Ane Abaunzak azaldu digun moduan, herri-ekimenak Derioko jostun biren –ama eta alaba– ideia izan du abiapuntutzat. Osasun-langileek norbera babesteko ekipamendurik eza zuten eta emakumeek egoerari erantzuna ematen laguntzeko ekarpena egin ahal zela otu zitzaien. Gizarte-sareei esker, jostunen iniziatiba herri-ekimen bihurtu da eta haren inguruan 200 bat lagun batu dira. Boluntario gehienak Deriokoak izan arren, Txorierriko eta inguruko herri batzuetako lagunek ere egin dute egitasmoarekin bat. “Boluntarioen artean denetarik daude: etxeko andreak, jubilatuak, langabetuak, ERTE batean daudenak, denbora librea duten langileak…”.
“Boluntarioen artean denetarik daude: etxeko andreak, jubilatuak, langabetuak, ERTE batean daudenak, denbora librea duten langileak…”.
Ekimena lokal txiki batean hasi zen, eta, txikia izanda, hori laster gelditu zen txiki. Lokalaren alboan PSOEko taberna dago eta hori alokairuan duenari eskatu zioten lekua erabiltzeko. Baietz erantzun zuen eta gune logistikoa hara eraman zuten. “Bertan 18 pertsona inguru dabiltza jo eta ke, goizez zein arratsaldean; batzuek 14 ordu ere egiten dituzte. Bertan patroiak mozten dira, eta jostun bakoitzari lau bata egiteko materiala ematen zaio: patroiak erabilita moztutako plastiko-zatiak eta haria. Batak eginda daudenean, gune logistikora ekarri, eta berrikusi eta prestatzen dira. Ondoren, hiru boluntarioek aurretik eskatu dituzten osasun-zentroetara, ospitaletara eta zahar-etxeetara eramaten dituzte”.
Aipatu moduan, plastikozko batak dira eta boluntarioak enpresaz enpresa ibili dira horiek herri-ekimenean inplikatzeko eta materiala batzeko. Egitasmoan hauek hartu dute parte: Saltoki (Asua), Tekener (Loiu), Cartonajes Erabil (Etxebarri), Coplasem (Derio) eta Meadwestvaco (Zamudio). Herriko Todo A Cienek eta partikular batzuek hariak eman dituzte.
Esker ona
Ekimena martxoaren 4an ipini zen martxan eta lerro hauek idatzi orduko 3.000 bata egin dituzte. “Maiatzaren 10erako-edo espero dugu amaitzea, zeren eta data horretarako osasun-zentroek beharrizanak bideratzeko eta betetzeko baliabideak izango dituztela pentsatzen baitugu. Era berean, espero dugu gaixo-kopuruak behera egitea eta, ondorioz, beharrizanak ere gutxiago izatea. Oraindik badugu batak egiteko plastikoa: hori amaitu arte jarraituko dugu lanean”.
“Maiatzaren 10erako espero dugu amaitzea, data horretarako osasun-zentroek beharrizanak betetzeko baliabideak izango dituztela uste baitugu”
Abaunzaren esanetan, momenturik hunkigarriena osasun-langileek eskerrak emateko bidalitako lehen argazkia jaso zutenean izan zen. “Ondoren, beste argazki batzuk etorri dira, baita auzokideen esker ona ere. Lokala ixten denean txalo egiten digute, bizkotxoak-eta ekartzen dizkigute, animoak eman… Boluntarioak ere txalotzen dituzte material bila eta batak ekartzera etortzen direnean… Eskertzekoa da, benetan”. Ez da gutxiagorako, euren lana harro egoteko modukoa baita.