Derioko udal-gobernuak 2021erako zergak eta tasak izozteko proposamena egingo du

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 28a, 08:07

Bihar, irailak 29, Derioko udalbatzaren osoko bilkuran 2021. urterako ordenantza fiskal berriak onartuko dira. Derioko Udalak jakinarazi duenez, udalaren gobernu-taldeak hurrengo ekitaldirako udal-tasak eta –zergak izozteko proposamena egingo du.  Neurriaren helburua da herriko familiei, ostalariei eta enpresa txikiei eta ertainei COVID-19ak eragindako ondorio sozial eta ekonomikoak arintzen laguntzea.

“Zentzuzko  erabakia  da,  bizi  dugun  errealitatearekin  bat  datorrena,  eta haren  bidez derioztarrek  jasaten  duten  presio  fiskala  minimizatu  nahi  dugu.  Jakin  badakigu  Covid-19aren pandemiaren ondorioz krisi ekonomikoa pairatzen ari garela, eta, horregatik, uste dugu  ez  dela  Derioko  familiei  eta  enpresei  ahalegin  ekonomikoak  eskatzeko  unea. Halaber,   zergadunei   ematen   zaizkien   zerga-onurak   eta   ordaintzeko   erraztasunak mantenduko  ditugu",  adierazi  du  Esther  Apraiz  Derioko  alkateak.  Era  berean,  Apraizen hitzetan,  “udalaren  finantza-egoera  onbideratuta dago,  eta  aurreko  ekitaldietan udal-kutxan egin den kudeaketa arduratsuari eta zorrotzari esker, udala prest dago bere ibilbide-orrian  ezarritako  erronka  nagusiei  aurre  egiteko”. Hala  ere,  gogorarazi  du  krisiak administrazioan ere  duela eragina,  eta,  bereziki,  tokiko administrazioetan, non  diru-sarrera  arruntek nekez konpentsatzen dituzten gastuak.

Besteak beste, udal-zerga hauek izoztuko dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), Ibilgailuen gaineko Zergak (TMIZ) edo Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergak (JEZ), eta zabor-bilketari, estolderiari, hilerriari eta jardueren irekiei lotutakoak.

Gobernu-taldeak esandakoaren arabera, 2021eko aurrekontuak aurrera ateratzea erronka handia izango da, zeren eta, Udalkutxatik jasotzen diren tokiko diru-sarreren beherakada dela eta, datorren urtean udalaren diru-sarreren beherakada oso handia aurreikusten baita, aurtengoaren antzekoa. COVID-19aren krisiaren ondorioz, aurten, “Deriok 453.000 euro gutxiago jasoko ditu Udalkutxa udal-finantzaketarako foru funtsetik, % 20ko murrizketa gutxi gorabehera. Diru-sarreren murrizketa horri Udalkutxako 2019ko likidazio positibotik datozen 130.000 euroak gehitu beharko litzaizkioke, aurten ere udalak ez baititu jasoko”.

Bestalde, azaldu duten moduan, COVID-19agatik kiroldegiko instalazioa itxi behar izanak eta udako igerilekuaren zerbitzuan izandako murrizketak (irekitze-egunak, edukiera…), Derioko Udal Kiroldegiko diru-sarrerak nabarmen murriztu dituzte. Itxierak eragindako galera ekonomikoen zenbatespen eta datuak honako hauek dira: abonatuei egindako itzulketak (itxitako egunen zati proportzionala): 52.440,15 euro; eta ikastaro eta alokairuengatik egin ez diren diru-sarrerak (4 hilabete, abuztuan instalazioa itxi zen): 42.000 euro. “Diru-sarrerak  nabarmen  jaisteaz  gain,  pandemiaren  garaian,  udalak  krisiak eragindako ustekabeko gastuei egin behar izan die aurre. Abuztuaren 31ra arte udalak 112.327 euro inbertitu  ditu, merkataritza,  ostalaritza  edo  zerbitzuak bezalako sektoreak biziberritzeko neurrietan, baita udal-instalazioetan prebentzio neurriak jartzeko,  espazio  publikoen  garbiketak  egiteko,  udaltzaingoari  behar  duen  materiala errazteko... ere. Zenbateko hori ez zegoen aurreikusita urte hasieran, 2020ko aurrekontuetan”.

Adierazi dutenez, egoera honen aurrean, udalak 2020ko aurrekontuak egokitu eta lehentasunak ezarri behar izan ditu. “Udalak pertsonei eta haien ongizateri begira ahaleginak egiten jarraituko du, eta horregatik mantentzen dira gizarte-partida guztiak, hala nola, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak edo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, elkarteentzako eta klubentzako diru-laguntza guztiak, kolektibo kalteberenentzako laguntzak, tupper solidario zerbitzua, elikagaien bankua... Derio ez da gelditu pandemian zehar eta martxan jarraitzen du. Azken hilabeteetan, esate baterako, Unbe eta Uribe kaleak berrurbanizatu ditugu. Aurreikusita genituen inbertsio eta proiektuen alde egiten jarraituko dugu. Baina, batez ere, premia sozial larrienei lehentasuna ematen jarraituko dugu, eta ahal den neurrian, tokiko ekonomia suspertzen lagunduko dugu, bereziki ostalaritzan, merkataritzan eta zerbitzuetan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).