“Umeentzat jolas bat bezalakoa izateaz gainera, euskaraz egiten dute”

t: Tximintx komunitatea 2020ko ira. 7a, 10:12

Alaitz Argandoña eta Aitziber Uria, Kukuke antzerki-eskola

Kukuke Derioko antzerki-eskolak ateak berriro irekiko ditu 2020-2021 ikasturtean. Eskola Tximintx komunitatearen parte da, eta izena emateko epea zabalik dago jada. Izena ematea online egin daiteke (labur.eus/1Z6UA) edo tximintx@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzita. Eskolaren nondik norakoak hobeto ulertzeko, bertan irakasle dabilen Alaitz Argandoña eta eskolako bi umeren ama den Aitziber Uria elkarrizketatu ditugu.  

Alaitz, urte mordo bat daramazu Kukuke antzerki eskolan irakasle. Zer nabarmenduko zenuke?

Familia bat osatu dugula: Kukukeko kide izandako ikasleek eta gurasoek betiko loturak sortu dituzte. Batzuetan, eskola zortzi edo bederatzi urterekin utzi zuten ikasleak 14 urterekin itzuli dira. Gainera, nabarmentzekoa da behin baino gehiagotan adin-tartea handitu behar izan dugula, neba-arreba txikiek ere izena eman nahi zutelako edo, gehieneko adina gaindituta, ikasle batzuek ez zutelako eskola utzi nahi. Bestalde, eskola Derioko bizitzaren parte da, askotan herriko ekintzetan, jaietan eta Gure Señeak elkartearen ekitaldietan kasu, parte-hartze zuzena dugu eta.

Zer ikasten dute umeek eta gazteek Kukuken?

Dramatizazioaren arloan, sentimenduak adierazten, eremu eszenikoa erabiltzen, ahotsa proiektatzen… baita hainbat pertsonaiaren rolean sartzen eta bakoitzari dagokion testu-papera ikasten ere. Halaber, ezinbestekotzat jotzen dugu eginkizun dramatikorako erabiltzen dugun materiala ondo zaintzea eta kudeatzea. Talde-lana ere oso garrantzitsua da: ikasleen arteko elkarreragina, nork bere burua ezagutzea, elkar onartzea, elkarrekin lan egitea… Bestetik, euskararekiko harremana ere aldatzen da: zerbait akademikoa izatetik aisialdirako eta komunikazio naturalerako tresna eraginkorra eta baliagarria izatera pasatzen da.

“Talde-lana oso garrantzitsua da: ikasleen arteko elkarreragina, nork bere burua ezagutzea, elkar onartzea…”

Euskara erabiltzeko ez ezik umeak nolabait ahalduntzeko ere balio du eskolak?

Zalantzarik gabe, jolas dramatikoen bidez eta euren artean sortzen den giro positiboari eta alaiari esker, eskola oso lagungarria da umeak ahalduntzeko edo behintzat ahalduntzen joateko; hala ere, gurekin bakarrik astean behin egoten dira eta aktibatu beharreko beste faktore batzuk ere badaude: senideen arteko komunikazioa, aisialdiko jarduerak, hizkuntzarekiko nagusien jarrera… Batek zioenez, haur baten hezkuntza herri osoari dagokio, eta gure kasuan ere denon parte-hartze aktiboa beharrezkoa da umeak euskalduntzeko. Guk gurea betetzen dugu, baina beste arloen eta sektoreen inplikazioa ere beharrezkoa da.

“Eskola oso lagungarria da umeak ahalduntzeko edo behintzat ahalduntzen joateko”

Zer ikasi duzu zuk urte hauetan guztietan?

Pilo bat. Ikasleek irudimen izugarria dute eta ariketei mila buelta ematen dizkiete. Hori dela eta, astero zerbait berria jasotzen dut, zerbait interesgarria helarazten didate. Ondorioz, askotan nire pentsamoldea ere aldatzen da. Esate baterako, helduenen taldean gaur egungo gaiak jorratu ditugu, hala nola bullyinga, matxismoa eta alkohola, eta horiei buruz duten ikuspegiak harritu egin nau. Era berean, beteranoek berriak diren txikiekin lan egiten dutenean adierazten duten trebetasunak ere harritzen nau.

Aitziber, zergatik eman zenuen izena Kukuken?

Egia esan, ez genekien oso ondo zer zen Kukuke. 2016an, semeak lehen hezkuntza hasi zuenean, eskolaz kanpoko ekintzak aztertu genituen eta antzerkia euskaraz egitea erakargarria iruditu zitzaigun. Nire garaian, neu ere antzerkian ibili nintzen, oso gustura; beraz, probatu genuen eta umeak gustura daude.

Bete dira zure itxaropenak?

Hasieran bakarrik nahi genuen umea euskaraz ondo pasatzea, eta gaur egun seme-alabak oso pozik doaz asteartero Kukukera. Eurentzat jolas bat bezalakoa da. Gainera, euskaraz egiten dute eta horrek asko pozten gaitu, ez baitute euskara gehiegi erabiltzen.

Zer ikasi dute zure umeek eskolan?

Nire umeak oso sozialak dira eta ez dute komunikatzeko arazo handirik, baina, hala ere, lotsatiak dira. Antzeztu behar dutenean oso urduri jarri arren, urduritasuna kudeatzeko eta aurrera egiteko gaitasuna garatu dute, eta horrek harritzen nau.

“Urduritasuna kudeatzeko eta aurrera egiteko gaitasuna garatu dute”

Animatuko zenituzke gurasoek seme-alabak Kukekera ekartzera?

Gure esperientzia primerakoa izan da eta bada. Umeak oso pozik daude, eta irakaslea ez da “irakasle bat”: laguna da. Alabari galdetu diot baten bat animatuko lukeen Kukuken izena ematera, eta “noski” erantzun du, “oso ondo pasatzen dugulako eta jolasak egiten ditugulako”. Hori alabaren ikuspuntua da, baina gurasook hau ikusten dugu: umeek antzezlan bat prestatzen dute Gabonetarako, eta beste bat, ekainerako; antzezlanei lotutako dantzak eta abestiak ikasten dituzte eta obra konturatu gabe ikasten dute.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).