro koadroko etxe bat garbitzeak eta desinfektatzeak 150 euro balio du”. Informazio gehiago: www.baires.or.es.
Garbimovil
Gainza antropologo forentsea zen Argentinan, baina krisialdiak Venezuelara eta Estatu Batuetara eraman zuen; Txorierrira 2006an etorri zen. “Lehenengo autoa Estatu Batuetan garbitu nuen. Ezin izan nituen ikasketak baliozkotu eta pentsatu nuen: « Autoak garbitu behar baditut, ahalik eta auto-garbitzailerik onena izango naiz». Furgoneta txiki bat erosi nuen eta dirudunen auzoetan ibilgailuak garbitzen hasi nintzen”. Euskal Herrira proiektu berri bat ekarri zuen eta 2007an Garbimovil enpresa sortu zuen Derion. “Bezeroa dagoen tokira joaten garen Euskadiko ibilgailu-garbitoki bakarra gara. Partikularren autoak garbitzen ditugu, kamioiak, ibilgailu ofizialak, suhiltzaileen kamioiak, ibilgailu-flotak… Furgoi-garbitoki bat dugu eta lekura ura ere eramaten dugu; gainera, erabilitako ura jaso, eta birziklatu egiten dugu”. Enpresa xumeak dira biak, baina krisialdiari aurre egitea lortu dute. “Bost langile gara eta handituz goaz: azken batean, zenbait esparru jotzen ditugu, eta batek behera egiten duenean, besteak gora egiten du”.
“Bezeroa dagoen tokira joaten garen Euskadiko ibilgailu-garbitoki bakarra gara”
Baires enpresa orain dela hiru urte sortu zuen. “Oso pertsona ikusbera naiz, ikertzea gustatzen zait eta, ahal dudan neurrian, sortzea ere bai. Gizakiak eta ingurumena ere asko interesatzen zaizkit, eta horregatik pentsatu nuen ibilgailuen garbiketarekin bateragarria zen proiektu bat. Produktu berriak eta esklusiboak ikertzeari ekin nion, eta Baires sortu nuen”. Heziketa ere jaso du urte hauetan. “Gainera, nire prestakuntza akademikoa baliagarri zait nire burua zein ingurunea nola zaindu jakiteko. Horri dagokionez, oso zorrotza izan naiz beti”.