Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen-faseko saioetariko bat Derion izango da irailean

Aikor aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 09:39

Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen-fasea maiatzean egitekoa zen, baina COVID-19ak sortutako osasun-alarmaren ondorioz bertan behera utzi zen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, sailkapen-fasea irailean izango da. Orotara 60 bertsolarik eman dute izena eta 10 saio egingo dira: saioetariko bat irailaren 24an izango da Derion.

Aurten, aldaketak egongo dira sailkapen-fasearen egituran eta bost egunetan 10 saio jokatuko dira. Hala, egun eta ordu berean saio bi egingo dira herri bitan. Antolatzaileek hurrengo egutegi hau prestatu dute: irailaren 16an, Orozkon eta Lekeition; hilaren 17an, Getxon eta Busturian; hilaren 18an, Markina-Xemeinen eta Berangon; hilaren 23an, Muxikan eta Berrizen; eta hilaren 24an, Zallan eta Derion. Saio guztiak 18:30ean izango dira.

Derioko saioa Gurea Aretoan egingo da eta bertan bertsolari hauek arituko dira bat-batean: Aissa Intxausti Aburruza (Lekeitio), Eneko Barruetabeña Bilbao (Durango), Iker Apraiz Solaguren (Atxondo), Josune Aramendi Perez (Markina-Xemein), Lurdes Ondaro Mallea (Munitibar) eta Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia).

Sailkapen-faseko sarrerak txarteldegian bertan erosi beharko dira, ez baita aurretiaz salduko. Txarteldegia saioa hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko da eta sarrerak hiru euro balioko du; hala ere, bazkideek euro bi ordainduko dute eta 16 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira. Faseari buruzko informazioa elkartearen webgunearen bidez (www.bertsozale.eus) eta gizarte-sareen bidez eskura daiteke.

Txapelketa

Bestalde, aldaketarik ezean, Bizkaiko Txapelketa urrian hasiko da eta sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango ditu. Kanporaketetara 2016ko finalistak eta 2018ko finalaurrekoetan ibilitako bertsolariak sartuko dira zuzenean; eta finalaurrekoetara, 2018ko finalistak. Kanporaketetako zein finalaurrekoetako saio bakoitzean sei bertsolari arituko dira; finalean, berriz, zortzi bertsolari. Onintza Enbeitak txapela jantzi zuen 2018ko txapelketan, eta buruz burukoa Etxahun Lekue larrabetzuarrarekin jokatu zuen. Malen Amenabar larrabetzuarra Igorreko finalaurrekoan hartu zuen parte eta laugarrena gelditu zen.

Antolatzaileek txapelketaren talde teknikoaren garrantzia azpimarratu dute eta horretan txorierritarrak ere badaude. Talde antolatzailean, esaterako, Joseba Etxebarria larrabetzuarra dago, eta komunikazio-taldean, Malen Amenabar. Halaber, Leire Etxebarria larrabetzuarra epaile ibiliko da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).