“Hezkuntza Sailak oraindik ez digu eperik eman; egoeraren arabera joango dela ikusten esan dute. Nik, pertsonalki eta gauzak aztertuta, uste dut Lehen Hezkuntzako ikasleak behintzat ez direla eskolara itzuliko; beste gauza bat da irakasleak itzuli behar izatea”, esan digu Aiarzak. Azaldu digunez, Derioko eskolan 600 ikasle inguru daude; eta 100 bat langile, besteak beste, irakasleak, hezitzaileak, laguntzaileak, jantokiko monitoreak eta sukaldariak kontuan hartuta. “Eskola-komunitate osoaren osasuna ziurtatzen ez bada, ezin gara lanera itzuli. Eta, nire ustez, hemendik ekainera bitartean ezin da ziurtatu hain esparru itxi batean segurtasun-neurri guztiak beteko direnik. Nagusi bat eta 20 ume, 34 metro koadroko ikasgela batean? Hiru urteko 16 ume maskara ipinita? Gainera, pentsatzen dut eskolara itzuli behar bada eta osasun-irizpideak errespetatzen ez badira kontra egongo garela”.
“Eskola-komunitate osoaren osasuna ziurtatzen ez bada, ezin gara lanera itzuli”
COVID19ak sortutako osasun-larrialdiaren eraginez, baliteke ikasturtearen azken hiru hilekoan jorratzekoak ziren edukiak landu barik gelditzea, eskolan bederen. “Ikasleen ebaluazio globala egiteko, batez ere lehen eta bigarren ebaluazioak kontuan hartuko direla suposatzen dut; eta etxean zerbait berria landu bada, beharbada hori ere ibai. Datorren ikasturteari begira, baliteke laugarren mailatik aurrerako ikasleekin gauzak gogora ekartzea edota landu barik gelditu dena lehen hiruhilekoan jorratzea; hau da, zubi-ikastaro bat egitea”.
Ikasleak martxoaren 13tik dabiltza etxean ikasten, etxeko lanak eta eduki berriak online lantzen. “Guk chromebook-ak sortu ditugu eta ikasleak egunero daude irakaslearekin harremanetan. Bestalde, inkesta bana luzatu diegu familiei, euren egoera zein den jakiteko eta ikasteko metodo berri hau nola kudeatzen dabiltzan jakiteko. Konturatu gara prest daudela seme-alabekin lan egiteko eta oso esfortzu handia egiten dabiltzala. Asko eskertzen diegu”.
“Familiak oso esfortzu handia egiten dabiltza”
Eten digitala
Gurasoen lanaz gainera, familiek seme-alaben etxeko lanez arduratu behar dute, eta heziketa-egoera berrira moldatu. Behar hori ez da erraza, eta are gutxiago telelana egiten bada. “Gerta daiteke guraso biak edo haietako bat etxetik lan egiten ibiltzea, eta aldi berean seme-alabek irakasleak agindutakoa egin duten egiaztatu behar izatea edo etxeko lanak egiten lagundu behar izatea… Era berean, gerta daiteke beste ordenagailu bat behar izatea, wifiaren potentzia nahikorik ez izatea…”. Edo etxean Internet ez egotea, eten digitala gure gizartean ere badagoelako. Aiarzaren esanetan, Derioko eskolako ikasle guztiak daude ikaslearekin harremanetan eta guztiek dute lan egiteko materiala. Alde batetik, eskolak ordenagailua utzi die behar izan duten familiei; eta bestetik, CEAR Euskadi erakundeak –errefuxiatuei laguntzeko elkartea– bere ardurapean dauden ikasleen beharrizana betetzeko ardura hartu du. Halaber, familia batek ez du etxean ordenagailurik izan eta eskolak gizarte-zerbitzuetara jo du laguntza eske.
Familiek ez ezik irakasleek ere egokitu behar izan dute lan egiteko modu berrira. “Nik oso gogotsu ikusten ditut materiala sortzen, sormena eta ideiak lantzen… Irakasleren batek ere gaueko 9etan ibili behar izan du emaileei erantzuten, gurasoek ezin izan baitituzte etxeko lanak lehenago bidali. Halaber, oso harreman ona dago eskolen artean eta ideiak-eta partekatzen dira. Egia esan, asko poztu nau jendeak egoera honetan aurrera egiteko duen gogoak”. Aiarza kexatu da hasieratik irakasleek oso informazio gutxi jaso dutelako; hala ere, hori bai, fitxak bete behar dituzte euren lanaren berri emateko.
“Asko poztu nau jendeak egoera honetan aurrera egiteko duen gogoak”
Aste Santuko oporrak amaitzear daude eta espero dugu laster jakitea nola helduko zaion ikasturtearen azken txanpari. Aiarzak aitortu digu umeen falta sentitzen duela. “Joan den egunean, eskolako atezainak esan zidan triste zebilela. Eta egia da, umeen hutsunea sentitzen dugu: euren ahotsa, algarak, zarata…”.
COVID19aren azken datuak Txorierrin hemen ikusgai