“Polonian egindako hiru eguneko bidaiarekin gelditzen naiz; ez konfinamenduko egunekin”

Aikor aldizkaria 2020ko uzt. 7a, 09:50

Eider Ochoa, erasmus-a Polonian

Derioztarrak Marketin ikasketak amaitu berri ditu Politeknika Ikastegia Txorierrin. Erasmus+ programaren bidez, martxoan Poloniara abiatu zen praktikak hango enpresa batean egitera eta COVID-19ak eragindako krisiak bertan harrapatu zuen. Europako herrialdean ia hiru hilabete eman ondoren, maiatzaren amaieran Txorierrira itzuli zen, maletan nekez ahaztu ahalko duen esperientzia ekarrita.  

Nola itzuli zinen Poloniatik?

Espainiako enbaxadak antolatutako hegaldian. Bidaia luzea izan zen: ni Krakovian nengoen eta trena hartu behar izan nuen handik Varsoviara joateko (hiru ordu); Varsovian, hegazkina hartu nuen Madrilera (beste hiru ordu), eta trena, Madriletik Bilbora (bost ordu). Zortea izan nuen, hegazkin-txartela ordaindu ahal izan nuelako; lagun batzuek, berriz, autobusez itzuli behar izan zuten.

Etxera etortzeko gogorik bazenuen?

Bada, egia esan, ez: oso gustura izan nintzen bertan. Gainera, etxera itzuliko ginen berria eman zigutenean, asteburuko bidaia batean genbiltzan. Handik egun bira hegazkina hartu behar genuela jakinarazi ziguten; beraz, apartamentura heldu bezain laster badaezpada erdi prest genuen maleta egiten bukatu behar izan genuen. Bestalde, oso lagun onak egin ditut Polonian. Ziur asko, erraz ikusi ahalko ditut Euskal Herrikoak, baina zailtasunak izango ditut, esaterako, Valentziako eta Bartzelonako lagunak berriro ikusteko. Pena ematen dit horrek.

Zergatik erabaki zenuen Polonian geratzea?

Hango egoera hemengoa baino hobea zelako: kutsatu eta hildako gutxiago egon dira. Nire ustez, Poloniak Espainiak baino lehenago hartu zituen neurriak; adibidez, Espainian unibertsitateak itxi zirenerako Polonian itxita zeuden. Dena dela, erabakia ziurgabetasun handiz hartu nuen, ez bainekien zer gerta zitekeen. Apartamentuan lau lagun izan ginen: bik etxera itzultzea erabaki zuten; beste biok, bertan gelditzea.  

“Etxera ez itzultzeko erabakia ziurgabetasun handiz hartu nuen, ez bainekien zer gerta zitekeen”

Polonian ere etxean gelditu behar izan zenuten. Nolakoa izan zen konfinamendua?

Etxean hilabetez izan ginen eta bakarrik ateratzen ginen erosketak egitera edo farmaziara. Drogeriak ere zabalik izan ziren.

Eta deskonfinamendua?

Lehenengo eta behin, kirola egiteko baimena eman zuten, ordutegi barik, eta gero, kalera ateratzeko baimena. Guk pentsatzen genuen kaleak jendez beteko zirela, baina ez zen horrela izan: nik esango nuke poloniarrek, oro har, erantzukizun handiz jokatu dutela. Beste aldetik, bertan maskara hasiera-hasieratik erabili genuen, eta edozein gauza egiteko.

“Poloniarrek oro har erantzukizun handiz jokatu dute deskonfinamenduan”

Poloniara praktikak egitera joan zinen. Zein enpresatan izan zinen? Zein zen zure lana?

Arteari lotutako enpresa batean. Margolarientzako eta bildumagileentzako egitasmoa da eta dena Internet bidez egiten da. Esate baterako, enpresaren aplikazio baten bidez, bildumagileek margolari baten lana ikus dezakete, edo baten batek euren bilduma erosteko interesik duen. Ni langileetako bati gizarte-sareetarako estrategiak lantzen laguntzen ibili nintzen, baina enpresan bertan aste eta erdi baino ez nuen eman, etxean gelditu behar izan genuelako. Etxealdian, langileentzako buletina egiteko ardura eman zidaten, eta, halaber, Interneten gauzak bilatzen laguntzen nien.

Zergatik erabaki zenuen Erasmus programa Polonian egitea?

Ikaskide bat egona zen Polonian, eta esan zidan oso ondo zegoela: alde batetik, merkea zen; eta bestetik, lagun asko ibiltzen ziren bertan Erasmus-a egiten. Bada, horregatik.  

Nola baloratuko zenuke esperientzia?

Desberdina izan da. Praktiketan oso esperientzia ona izan dut: lankideak oso jatorrak izan ziren eta hori oso inportantea da niretzat. Gero, hiru eguneko bidaia egin genuen eta leku asko bisitatu genituen: ni hiru egun horiekin gelditzen naiz; ez etxealdiko egunekin. Azkenean “Erasmus normal bat” apur bat bizi izan dudala uste dut.

Etorkizunaz pentsatu duzu?

Ez asko. Datorren ikasturtean Irakasle-eskolan hasiko naiz, marketina interesgarria iruditzen zaidan arren, umeekin lan egin nahiago dudalako. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).