“Taldearen lehentasuna jokalariak dira”

a: Derioko Emakumezkoen Futbol Taldea 2020ko uzt. 14a, 09:45

Derioko Emakumezkoen Futbol Taldea

Futbol taldea 2004an eta 2005ean jaiotako jokalari bila dabil, Lurraldeko Lehen Mailan dabiltzan lehen taldeaz gainera, 2020-2021 denboraldirako kadete mailako taldea sortzeko  asmoa baitute. “Futbola eta lagunarteaz gozatzeko eta kirola egiteko konpromisoa duten neskak behar ditugu”, esan digute Ainara Ibarluzea Leizak eta Ainhoa Gana Dañobeitiak. “Harrobi polita sortzen gabiltza etorkizun oparoa izan dezaketen neskekin. Emakumezkoen futbola sustatu nahi duten nesken beharra dugu!”.

Ibarluzea eta Gana Derioko Emakumezkoen Futbol Taldearen zuzendaritza-batzordeko kideak dira. Taldea hurbil-hurbiletik ezagutzen dute, hainbat urtetan bertako jokalariak ere izan direlako. “Emakumezkoen futbola bultzatzeaz gainera, familia polita osatzen dugu: jokalariak zaintzen ditugu, guretzat eurak baitira garrantzitsuena. Txorierrin, emakumezkoen futbola ahalik eta kategoria gehienetan egotea nahi dugu, neskek umetatik, eta eurenn kirol-ibilbide osoan, futbolaz nahi beste disfrutatzeko aukera izan dezaten”.

Zuzendaritza-batzordeko kideek adierazi dutenez, taldearen lehentasuna jokalariak dira eta, hori dela eta, hainbat zerbitzu dute eskura, hala nola entrenatzaileak, fisioterapeuta eta doako arropa eta materiala. “Bestalde, Atheticekin hitzarmena dugu eta horrek aukera asko ekartzen dizkigu: Athleticen partiduetarako sarrerak, mediku-arreta, kirol-materiala, ikastaroak…”. Derion ibilitako jokalari bat ere Athleticen Emakumezkoen Lehen Mailan dabil jokatzen: Leia Zarate. “Bere ibilbideaz harro gaude. Halaber, Athletic C taldeko Oihane Calvo gurekin ibilitakoa da, baita Athleticen bigarren taldeko Sara Barbosa ere”.

Ibarluzearen eta Ganaren esanetan, talde deriotarraren indargunea lagunartea da. Ziur asko, ezaugarri hori taldearen filosofiaren ondorioa da. “Elkarren arteko errespetua, elkar zaintzea, konpromisoa, lehiakortasuna, laguntasuna…  Guztiok etxeko sentitzen gara: taldean sartzen zaren unean senitarteko bihurtzen zara. Era berean, taldea utzi ondoren, askok zuzendaritza-taldean edota entrenatzaile ibiltzeko hautua egiten dute, edo jarraitzaile moduan segitzen dute. Horrek gure filosofiarekin jarraitzeko indarra ematen digu, guztiak etxeko sentiarazteko eta taldeko partaidea beti izateko”.  Are gehiago, Derioko Emakumezkoen Futbol Taldea ez da futbol-talde soila. “Gai sozialak – feminismoa, LGTBIQ+, arraza, aniztasun funtzionala…– hartzen ditugu aintzat eta egunerokotasunari begira izaten gara beti, gure hondar-alea jartzeko”. 

“Txorierrin, emakumezkoen futbola ahalik eta kategoria gehienetan egotea nahi dugu, neskek futbolaz nahi beste disfruta dezaten”

Alde ona atera

Datorren denboraldiari begira, bigarren aldiz kadete mailako taldea osatzea dute helburu. “Derioko Emakumezkoen Futbol Taldea oso aukera polita da futbolaz gozatzeko, lagunarte onean lehiatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Ezagutu gaitzazu eta ez zara damutuko: oso giro ona dago, barreak egingo ditugu, lagunak… Etor zaitez gurekin jokatzera, zure zain gaude eta!”.  2004-2005 urteetan jaiotako neskak taldearekin harremanetan ipini daitezke. Horretarako, 685 796 838 telefono-zenbakira deitu dezakete, edo deriofemenino@gmail.com helbide elektronikora idatzi. “Taldea gizarte-sareen bidez ezagutu dezakete: @derio_femenino (Instagram) eta derio.femenino (Facebook)”.

Bizitzaren beste esparru batzuetan egin duen moduan, COVID-19ak kirolean ere izan du eragina, eta hortaz, Derioko taldean. “Baina egoerei aurre egiten ohituta gaude eta, Bizkaiko Futbol Federazioaren neurriak errespetatuz, emakumezkoen futbola sustatzen jarraituko dugu eta egoera bakoitzetik alde ona aterako dugu. Datorren denboraldian, beharbada, baliteke ligaren hasiera atzeratzea eta lehiaketetan aldaketak egotea”. Derioko neskek martitzenetan eta eguenetan egiten dituzte entrenamenduak: kadeteek, 18:45etik 20:00etara; eta nagusiek, 20:00etatik 21:30era. “Horrela, talde biek elkar ezagutzeko aukera dute. Era berean, entrenamenduen ordutegiak kirola eta lana edota ikasketak uztartzea ahalbidetzen die jokalariei, futbola kirola egiteko, burua eguneroko arduretatik urruntzeko eta lagunartean disfrutatzeko tarte bilakatuz”.

“Taldea oso aukera polita da futbolaz gozatzeko, lagunarte onean lehiatzeko eta elkarrengandik ikasteko”

Historia

Derioko Emakumezkoen Futbol Taldea duela 10 bat urte sortu zen. Garai hartan, neska askok jokatzen zuten futbolean, baina batez ere eskola-kirolean. “Askok nesken futbol-talde batean parte hartu nahi zuten arren, zaila zen. Hori dela eta, guraso batzuk batu ziren eta 2011n CD Derio femeninoa sortu zuten, alabek Txorierrin futbolean jokatzen jarraitzeko aukera izan zezaten. Jokalariak zaindu behar zirela ohartu ziren, eta hurrengo urteetan ere futbolean jokatzeko parada eman behar zitzaiela. Horregatik, urterik urte ibili ziren lanean, zuzendaritza-taldea eta entrenatzaileen taldea apurka-apurka jokalari ohiok osatu ditugun arte. Guk bere sorreratik ezagutzen dugu taldearen filosofia eta badakigu jokalariei zer eskaini. Horren ondorioz, jendeak gure taldean lehiatzea erabaki du, lagun-giroan”.

Taldea Euskal Ligara igo zen 2017an eta maila horretan ibili zen denboraldi bitan; iaz, ordea, Lurralde Mailan aritu ziren Derioko jokalariak. “Lehenengo taldeen artean sailkatu ginen. Lurralde Maila bitan zatituko da aurten eta guk Lurraldeko Lehen Mailan jokatuko dugu, epe laburrera Euskal Ligara bueltatzeko helburua dugu”. Helburua betetzeko, talde aberatsagoa eraikiko dute, ahulguneei aurre egiteko irtenbideak topatuko dituzte eta indar guneak indartuko dituzte. “Oso proiektu polita dugu datorren denboraldiari begira. Gure harrobiari berriro ere indarra ematea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horrexegatik aterako dugu kadete mailako taldea, neska futbolariek Txorierrin hezten jarrai dezaten, etorkizuna eurak izango baitira, eta gu, horren lekuko”.